Konponbiderako Giltzak manifestuaren aurkezpena

Konponbiderako Giltzak manifestuaren aurkezpena

Gaur Gernikan eragile sozial, politiko, sindikal eta norbanako ezagunekin batera aurkeztu dugun manifestua Euskal Herri osora salto egingo du orain. Manifestua herri, auzo, elkarte eta norbanako guztien esku geratzen da, hauek ere beraien atxikipena eman diezaioten. giltzak.sare.eus webgunean.

Milaka giltza izan gaitezen konponbidearen eta elkarbizitzaren ateak parez-pare zabaltzeko bidean.

HITZARTZEA:

Ekitaldi honen azken zatiari hasiera emateko, eskerrak eman nahi dizkiegu SARE Herritarra elkartearen izenean, gaur ekitaldi honetara gerturatu zareten guztioi; ikusi dugun bideoari ahotsa eta irudia eman diozuenoi, eta nola ez, euskal gizartearen zati gero eta garrantzitsuago horri, elkarbizitzaruntz aurrera egin ahal izatea eskatzen duzuenoi. Gure herriak bizi izan duen borroka bortitzaren ondorioz hautsitako hainbeste zubi berreraikitzeko premian begirada jarriz, gertatu denaz ezer ahaztu gabe, eraikitzen jarraitzen duzuenoi. Bene benetan, eskerrik asko.

2014ko ekainaren 15ean herritarren proiektu hau martxan jarri genuenean, funtsezko bi oinarrirekin egin genuen:

• Ez da proiektu alderdikoia. Euskal presoek jasaten duten eskubide urraketari amaiera ematea helburu duen proiektua da.

• Eta aldarrikapen hori gure herrian jasandako indarkeria guztien biktima guztientzat errespetu, babes eta elkartasunaren beharrarekin bat doa ere.

Bi arazoak konpontzeak gizarte bakegile batean aurrera egiten lagunduko digu.

Jakin bagenekien orduan hasi genuen bidea ez zela erraza izango, baina aitortu behar dugu ez genuela espero ETAren jarduerak amaitu eta hamabi urtera, bost urte desagertu zenetik, bi premisak konpondu gabe egongo zirenik.

Hala eta guztiz ere, esan behar dugu espetxe-politikak bilakaera garrantzitsua izan duela azken hiru urteetan. Batez ere, 34 urte iraun duen urruntze-politikaren amaierarekin. Hau bada, amaitutako etapa bat.

Baina, nahiz eta orain arte alde batera utzitako eskubideen aitortzan nabarmen hobetu den, oraindik ere Fiskaltzak eta auzitegiek, Auzitegi Nazionalak zehazki, urrun jarraitzen dute espetxe-politika justu batek lortu beharko lituzken helburuetatik.

Orain da etapa berri hau hasteko unea. Zaila, korapilatsua, baina gure elkarbizitzan aurrera egiteko funtsezkoa izango delakoan gaude.

Ez du inolako justifikaziorik salbuespenezko politika juridikoak bere horretan jarraitzea, eta, beraz, konpromiso irmoa eskatzen diegu eragile politiko, sindikal eta sozialei, espetxeetan oraindik pairatzen den salbuespenezko egoera horri amaiera emateko.

Salbuespen juridikoa da, eta, jakina, oso eragin zuzena du askatasunik gabeko pertsonengan, baina, era berean, zuzenean egiten du talka espetxeetako tratamendu-batzordeek eta Euskal Administrazioak berak hartzen dituzten erabakiekin.

Ildo horretan, tratamendu-batzordeek proposatu eta Eusko Jaurlaritzak onartu dituen gradu-progresioen % 75i helegitea jarri dio Fiskaltzak, eta asko dira espetxera eta bigarren gradura itzuli behar izan dutenak.

% 75eko portzentai horrek konparaziozko bidegabekeria bat erakusten digu, beste delitu-mota bateko presoen kasuan Fiskaltzak aurkeztutako errekurtsoak ez baitira % 25era iristen.

Horregatik, espetxean dauden pertsona horiek estres egoera nabarmenak jasaten dituzte beren espetxe-egoeraren bilakaeran. Auzitegi Nazionalean emandako erabaki judizialak, sarritan, espetxe-eremuan aplikatzekoak diren irizpide juridikoetatik urrun ebazten dira, eta horiek eragin suntsitzailea du presoarekiko.

