ELKARBIZITZARANTZ AURRERA EGINEZ

ELKARBIZITZARANTZ AURRERA EGINEZ

SARE sare herritarraren eta Bake Bidearen izenean, ekitaldi honetako lehen hitzak eskerrak ematekoak izatea nahi dugu. Eskerrak eman nahi dizkizuegu, Euskal Herriko arlo politiko, sindikal edo soziala ordezkatuz, gaur hemen gurekin zaudeten guztioi. Eta baita gaur hemen egoteko aukerarik izan ez arren, gure herriak hainbeste behar duen elkarbizitza lortzeko laguntza eman diguzuen guztioi ere.

Horregatik, eskerrik asko euskal gehiengo politikoa osatzen duzuen EAJ/PNV, EH Bildu eta Unidas Podemos alderdiei. Eskaerrak ere Ipar euskal herritik etorritako EHBai eta EELVko ordezkariei. Eskerrik asko, halaber, euskal sindikalismoaren batasuna osatzen duzuenoi, gurekin batera, giza eskubideen alde lanean ari zareten elkarteei. Eskerrik asko.

Kataluniatik, zuen presentziarekin, zuen elkartasuna adierazten ari zaretonoi. MOLTES GRÀCIES, ERC, JUNTS eta CUP, ANC eta Omnium Cultural.

Baita BNGri ere. MOITAS GRAZAS, beste urte batez gurekin egoteagatik.

Pasa den urtarrilaren 3an, Donostian, irudi berri bat aurkeztu genuen garai berrirako. Emeki-emeki, gelditu gabe, hedatzen ari den garai berria da, zeinean giza eskubideen aldeko apustuak baino ezin baitu ahalbidetu hamarkada luzez bizi izan dugunarekin zerikusirik ez duen egoera. Konfrontazioa eta liskarra ordezten ari dira adostasuna, enpatia eta elkartasuna.

Iaz, leku honetan bertan, itxaropena oinarritzat hartuta, esan genuen 2022a urruntze- eta sakabanaketa-politikaren amaieraren urtea izango zela. Eta, hala da; etapa hori ia gaindituta dago.

Bidean, sufrimendu handia izan da. Indarkeria ezberdinen biktimena; gizarte traumatizatuarena, edo errepidean, hurkoak bisitatzeko egin dituzten bidaia bukaezinetan, lagun ugari utzi dituzten senideena. Baina, horrez gainera, handia izan da elkartasuna. Zorionez, euskal gehiengo politiko eta sindikalak salbuespeneko espetxe-politika bertan behera uztearen alde egin zuen.

Utopia da gure ametsa. Zergatik ez izan amets etorkizun hobea gure seme-alaba eta ilobentzat? Zergatik ez amestu hamarkada luzez elkarren aurka izan diren pertsonen arteko bizikidetzak bere bidea egingo duela?

Aberasgarria eta hunkigarria da indarkeria zuzen-zuzenean jasan duten pertsonen hausnarketak entzutea. Hunkigarria da, emaztez osatutako mahain inguru honen aitzinean izaitea. Zein garrantzitsua den zuen lekukotza! Are gehiago aurrera egiteko duzuen gogoa, ahaztu gabe, baina gorrotorik gabe! Eskerrik asko eredu izateagatik! Oraindik asko dugu zuengandik ikasteko: Rosa Lluch; Rosa Rodero; Maider García; Irantzu Benito; Mari Nieves Diez! Tamara Muruetagoiena!!

Baten batek pentsa dezake hausnarketa-mahai honekin iazko eskema errepikatu dugula. Baliteke hala izatea. Baina behar duen guztietan egiten jarraituko dugu. Ezin izango baitugu bizikidetza eraiki indarkerien biktima zuzen-zuzenak izan direnekiko enpatia izan gabe. Euskal Herrian izan den edozein indarkeriatako biktima izan direnekiko enpatia izan gabe.

Gaur, gure ahaleginen dedikazio handia eskatu duen etapa bat, urruntzearena eta sakabanaketarena Espainiar estatuan, ixten ari garela esan dezakegu. Eta, orain, beste etapa bat abiarazi dugu. Espetxe-politika arruntaren aplikazioa azkartzearena, euskal presoak etxera itzultzeko prozesua ahalbidetzeko, kasu askotan bi eta hiru hamarkadako askatasun-gabetzea ekarri duten beren kondenak bete ondoren.

Eta orain arte egin dugun bezala egingo dugu. Aldarrikapena kalera eramanda, gaur arratsaldean egingo dugun bezala, eta egoera honi amaiera emateko aukera duten instantzia politiko eta instituzional guztietara joz.

SAREk eta Bake Bideak lanean jarraituko dugu gutxieneko akordio bat lortzeko, indarkeria guztien biktimak errespetatuak izan daitezen, izan zaitezten, eragindako kaltea aitor dakizuen eta gizarte aurreratu batek bermatu behar duen erreparazioa izan dezazuen.

Enpatia. Bestearen ezagutza eta entzutea. Hori da aurrera egin ahal izateko gakoa.
Zalantzarik gabe, iraganean iltzatutako instantziak ditugu aurrez aurre. Hemen ezer ez dela aldatu edo oraindik ere ETA hor dagoela transmititu nahi duten erakundeak, komenientziak eta pentsamoldeak ditugu aurrez aurre. Hala, arlo judizialean, Auzitegi Nazionaleko fiskaltza tematuta dago espetxe-politika arrunta aplika ez dadin.

