Bizikleta Itzulia eta udako hiriburuetako mobilizazioak aurkeztu ditu SAREk

Bizikleta Itzulia eta udako hiriburuetako mobilizazioak aurkeztu ditu SAREk

Datorren ekainaren 18an lau urte beteko dira Sanchez presidenteak publikoki esan zuenetik Espainiako Gobernuak prozesu bati ekingo ziola hiru hamarkada luzez aplikatutako salbuespeneko espetxe-politika kentzeko eta espetxe-politika arrunta ezartzeko.

Adierazpen horrek itxaropena sortu zuen euskal presoen eta haien senideen artean, baita euskal gizarteko pertsona askorengan ere.

48 hilabete pasatu dira, eta aurrerapausoak eman dira preso horien urruntzeari dagokionez, baina oraindik asko falta da Espainiako Gobernuak duela lau urte hartu zuen konpromiso hori betetzeko.

Datuek moteltasun ulertezin bat islatzen dute, are gehiago azken asteetan: 195 euskal presoetatik, 19 Frantziako espetxeetan daude; 70, Espainiako espetxeetan, eta 106, Euskal Herriko espetxeetan.

Hau da, bi urte geroago, %36 Espainiako espetxeetan dago oraindik.

Gradu-progresioetan dagoen blokeoa aipatu nahi dugu ere.

Egia da azken urtean ia guztiak pasatu direla espetxeko lehen gradutik bigarrenera, baina ezin da ahaztu 21 preso bakarrik pasatu direla bigarren gradutik hirugarrenera, nahiz eta 60 presok horretarako baldintzak betetzen dituzten, bete duten kondenaren zatia aintzat hartuta.

Baina, gaur, batez ere salatu nahi dugu ia bi hilabete pasatu direla hurbilketa bat ere egin gabe. Ez dago arrazoirik eten horretarako; ez dauka inolako zentzurik. Eta hori gertatzen den bitartean, euskal preso horien senideek ehunka kilometro egiten jarraitzen dute 40 minutuko bisitak izateko. Eta, beraz, euskal presoen eta haien senideen eskubideak urratzen jarraitzen dira.

Espainiako Gobernuari eskatzen diogu orain dela 48 hilabete iragarri zuen konpromisoa betetzeko. Gehiago atzeratu gabe. Eskubideez ari gara; ez dira pribilegioak. Espetxe-araudia salbuespenik egin gabe betetzeaz ari gara; hori da eskatzen duguna.

Eta hala ez den bitartean, bizikidetzaz, memoriaren kontakizun partekatuaz, eta, azken finean, justiziaz eta bakeaz hitz egitea ameskeria bat izango da, zoritxarrez. Gizarteak hori guztia eskatzen du, eta guztion eta gutako bakoitzaren erantzukizuna da errealitate bihurtzea. Bidea egiten jarraitu behar dugu, elkarrekin, bizikidetzaren alde, bakearen alde eta salbuespeneko espetxe-politika ezarrita duten euskal preso guztiak etxera bidea egitearen alde.

Sarek bide hori egiten jarraituko du, eta herritarrei eskatzen die guztiontzat hain beharrezkoa den aldaketa hori sustatzen jarraitzeko. Hala egingo dugu uda honetan ere. Urratsak ematen jarraituko dugu, kilometroak egiten Izan Bidea dinamikaren barruan, espetxe-politika horren amaiera eta salbuespen-neurrien amaiera aldarrikatzeko.

Hori dela eta, udako hilabeteetan egingo ditugun jarduketen berri eman nahi dizuegu, urriaren 8a ahaztu gabe, egun horretan milaka pertsona elkartuko baikara Donostian, “Etxera bidea gertu!” lemapean.

Batetik, iragarri nahi dizuegu Sareren bosgarren bizikleta martxa. Aurten, aipatutako lema horrekin, berriro ere ondoz ondoko hiru egunekoa izango da itzulia. Azken bi urteetan ezin izan dugu hala egin pandemiaren ondorioz. Aurten, bai. Uztailaren 22an hasiko da Etxarrin (Nafarroa) eta Durangoraino (Bizkaia) joango da, Arabatik pasatuta. Uztailaren 23an, Durangotik Azpeitira (Gipuzkoa), eta uztailaren 24an bide laburragoa egingo du, Azpeititik Donostiara. Amaitzeko, ekitalditxo bat eta luntxa izango dugu hiriburura hurbiltzen diren guztientzat. Gaurtik aurrera eman ahal duzue izena gure webgunean, bizikleta martxaren atalean. (https://sare.eus/bizikleta-itzulia)

Martxa horretaz gainera, uda honetan berriro hartuko ditugu Iruñeko, Gasteizko, Donostiako eta Bilboko kaleak, jaietan. Ekainaren 18an Iruñean egingo dugu manifestazioa, 18:00etan, Intsumisio parkean hasita; abuztuaren 3an, Gasteizen, 18:00etan, Bilbo plazan; abuztuaren 20n, Donostian, 12:30ean, Bulebarrean, eta abuztuaren 26an, Bilbon, 13:00etan, Eliptikatik irtenda.