‘Etxera’ lelopean, presoen eskubideen alde egingo dute Bilboko Aste Nagusian hilaren 23an
Beste behin ere, hemen gaude, Bilboko Aste Nagusian, “Etxera” lelopean antolatu dugun manifestazioaren berri emateko. Beste urte batez, Bilboko konpartsek eta Sare Herritarrak elkarlanean antolatu dugu. Tamalez, oraindik mobilizazio hau deitu beharrean gaude, oraindik presoen eta iheslarien egoera normalizatzeko pauso asko eman behar direlako.
34 urte baino gehiago eman ditugu urruntze politikaren amaiera eskatzen, ankerra eta gizagabea zelako. Baina urruntze politika gainditu izanak, ez du ekarri euskal presoen eskubideen urraketaren amaiera. Etxerako bidea oztopatzen duten salbuespen neurriak eta eskubide urraketak arau direlako oraindik.
Mendekuan oinarritutako jarrerak dira, konponbidea zapuztu eta herri hau iraganera iltzatu nahi dutenak. Askotan esan dugu ez dugula inongo pribilegiorik eskatzen: Salbuespena indargabetu eta lege arrunta aplikatuz, euskal preso guztiak etxera bidean jartzeko unea da.
Etxean nahi ditugu. Bai, ETXERA. Elkarbizitzan aurrera urratsak emateko, konponbidean jarri behar dugu preso, iheslari eta deportatuen auzia. Eta helburu hori errealitatea izan dadin, den-denok behar zaituztegu.
Aurrera egiteko unea da gurea. Bizi dugun gatazkaren konponbide prozesuari behingoz aterabide osoa emateko prest gaudela adierazi eta gure artean falta ditugun euskal preso, iheslari eta deportatuak jaietan ere gure artean nahi ditugula adierazteko unea da gaurkoa.
Zentzu honetan abuztuaren 23an, “Bizkaiko Etxera Egunean” parte hartzera deitzen dugu jendartea, gurekin batera ETXERA aldarrikapen izatetik errealitate izateko eskatzera. Eguna 13:00etan hasiko da plaza eliptikatik eta udaletxean amaituko den MANIFESTAZIO girotsuarekin. 15:00etan, Herri Bazkari bat egingo da txosnagunean eta amaitzeko 17:30etan, atzekalden, erromeria eta ekitaldi xume bat egongo da.
Salbuespen neurriak stop! Behingoz, konponbidea! Denak ETXERA!