BORONDATEAK BATZEKO EKIMEN BAT
Sarek hasiera ematen dio gaur Euskal Herriko hiriburu guztietara joango diren dinamika batzuei, HELMUGA DENAK ETXERA goiburuarekin euskal gizartea urtarrilaren 9ko manifestazioaren garrantziaz ohartarazteko eta borondateak batzeko, jendetsuena ez ezik modu iraunkorrean antolatzen den azkena ere izan dadin, gure helburuak lortzen joaten bagara.

Dinamika guztiak hainbat elkarte eta sindikaturekin batera egingo ditugu, bai eta kulturaren, kirolaren edo unibertsitatearen arloko eragilerekin ere. Finean, gure gizartearen pluraltasuna ordezkatzen dute sektore guztiekin.

Izan ere, Sare sortu zenetik defendatu dugunez, erreibindikazio hauek euskal gizartearen zati handi baten ahalegin kolektiboaren fruitua dira. Denon artean egin ezean ez baita egingo.

Horrexegatik, hiriburuetako ekitaldi hauek -gaurkoa, Bilbon; bihar, irailak 23, Baionan; 24an, Gasteizen; eta biharamunean, Iruñean eta Donostian- ibilbide honetan ondoan izan ditugum erakunde eta eragile batzuekin batera egingo ditugu.

Urte asko eman ditugu lanean elkarrekin, pluraltasunean, ahalegin partekatuekin, eta fruituak ematen joan dira. Gaur, aurrerapauso horiek partekatu nahi ditugu laguntza eta elkartasuna eskatu zaienean beti hor egon direnekin.

Ekainaren 6an Arrasaten esan genuenez, dinamika eta esfortzu guztiak agertoki bat sortzera bideratu behar dira, agertoki horri esker posible izan dadin orain arte egin ditugun mobilizazio iraunkorrak azkenak izatea.

Agertoki hori ahalegin kolektiboaren eta gure gaitasunaren mende egongo da, hau da, gai ote garen bakean, konponbidean eta elkarbizitzan aurrera jarraitzeko.

Horregatik, erreibindikazio hau eremu guztietan presente egotea nahi dugu: auzo txikienetik kale nagusietara; fabriketatik eta unibertsitatetik elkarteetara, kulturara eta kirolera.

Horretan arituko gara hurrengo hilabeteetan.

DATUAK
Mintzaldi honen hasieran 112 arrazoi aipatu ditugu, duela 12 urte baino gehiago hasi genuen lanaren jarraitzeko eskatzen digutenak.

Bada, 112 arrazoi horietan jarri nahi dugu arreta.

Presoak dira, gaur egun oraindik, espetxe egoera desberdinetan, aske ez daudenak. Zigorra arindua dute kasu batzuetan, hura betetzeko modalitate batzuk aplikatu zaizkielako. Gehienek, ordea, espetxean bete duten denboragatik, erantzukizun zibila ordaindu dutelako eta kartzelan izan duten portaeragatik, etxean egon beharko lukete, ETA bukatu zenetik 15 urte baino gehiago igaro direlarik.

Azken garaietan aurrerapauso handiak egon dira, are gehiago EAEk espetxe arloko eskumenak bereganatu zituenetik. Baina aurrerapenak onartzeak ez digu galarazten aurretik oraindik dauzkagun zailtasunak.

Hauek dira datuak:
112 preso
3. graduan edo 2. graduan 100.2 artikulua aplikatuta: 73
39 kalera ezertara atera gabe

Batez ere azken 39 pertsona horien egoerak behartzen gaitu ahalegin handiagoa egitera.

Datu horiei esker, gure erreinbindikazioaren benetako neurria har dezakegu. Ez gara bakarrik iraganeko kontu batez ari, ez eta erreibindikazio abstraktu batez ere: askatasunik gabe dauden pertsona batzuei buruz ari gara hizketan, eta salbuespenak ere aipatu behar ditugu, gure iritziz bukatu behar direnak.

