Donostian egin den Manifestaziorekin amaitu da Gipuzkoako «Ibilian-ibilian etxerako bidean» dinamika

Donostian egin den Manifestaziorekin amaitu da Gipuzkoako «Ibilian-ibilian etxerako bidean» dinamika

Sarri luzea da bidea, batzuetan malkartsua, besteetan bidegurutzez betea. Baina bidea da bide, nonbaitera iristeko bide. Norberak egiten duena edota taldean. Izan ere, bidea egin egiten da. Urratsez urrats, ibilian-ibilian.
Ibiltari, ez dago biderik; ibilian-ibilian egiten da bidea. Hala esan zuen Antonio Machadok. Eta hala erakutsi du urteen joanak. Gaur, eskerrak ematea dagokigu. Eskerrak eman behar dizkizuegu zuei guztioi zuen konpromisoagatik, zuen elkartasunagatik eta zuen aktibazioagatik. Zuek gabe inoiz ez ginen iritsiko orain gauden lekura. Denok espero genuen eta, batez ere, 30 urtetik gora milaka kilometrora urrunduta egon diren euskal presoen senideek eta lagunek espero zuten une honetara. Gaur, amaieraren hasieran gaude. Urruntze-politikaren amaieraren hasieran. Atzean utzi ditugu urrunen zeuden kartzelak. Orain, etapa berri bati ekin behar diogu. Orain, ibiltzen jarraitu behar dugu bidea egiten jarraitzeko: euskal preso guztiak etxera itzultzeko bidea.

Eskerrik asko. Mila esker zuen konpromisoagatik, zuen elkartasunagatik eta zuen aktibazioagatik. Hori gabe ez ginatekeen sekula honaino iritsiko. Ekimen eta ekintza txiki bakoitzarekin, kalera irten den pertsona bakoitzari esker, antolatu garen herri eta auzo bakoitzean sortutako dinamikei esker, aldaketaren motorra garela erakusten ari gara; elkarbizitzan aurrera egin eta bakea ipar duen motorra.

Etapa berri bati hasiera ematen ari gara; urruntze politika atzean utzi eta euskal preso eta iheslarien etxerako bidea egiteko etapari. Eta horretan ari gara gaur ere. Bi aldarri nagusiren baitan: euskal preso guztien euskalherriratzea eta graduen progresioa. Hori da datozen hilabeteetan ahalbidetu beharreko bidea. Horixe baita euskal presoak etxeratzeko jarraitu beharreko bidea. Legez, Euskal Herritarrak diren heinean, zigorra hemengo espetxeetan betetzea baitagokie. Eta gainontzeko presoei ezartzen zaien legedi arrunta jarraituz, 3/4ak beteak izatean, baimenak eta baldintzapeko askatasuna eskuratzeko aukera izatea. Ez gara inolako pribilegio ez mesederik eskatzen ari. Preso den pertsona oro gisa, euren eskubideak errespetatu eta legea betetzeko eskatzen ari gara.

Finean, urteetan indarrean egon den salbuespeneko espetxe politikarekin amaitzera goazela esaten ari gara. Orain arte moduan, zuon guztion indar eta bultzadaz.

Eta horretarako, gaur manifestazioan zehar batu ditugun aldarriak ere erreparatu behar ditugu. Izan ere, salbuespen legediak ertz asko ditu, eta oraindik ere, aipatutako urratsak eman diren arren, badira askatu beharreko korapiloak espetxe politikaren baitan:

Batetik, larriki gaixo diren presoen korapiloa askatzea dagokigu. Urte guzti hauek agerian utzi dute espetxea eta gaixotasuna ez direla uztargarriak, ez bada, berau heriotzara kondena bilakatzeko. Tamalez, behin baino gehiagotan bizi behar izan baitugu amaiera lazgarri hori. Legeak ere, hala dela adierazten digu, gaixo den presoak zigorra etxean, senideen babesean eta konfiantzazko medikuaren jarraipenarekin betetzeko aukera jasotzen baitu. 19 dira gaixotasun larria pairatuz oraindik espetxean mantentzen dituzten euskal presoak. Preso bakar batzuen kasuek, beharrezko zentroetara edo etxera eraman dituzten horienak, baldintza egokietan gaixotasunari aurre egin dakiokeela erakutsi digute. Heriotza gehiago bizi ez ditzagun, larriki gaixo diren presoak etxean egon behar dute.

