ZER DA SARE?
Pertsona ezberdinen artean osatutako herritarren sarea da. Giza eskubide guztien alde dauden pertsona guztiak biltzeko bokazioa du Sarek. Pertsona ezberdinek euskal preso, iheslari eta deportatu guztien giza eskubideen alde egingo dugu lan.
Herritarrak izango gara protagonista. Pertsona bakoitza sarearen puntu bat izanik, bakoitzak bere inguru naturalean egingo du lan, berdin eremu akademikoan, kulturalean, kirolaren esparruan, herrian edota auzoan. Eta elkarren artean lotuko gaituena, aipatu duguna lan komuna izango da: euskal preso, iheslari eta deportatu guztiak euren giza eskubideen jabe izatea.
NONDIK DATOR?
Sentsibilitate ezberdinetako hainbat norbanakok bat egin genuen, martxoaren 15ean publiko egin zen San Telmo adierazpenean. Bertan, konponbidea ahalbidetuko lukeen gatazkaren ondorioen gaineko gutxieneko adostasuna biltzen zen.
Eta bertatik sortu zen euskal preso, iheslari eta deportatuen giza eskubideen alde lan egiteko beharra. Honela, ekainaren 15ean SAREren aurkezpena egin genuen Donostian.
ZER EGINGO DUGU?
Presoen urruntzea ahalbidetzen duen sakabanaketa politikaren amaiera, pertsona hauek euskal herriratuz. 25 urtez iraun duen neurri hau mantentzeak, presoentzat ez ezik, beraien ingurune hurbilarentzat sufrimendua, eta ondorio larriak, dakartza, heriotza barne. Mendekuan oinarritutako neurri politiko bat izan zen sakabanaketa. Garai berri honetan, neurri politiko berri batek sufrimendu guzti honekin amaitu behar du.
Bizi osorako zigorra eta espetxealdi luzapena ahalbidetzen duten lege eta egoerak indargabetzea. Hala nola, “perpetuite” estatu frantsesean eta 40 urtetako espetxealdia estatu espainolean.
Gaixotasun larriak dituzten presoen kaleratzea. 70 urtetik gorako adina duten presoak eta zigorraren 3/4k eta 2/3ak beteta dituztenen kaleratzea.
Presoa, pertsona gisa suntsitzea ahalbidetzen duen isolamendu eta bakartze egoerekin amaitzea.
Oraintxe aipatu ditugun salbuespen neurriez gain, espetxean egoteak ahalbidetzen dituen eskubide urraketei amaiera ematea bilatzen dugu. Hala nola, ama, aita eta umeen eskubideak bermatzea, presoaren intimitatea babestuz harremanak eta komunikazioa gauzatzea, euskaraz mintzatu, komunikatu eta ikasteko eskubidea errespetatzea, ikasketak inolako trabarik gabe gauzatzeko eskubidea izatea eta emakume presoen kasuan emakume izate hutsagatik ematen diren urraketak amaitzea.
Era berean, deportatu eta iheslarien giza eskubideak ere errespetatuak izan behar dira.
Esandakoarekin bat egiten duen norbanako orok izango Sare herritar honetako puntu eta lagun.
Gure proposamenak interesgarriak direla uste baduzu, gure helburuekin bat egiten baduzu, parte hartu nahi baduzu eta diru-laguntza eman, Sareko bazkide egiteko aukera daukazu. Gonbidatuta zaude. Horrela, sarekide, ehuntzen ari garen Sareko partaide izango zara, zuk ere sarea osatuko duzu.