Sarek Urtarrilaren 8ko mobilizazioa Hego Euskal Herriko herrietara darama osasun egoera dela eta
Gaurko prentsaurrekoaren helburua da, sakon hausnartu ondoren eta COVID-19ak eragindako egoera kontuan hartuta, iragartzea, atsekabe handiz, SAREk urtarrilaren 8an Bilbon egitekoa zen manifestazio jendetsua Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako herrietara daramala.
Ez da erabaki erraza izan, bigarren urtea baita aldarri beraren gerizpean pertsona ugari biltzen dituen mobilizazio handi hau baztertzen dugula. Baina argi daukagu bizitzen ari garen egoera honetan, non gero eta positibo gehiago baitaude eta gaixotasuna erraz kutsatzen baita, 80.000 eta 100.000 pertsona artean elkartzen dituen mobilizazio bat deitzea arduragabekeria dela, eta Sarek kosta ahala kosta saihestu nahi du hori.
Ildo horretan, hala ere, ez dugu baztertu nahi Bilboko kaleetan milaka eta milaka lagunek plazaratu nahi genuen aldarrikapena.
– Batetik, data hau ikur bat delako euskal presoen eskubideen aldeko aldarrikapenaren barruan.
– Bestetik, nahiz eta azken urte hau garrantzitsua izan espetxe-politikan hainbeste espero genuen aldaketari dagokionez, euskal preso gehienak Euskal Herritik kanpoko espetxeetan daudelako oraindik, eta gradu-progresioa blokeatuta dagoelako, eta, ondorioz, presoek ezin dutelako egin etxera itzultzeko prozesua.
– Eta, azkenik, pandemia honek eragin zuzena duelako presoengan eta haien senideengan. Berriro ere zailtasunak daude zenbait espetxetan bisitak egiteko, bereziki aurrez aurrekoak.
Gauzak horrela, urtarrilaren 8 honetan inoiz baino beharrezkoago ikusten dugu aldarrikapena bizirik mantentzea eta Euskal Herriko herri guztietako kaleak betetzea bidea egiten jarraitzeko: bizikidetzarako bidea, bakerako bidea, etxerako bidea.
Urtarrilaren 8an gure herrietan elkartuko gara, 17:00etan. Ordu horretan, ehunka mobilizazio egingo dira aldi berean, milaka pertsonaren parte-hartzearekin, betiere behar diren segurtasun-neurri guztiak beteta.
Halaber, aukera hau baliatu nahi dugu gogorarazteko urtarrilaren 8an, goizean, ekitaldi bat antolatu dugula Euskalduna Jauregian, non ordezkari politiko, sindikal eta sozialak elkartuko baitira (datorren astean egingo dugu publiko nork parte hartuko duen). Ekitaldiari hasiera emateko, mahai-inguru bat egingo da, ETA, GAL eta poliziaren indarkeriaren biktimekin.
Arratsaldean, gainerako herri eta hirietan bezala, gure mobilizazioa egingo dugu Bilbon ere.