Erabat ezberdina zen testuinguru batean sortutako jurisdikzio bereziaz jokatzen jarraitzen da. Parte hartzen duten administrazio-organoek aurkeztutako oinarri juridikoetatik urrun eta kontuan hartu gabe. Auzitegi Nazionalak uko egiten dio errealitate berria bere gain hartzeari eta zuzenbidea bihurritzen du gizarteratze-printzipioa ezagutzen ez duen bertsio bat aplikatzeko.

Askotan esan dugu, baina ez dago soberan gaur zuon guztien aurrean errepikatzea ere. Ez gara inorentzat pribilegioak eskatzen ari. EZ. Legezkotasuna eskatzen dugu. Dauden milaka presoetako beste edozein presori aplikatzen zaion legedi eta araudi bera aplikatzea besterik ez.

SAREtik egiten dugun oinarrizko eskubideen defentsaren helburua eskubide horien indarraldia bermatzea da. Birgizarteratzeak edo osasunerako eskubideak giza eskubideen nazioarteko estandarrei erantzuten diete, eta estatu demokratiko batek bere gain hartu eta sustatu behar ditu estandar horiek.

Urte asko espetxean daramatzaten presoei buruz ari gara. Batzuk 30 urte baino gehiago. Presoei dagokienez, aspaldi bete zituzten kondenaren 3/4ak, eta ezein legek ez du esaten espetxeetako harresietatik kanpo betetzeko beste modu batzuk aplikatu ezin zaizkienik.

Europako beste estatu batzuetan, hala nola Frantzian edo Belgikan, betetako espetxe urteak kontutan hartzen ez zaizkien presoez ari gara.

Gure lana egoera horretaz kontzientziatzeko eta herritarrei helarazteko lanean oinarritu da, eta horrela izaten jarraituko du. Euskal gizartean preso horien egoerari buruz gero eta gehiago partekatzen den kezka eta sentimenduaren adierazpen gisa jokatzen dugu, haien eskubideak errespetatu ez direla uste baitugu, eta sentsibilitate desberdinen arteko bizikidetza-esparru baterako ekarpen gisa.

Gaur zuen guztien aurrean aurkeztu dugu dinamika berri hau: “Konponbiderako Giltzak”. Bai. Giltza gu geuk eta guztiok izan behar baitugu. Konponbiderako giltzak.

Euskal gizarteak berak izan behar du, bere erakunde politiko eta judizialen bitartez, preso horiek beren etxeetara nola itzultzen diren erabakiko duen partaide nagusia. Salbuespenei amaiera eman nahi zaie, eta espetxe-politika arrunta aplikatuta, etxera itzultzeko bide hori irekitzen joan, kasu askotan 25 urte baino gehiagoko askatasun-gabetzearen ondoren.

Eskubideez ari gara. Giza Eskubideez ari gara, eta, horregatik ere, kontuan hartu behar ditugu biktimak.

Haien mina ikusten dugula, sentitzen dugula eta haiekin partekatu nahi dugula esan nahi diegu. Gauza askok ez zuten gertatu behar izan, baina horien aurrean giza eskubideen gure defentsa berretsi nahi dugu, eta giza eskubide guztien gure defentsa ulertzen saiatu daitezela. Demokrazia batean preso dauden pertsonek zigorrak eskubideekin betetzeko bidea dute, eta horiek ezagutzen ez badira, demokrazia bera ukatzea da. Beren eskubideak aitortzea eta sustatzea ez doa biktimen aurka. Presoen eta biktimen aurkakotasun hori falazia bat da, eta politikaren muturreko ikuspegi bat errotzea lortu du, bizikidetza normalizatuaren garaian jada posible ez dena. Biktimen mina ulertzen dugu, nola ez dugu ulertuko! Gure helburu bakarra euskal presoen oinarrizko eskubideak defendatzea da, bestelako helburu eta planteamendu politikorik gabe.

Amaitzeko, euskal gizarteari dei egiten diogu. Iaz Urtarrilaren 7an gizartearen zati handi batek salbuespenezko espetxe-politikaren behin betiko amaiera eskatuz bete zituen Bilboko kaleak.

Datorren urtarrilaren 13an, Bilbon ere kalera irtengo gara, gure herriko bizikidetzaren alde aurrera egiten jarraitzeko.Bete ditzagun kaleak giltzez, konponbidearen mesedetan.