Bestetik, preso diren emakumeen korapiloa askatu beharrean gaude. Espainiar zein Frantziar espetxeetan preso diren emakumezkoak oraindik urrunketa eta bakartze egoera jasaten ari baitira. Sarri esan izan dugu emakume presoek zigor bikoitza jaso dutela, batetik, epaiak ezarritakoa eta bestetik emakume izateagatik gehitzen zaiena. Salbuespen legediak ezartzen dituen ezohiko neurriez gain, emakumezkoak emakumeentzat prestatuta ez dauden espetxeetan igaro behar dute euren zigorraldia, eta sarri, sakabanaketaren ondorioz beste kiderik gabe egotea tokatu zaie, honek dakarren isolatze sentipena jada gogorra den egoerara gehituz. 29 dira guztira bi estatuetan preso diren emakumezkoak. Gaur ere, zigor bikoitz horrekin amaitzeko eskatzen ari gara, emakumezko preso guztiak lehentasunez euskalherriratu ditzaten, bakartze eta urruntze egoerarekin behingoz amaitzeko.

Emakumeen kasuan gertatu ohi den moduan, antzeko zerbait gertatzen da ere familia izatea erabaki duten presoekin ere, espetxea ez baitago eskubide hori duin bermatzeko pentsatua, are gutxiago salbuespen legedia ezartzen denean. Motxiladun haurrek, aita, ama edo biak espetxean dituzten haur, nerabe eta gazteek, urte guzti hauetan kilometroak egitera behartuak egon dira, euren gurasoen besarkada jaso ahal izateko. Oraindik ere, kilometro gehiegi daude batzuen zein besteen artean. Covid egoerak ez du hori samurtzen lagundu, kontrara, kontaktua ere etetea ekarri baitu, haur batzuen kasuen urte’terdi luzez. Haur hauek gurasoekin egoteko duten eskubidea eta preso diren pertsonak guraso izateko eta familiarteko bizitza izateko duten eskubidea da ezohiko espetxe politika honek birrintzen duena. Berriro ere, berehalako euskalherriratzea eskatzen dugu eta Euskal Herriko espetxeetan familia moduluak ahalbidetzea. Bestelako politika bat egin nahi bada, haurren eskubideak eta familiarako eskubidea erdigunera ekarri behar dugu.

Genion moduan, salbuespen legediak erpin asko ditu. Hala da ere, preso adinduen kasuan. Zigorraren zati handiena betea izan arren eta 65 urtetik gora izan arren, espetxean jarraitzen dute, Euskal Herritik kanpo dauden espetxeetan ere, baimenik eskuratu gabe eta hirugarren gradura igaro gabe, euren etxerako prozesuan aurrera egin ezinik.

Hauek dira gaur egin dugun ibilbidean zehar islatu nahi izan ditugun aldarriak. Baina gaurkoak, bereziki beste aldarri bat ere gehitu nahi dugu aipatutakoei; denbora da Sarek 7/2003 legea bertan behera geratzeko eskatzen duela, lege honek 60 preso ingururi eragiten die eta, finean, bizi osorako espetxe zigorra era kamuflatuan ezartzea dakar.

Amai dezagun egoera honekin. Jarrai dezagun urratsak ematen. Jarrai dezagun ibiltzen. Jarrai dezagun bidea egiten. Etxerako bidea. Elkarbizitzarako eta bakerako bidea.

Ez gaitezen geratu, segi dezagun mugimenduan. Horregatik, gaur, gurekin bidea egiten jarraitzeko eskatu nahi dizuegu, datozen hilabeteetan Euskal Herriko luze zabalean antolatzen ari garen mobilizazio eta ekimenetan parte hartuz, eta bereziki, datorren urriaren 23an Donostian egingo den mobilizazio orokorrean.

Leave a reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Datozen ekimenak