Euskal Herri osoan zehar, milaka lagunek bidea egin dugu 650 tontorretaraino.

Euskal Herri osoan zehar, milaka lagunek bidea egin dugu 650 tontorretaraino.

Bidea, bizitzaren metafora da… eta tontorra, helburuarena… Zenbat poema ederren sorburu izan diren bi hitz horiek; Machadoren ahotan «caminante no hay camino, se hace camino al andar» edo Mario Benedettiren idatzietan «no te quedes inmóvil al borde del camino». Izan ere, bidea bizitzaren abentura da.

Mendia pasioz maite dugunok bideetan ematen ditugu unerik ederrenak. Bertan dira gure amets eta ilusio handienak, baita gure nahigabe handienak ere. Nahi beste bide daude nahi beste tontorretara joateko. Eta gaur, Euskal Herri osoan zehar, milaka lagunek bidea egin dugu 650 tontorretaraino.

Konpon-bidea. Preso eta iheslarien etxerako bidea. Elkarbizitzarako eta bakerako bidea. Horixe da urratsez urrats gaurkoan hemen bildu garenok egin dugun bidea. Izan ere, azken urteetan argi erakutsi dugunez, herritarrok preso eta iheslarien auzia behin betikoz konpontzeko nahia dugu. Hasteko, bidegabea delako egun oraindik indarrean den ezohiko espetxe politika hau.

Euskal presoei legedi arrunta ezarriz gero, larriki gaixo diren presoek eta zigorraren 3/4 beteta dutenek jada etxean behar lukete eta, graduen progresio naturala dela medio, presoen gehiengoa hirugarren graduan litzateke, baimenekin dagokien gizarteratze prozesua osatuz.

Bidegabekeria honekin amaitzeko ari gara maldan gora eta behera bidea eginez. Eta bide horretan, lehen urratsak ematen hasiak dira. Euskal presoen gerturatzea ematen hasia da; urruntze politikarekin amaitzeko oraindik ere mugimendu sendorik egin ez arren, tantaka-tantaka distantzia laburtzen hasiak gara. Baita, graduen progresioari dagokionean ere, oso gutxinaka bada ere, ate berriak zabaltzen hasi dira. Argi dugu aldaketa hauek ez direla nahikoa, baina bide berriak zabaltzeko baliatu behar ditugu. Inoiz baino garrantzitsuagoa da kalean gure konponbidera eta presoen etxeratze prozesua garatzeko nahia azaleratzea, gehiengoaren nahia. Bultzada hori gabe ez baita sekula etxerako bidea burutuko. Horretan jarraitu behar dugu, beraz, senide eta lagunen sufrimendu hori eragotzi baitezakegu. Legea errespetatze hutsarekin gainera.

Gaur hemen batu garenok elkarbizitzara eta bakera eramango gaituen bidearen parte izan nahi dugu. Zerbait badakigu bideez, maiz suertatu zaigulako bide berriak urratzea inork zapaldu gabeko parajeetan. Badakigu bakera eta bizikidetzara daraman bidea harkaitz gogorrean ireki behar dela, pazientziaz eta irmotasunez. Baina ireki daiteke. Bai horixe.

Jakina, zenbat eta esku gehiago bidea irekitzeko, orduan eta errazagoa eta azkarragoa izango da tontorrerainoko bidaia. Hortaz, gaurkoan ere herritar guztiei helarazi nahi diegu deia, auzolan handi honetan parte har dezaten. Gaur mendian batu gara. Bihar herrian. Eta datozen hilabeteetan, Izan Bidea dinamikaren baitan deituko diren dozenaka dinamiketan. Segi dezagun bidean, tontorreraino!

Leave a reply

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko.

Datozen ekimenak