Euskal preso guztien euskalherriratzea eta graduen progresioa eskatu dute gaur Gasteizen

Euskal preso guztien euskalherriratzea eta graduen progresioa eskatu dute gaur Gasteizen

Sarri luzea da bidea, batzuetan malkartsua, besteetan bidegurutzez betea. Baina bidea da bide, nonbaitera iristeko bide. Norberak egiten duena edota taldean. Izan ere, bidea egin egiten da. Urratsez urrats, ibilian-ibilian.

Ibiltari, ez dago biderik; ibilian-ibilian egiten da bidea. Hala esan zuen Antonio Machadok. Eta hala erakutsi du urteen joanak. Gaur, eskerrak ematea dagokigu. Eskerrak eman behar dizkizuegu zuei guztioi zuen konpromisoagatik, zuen elkartasunagatik eta zuen aktibazioagatik. Zuek gabe inoiz ez ginen iritsiko orain gauden lekura. Denok espero genuen eta, batez ere, 30 urtetik gora milaka kilometrora urrunduta egon diren euskal presoen senideek eta lagunek espero zuten une honetara. Gaur, amaieraren hasieran gaude. Urruntze-politikaren amaieraren hasieran. Atzean utzi ditugu urrunen zeuden kartzelak. Orain, etapa berri bati ekin behar diogu. Orain, ibiltzen jarraitu behar dugu bidea egiten jarraitzeko: euskal preso guztiak etxera itzultzeko bidea.

Eskerrik asko. Mila esker zuen konpromisoagatik, zuen elkartasunagatik eta zuen aktibazioagatik. Hori gabe ez ginatekeen sekula honaino iritsiko. Ekimen eta ekintza txiki bakoitzarekin, kalera irten den pertsona bakoitzari esker, antolatu garen herri eta auzo bakoitzean sortutako dinamikei esker, aldaketaren motorra garela erakusten ari gara; elkarbizitzan aurrera egin eta bakea ipar duen motorra.

Etapa berri bati hasiera ematen ari gara; urruntze politika atzean utzi eta euskal preso eta iheslarien etxerako bidea egiteko etapari. Eta horretan ari gara gaur ere. Bi aldarri nagusiren baitan: euskal preso guztien euskalherriratzea eta graduen progresioa. Hori da datozen hilabeteetan ahalbidetu beharreko bidea. Horixe baita euskal presoak etxeratzeko jarraitu beharreko bidea. Legez, Euskal Herritarrak diren heinean, zigorra hemengo espetxeetan betetzea baitagokie. Eta gainontzeko presoei ezartzen zaien legedi arrunta jarraituz, 3/4ak beteak izatean, baimenak eta baldintzapeko askatasuna eskuratzeko aukera izatea. Ez gara inolako pribilegio ez mesederik eskatzen ari. Preso den pertsona oro gisa, euren eskubideak errespetatu eta legea betetzeko eskatzen ari gara.

Finean, urteetan indarrean egon den salbuespeneko espetxe politikarekin amaitzera goazela esaten ari gara. Orain arte moduan, zuon guztion indar eta bultzadaz.

Esaten ari garena da bertan behera utzi behar dela salbuespen politika hau, urteetan eta urteetan mantendu dena eta eskubideak urratu dituena, espetxeko egonaldi amaigabeak gogortuz eta senide eta lagunei urte luzeetako sufrimendua ezarriz. Eta gaur ez ditugu ahazten gaixotasun larriak izan arren oraindik espetxean dauden presoak; haietako askok ez daukate sendatzeko aukerarik eta hiltzear daudenean baino ez diete uzten etxera bueltatzen. Bat gehiago ere ez. Gaixotasun larriak dituzten preso guztiak kartzelatik atera behar dituzte berehala. Pasatzen den egun bakoitza egun bat gutxiago da dituzten gaixotasunei aurre egiteko borrokan.

Amai dezagun horrekin. Jarrai dezagun urratsak ematen. Jarrai dezagun ibiltzen. Jarrai dezagun bidea egiten. Etxerako bidea. Elkarbizitzarako eta bakerako bidea.

Ez gaitezen geratu, segi dezagun mugimenduan. Horregatik, gaur, gurekin bidea egiten jarraitzeko eskatu nahi dizuegu, datorren urrirako antolatu dugun ekimenean. “Ibilian-Ibilian, etxerako bidean” lelopean, urriaren 7, 8 eta 9an gau eta egunez, geratu gabe, Araba zeharkatuko duen martxa ibiltarira gonbidatu nahi zaituztegu.

Hori da; berriro eskatzen dizuegu ez gelditzeko, gurekin bidea egiten jarraitzeko, eta, “Ibilian-Ibilian, etxerako bidean” lelopean, urriaren 7, 8 eta 9an gau eta egunez, geratu gabe, Araba zeharkatuko duen martxarekin bat egiteko.

Guztion artean lortuko dugu.