Eta aipatu ditugun 112 arrazoi horiekin batera, ezin dugu ahaztu 13 iheslari eta 3 deportatu ere badaudela, eta etxera itzultzeko oztopoak dituztela.

Sarek ikuspegi argi batekin heldu nahi dio etapa berri honi: onartu lortutako aurrerapausoak, adierazi oraindik egiteko dagoena, eta lan egin, gure sorrera eragin zuten arrazoiak behin betiko desager daitezen.

LORTUTAKOA ONARTU, BIDEA BUKATU
Gaur hasi ditugun ekitaldiak baliatu nahi ditugu, halaber, gure esker ona helarazteko hamarkada hauetan erreibindikazio hauen funtsezko zutabea izan diren elkarte eta pertsonei.

Ahalegin kolektibo horri esker aurrerapauso garrantzitsuak gertatu dira: bukatu ziren urruntze politika, zigorrak espetxeko lehen graduan osorik betetzea, bakartze ziegak eta mendekuan oinarritutako zigor moduak.

Onartu behar dugu aurrerapauso horiek gertatu direla.

Baina denbora da etapa berri bati hasiera eman diogula, “azken txanpa” izenarekin, eta bidea dugu oraindik egiteko.
Horregatik jarraituko dugu salatzen euskal presoei aplikatzen zaizkien salbuespenak.

Alde horretatik, Fiskaltzak eta Auzitegi Nazionalak segitzen dute errekurtsoak jartzen tratamendu batzordeek eta espetxe arloko euskal administrazioak hartutako erabakiak trabatzeko.

Espetxean hamarkadak daramatzaten pertsonak dira, eta bertan izan duten bilakaera baloratu beharko lukete haien egoera zuzenean ezagutzen dutenek.

Ez zaigu zentzuzkoa iruditzen 500 kilometrora daudenek, bilakaera hori ezagutu gabe, segitu ahal izatea oztopatzen, errekurtsoak aurkeztuz, haien errealitatea ongi ezagutzen dutenek hartutako erabakiak.

ELKARBIZITZAN OINARRITUTAKO GIZARTE BATERANTZ
Esandako guztiagatik, nabarmendu nahi dugu aurrera egin eta betikotu behar ez den egoera bat bukatu beharra dagoela, bestela ez baitugu hitz egiterik izango elkarbizitzan oinarritutako gizarte batez.

Helburu hau bateragarria da gure herrialdean sortutako indarkerien biktimekiko errespetuarekin, elkartasunarekin eta babesarekin.
Elkarbizitzarantz aurrera egiteko nahitaezkoa da min hori aitortu eta errespetatzea.

AZKEN DEIA EUSKAL GIZARTEARI
Azken finean, etapa bat itxi nahi dugu. Eta ixteko, mobilizazioak beharrezkoak izateari utziko dioten agertoki bat lortzeko aurrera egin behar dugu.

Horretarako, ahalegin kolektiboa eta gure gizartearen gaitasuna behar ditugu bakean, konponbideak eta elkarbizitzan aurrera egiteko.
Erreibindikazio hau eremu guztietan presente egotea nahi dugu eta gero eta pertsona eta sektore gehiagok laguntzea agertoki hori posible egiten.

Saretik borondateak batzen eta helburu argi bat duen erreibindikazio bat indartzen segitu nahi dugu: gure sorrera eragin zuten arrazoiak bideratuta gelditzen joatea eta benetako elkarbizitzara aurrera egin ahal izatea.

Asko aurreratu dugu, baina preso asko daude oraindik espetxean. Eta hamasei iheslari eta deportatu daude.

Haietako bakoitza arrazoi nahikoa da urtarrilaren 9an Bilbo eredu izan dadin, pertsona hauek jasaten dituzten eskubide urraketak bukatu gabe denbora pasatzea nahi ez duen gizarte baten erreibindikazio demokratiko eta jendetsuarena.

Horregatik, HELMUGA DENAK ETXERA