Guk ulertzen dugu epaileek edo fiskalek ideologia bat izatea. Baina salatu nahi dugu ideologia hori haien erabaki judizialetan islatzen ari direla, eta, sistematikoki, presoei dagozkien eskubideak murrizten dizkietela. Ez dugu pribilegiorik eskatzen. Eskatzen duguna da salbuespenik ez egotea, adibidez aspaldi eta, argiago, duela hilabete batzuetatik hona ematen ari diren salbuespenak.

Mesede eskasa egiten zaio justiziaren sinesgarritasunari espetxeetako tratamendu-batzarren erabakiak etengabe errekurritzen direnean eta EAEko espetxe-administrazioak onetsitako gradu-progresioak atzera botatzen direnean.

Politika Auzitegi Nazionaleko ateetatik sartzen denean, justiziak leihotik alde egiten du.

ETA oraindik ere existitzen dela zabaldu nahi duten zoritxar-igarleei gogorarazi behar diegu ETAk orain dela 12 urte hartu zuela behin betiko su-etena ezartzeko erabakia, erakundea desegin arte. Aurrera egiteko, elkartzeko, besarkatzeko unea da. Eta beren marmotaren egunean harrapatuta daudenei esan behar diegu gu ez geldiarazteko. Gu gurera. Aurrera. Aurrera. Aurrera, ahaztu gabe, gorrotorik gabe.

Bidezkoa da indarkeriaren gero eta biktima gehiagok izandako eskuzabaltasuna aitortzea. Biktima diren aldetik dagokien errespetua eskatzeaz gainera, euskal presoak oraindik ere jasaten ari diren eskubideen urraketari aurre egiteko beste modu bat defendatzen dutenean.

Egiaztatuta dago euskal gizarteak aurrera egin nahi duela bidezko bakea lortzeko, oroimenarekin, baina faktura erantsirik gabe eta alde bateko interesik gabe. Horregatik, batzuen mezuaren oinarri den «garaileen eta garaituen» agertokiak honako helburu inplizitua dauka: konfrontazioa iraunaraztea. Gaur, eman diren urratsak eta gero, inoiz baino zentzu gutxiago du; adiskidetzearen logikatik urrunen dagoen egoera da.

Sarreran, SAREk duela egun batzuk publiko egin duen dokumentua eman dizuegu. Bertan, aurrerapausoak jaso ditugu, baita blokeo diruditen alderdiak ere.

Asko laburtuta, urruntzearen arazoa behin betiko konpontzeko bidean dago. Baina salbuespen-politika indarrean dago oraindik, eta euskal presoek hari lotuta jarraitzen dute. Auzitegi Nazionaleko fiskaltzaren blokeo-jarrera eta EAEko espetxe-administrazioaren erabakien aurka etengabe aurkezten dituen errekurtsoak izan behar dira gure lanaren ardatza hemendik aurrera.

Lege arruntaren, zuzenbidearen eta logikaren emaitza den normaltasun juridikoa baliatu ordez, Auzitegi Nazionalak ahalmeneko eskumena baliatzen du legea interpretatzeko, baita politika interesatuaren emaitza den arbitrariotasuna ere.

Dokumentu horretan gauza asko esaten ditugu, baina datu objektibo bat esan nahi dizuet. Espetxe-politika arrunta aplikatuta, 110 euskal preso erdi-askatasunean egongo lirateke gaur egun, edo baita baldintzapeko askatasunean ere. Nahi dugu zuek datu hori barneratzea, horretan zentratuko baititugu gure indarrak.

Espetxe-politikak salbuespenaren sinonimo izateari utzi behar dio, orain. Espero dugu euskal espetxe-administrazioak normaltasun-irizpideak ardatz izaten jarraitzea, alde batera utzita, orain dela hiru hamarkada baino gehiago erabat ezberdina zen egoera politiko eta sozial batean ezarri zen salbuespen-legeria.

Ez dugu amaitu nahi azken hausnarketa bat nabarmendu gabe. Akats bat da izandako eskubide-urraketei buruzko kontakizun bakarra adosten tematzea. Bide horretan, huts egingo dugu.

Herri hau pentsamolde guztiek osatu eta eraikitzen dute. Beti izango dira oroimenak eta kontakizunak, pluralean, dauden erakunde nazional, sozial eta politikoen eta haien esperientzia kolektiboen arabera. Baina baliteke puntu bateratu egiaztatu batzuk izan ahal izatea. Horretan ahaleginduko gara.

Adibidez, asko aurreratuko genuke konpromisoa erdietsiko bagenu giza eskubideen nagusitasunaren inguruan, ukiezinenetik hasita, hau da, bizitzeko eskubidetik. Bizitzeko eskubidea aitortzearekin batera, torturaren oroimena eta beste eskubide batzuen urraketa aitortu behar dira. Eta ez besteak minimizatzeko, neurtzeko neurri bikoitzaren hipokrisia eragozteko baizik.

Egin dezagun bidea, guztion artean. Eskerrik asko.