Bi egun baino ez dira geratzen inoiz egin den mendi tontor igoera bateratu handiena burutu dezagun

Bi egun baino ez dira geratzen inoiz egin den mendi tontor igoera bateratu handiena burutu dezagun

Olarizun elkartu gara gaur, datorren larunbatean, bi egun barru, Izan Bidea dinamikaren baitan egingo dugun mendi tontorren igoera bateraturako azken deialdia egin, nondik norakoak azaldu eta parte hartuko duten herritarrei erronka bat luzatzeko asmoz.

Azken hilabeteetan esaten aritu garen moduan, euskal presoei eta salbuespeneko espetxe politikari dagokionean, aldaketa garai bat bizitzen ari gara, sakonekoa eta errokoa ez den arren, aurreranzko urrats gisa irudikatzen duguna. Ematen ari diren gerturatzeak ez dakarte urruntze politikaren amaiera, ez eta salbuespen legediaren deuseztapena; urteetan lehortea jasan duen lurrazal urratuan euri tanta bakanak dira.

Baina honek ura egon badela adierazten digu, hau da, aukera paregabe baten aurrean gaudela, probestu behar duguna aukera paregabea. Horixe da Saretik egin nahi duguna. Horixe da gure deialdi honen atzean dagoen xedea. Izan ere, tanta horiek ez lirateke sekula iritsiko urte hauetan zehar kalean elkartu garen milaka eta milaka herritarren insistentziarik eta aktibaziorik gabe. Ematen ari diren urratsen motore izan gara eta izaten jarraitu nahi dugu.

Horregatik, beste behin ere, kalera irteteko deia egin nahi dizuegu. Edo hobe esanda, mendira igotzeko deia. Bilaka ditzagun tanta sotil horiek zaparrada, erreka, ibai, itsaso. Bilaka ditzagun urrats sotil horiek, bide, etxerako bide.

Larunbat honetarako, 650 tontor igotzeko erronka luzatu genien euskal herritarrei. Urriaren 3an egin genuen moduan, batetik, online izena emateko sistema abian jarriz, eta, bestetik, herriz herri bertako mendietarako deialdiak zabalduz. Guztira 300 herrietako deialdiak batu ditugu eta 1.500 norbanakok eman dute izena online bestelako mendietara igotzeko intentzioa adieraziz. Iparraldeko mendiei dagokienean, Bake Bideanek ere bat egin du deialdiarekin, eta irteerak antolatu ditu Iparraldeko mendi esanguratsuenetara. Datuak ikusita, esan dezakegu larunbat honetan milaka lagun batuko garela Euskal Herriko luze zabalean diren mendi tontorretan. Oso pozik gaude beraz, bizi dugun pandemia egoera honetan, eta egun oraindik indarrean diren neurri murriztaileak kontuan izanda, benetan pozgarria baita herritarrek erakusten duten konpromisoa eta gogoa. Milesker guztioi! Esan gabe doa, orain arte egin dugun moduan, bizi dugun egoerarekiko ardura osoz jokatuko dugula eta segurtasun eta osasun neurri guztiak aintzat hartuko direla.

Hau esanda, gaurkoan beste berri bat ere eman nahi dugu. Izan ere, iaz Izan Bidea aurkeztu genuenean, bi urteren buruan, etxeratzearen, elkarbizitzaren eta bakearen alde hiru milioi kilometro egiteko dinamika abian jarriko genuela iragarri genuen. Bada, gaur, zuekin partekatu nahi dugu lehenengo milioia osatu dugula jada! Beste behin ere, beraz, eskerrak eman behar dizkizuegu Izan Bidea dinamikaren baitan parte hartzen ari zareten guzti guztioi.

Eta honekin batera, erronka berri bat luzatu nahi dizuegu larunbat honetarako; guztion artean hirurehun eta berrogeita hamar mila kilometro batzea termometro honi, mendian gora eta behera egingo dugun ibilbide hori Izan Bideako aplikazioan batuz. Guztion artean lortuko dugu!

Larunbat honetan 650 mendi tontorretan elkartuko gara!