“Ibilian-Ibilian etxerako bidean” udako kanpainari hasiera eman dio Sarek

“Ibilian-Ibilian etxerako bidean” udako kanpainari hasiera eman dio Sarek

15.000 lagun inguru mendian gora jarri dituen ekimen eder bat egitetik gatoz, herritarren aktibazio eta parte hartzearekin pozik eta indarberrituta. Pandemia hasi zenetik hilabete gogorrak izan dira guztiontzat, baina, esan beharra dugu, Saretik oso pozik gaudela guztion artean lortutako kale aktibazioarekin eta presoen etxerako bidea ahalbidetzeko eman ditugun urrats sendoekin.

Gaur fase berri bati emango diogu abiada. Urtebete igaro da pasaden maiatzean Izan Bidea, Ibiltarien Sarea dinamika, aurkeztu genuenetik. Ordutik, ehunka ekimen eta erronka burutu dira Euskal Herriko herri eta auzoetan.

Konfinamendu garaian etxez etxe elkartasun eta babes argazkiak jaso genituen; udan zehar, hiri eta herrietan kirol erronkak, mendi irteerak, manifestazioak, giza kateak…; urrian, Resolution mezuaren pean, 600 lagunez osatutako mosaiko ederra marraztu genuen Kontxan, ordezkaritza politiko eta sindikal anitz eta zabalenarekin eta, urtarrilean, Euskal Herriko ia herri guztietan mobilizazioak antolatu genituen etxerako, elkarbizitzarako eta bakerako bidea garela aldarrikatuz. Kasu honetan ere, urtarrilean inoiz batu dugun ordezkaritza politiko eta sindikal zabalenarekin.

Gaur, Sareko hainbat kide batu gara, aurtengo udako kanpaina aurkeztu eta hemendik eta urrira bitarte martxan jarriko ditugun ekimenen berri emateko. Egutegi oparoa prestatu dugu. Izan ere, bizi dugun une garrantzitsu honetan, hasitako bidea muturreraino eramateko, hau da, salbuespenezko espetxe politikarekin amaitu eta bizikidetzan aurrera egiteko, herritarren bultzada ezinbestekoa dela uste dugu, honaino iritsi bagara, horri esker izan baita. Horregatik, urratsak egiten jarraitzeko, bidea egiten jarraitzeko Euskal Herritarrak ibilian jarri nahi ditugu, “Ibilian-Ibilian, etxerako bidean” lelopean herrialdez herrialde antolatuko ditugun martxa eta erronken bitartez.

Mugimenduan den herria izan nahi dugu. Mugimenduan hain beharrezko dugun eta abiatu berri den aldaketa benetakoa izan dadin.

Kanpaina honi abiapuntua gaur bertan ematen diogu.
• Gaurtik aurrera eta abuztuaren 21a bitarte, Gipuzkoak eskualdez eskualde ekimen eta mobilizazio maratoia abiatuko du, bi astean behin eskualde bati egokituz eta hurrengoari testigua pasaz. Amaiera abuztuaren 21ean emango diote, Donostiara egingo den martxa eta herrialde mailako mobilizazioarekin, eskualde guztiak bertan batuz.

• Uztailean, azken urteetan egin izan dugun moduan, Hego Euskal Herriko lau lurraldeak igaroko dituen bizikleta itzulia antolatu dugu, uztailaren 22, 23 eta 24ean.

• Uztaila eta abuztuan, hiriburuetan aldarri konkretuak barnebilduko dituzten manifestazioak egingo ditugu, uztailaren 3an Iruñean hasiz. (abuztuaren 3an Gasteizen, abuztuaren 21ean Donostian, abuztuaren 27an Bilbon.

• Irailean, gipuzkoarrei testigua hartuaz, Bizkaia, Araba eta Nafarroako dinamiken txanda izango da. Bizkaitarrak hasiko dira abuztua amaieran. Nafarrak gau eta egun iraungo duen martxa ibiltaria egingo dute irailaren 29tik urriaren 2ra eta ostean Arabarrek emango diote amaiera.

• Azkenik, urriaren 23an mobilizazio orokor batekin emango diogu amaiera “Ibilian-Ibilian etxerako bidean” kanpainari Donostian.

Esan bezala, urratsak ematen jarraitzeko asmoa dugu. Ibilian, ibilian bidea egiten jarraitzekoa. Eta horretara animatu nahi zaituztegu Euskal Herri osoko herritarrak. Izan gaitezen aldaketa honen bultzatzaile. Izan gaitezen ibiltari etxerako bidean.

Izan Bidea abestiak dioen moduan:
“Ibilian-ibilian,
dabilen bidea (gara),
etor zaitez gurekin,
(eta) izan (zaitez zu ere) bidea”