urte berria zer? etxerako bidea

urte berria zer? etxerako bidea

Lehenik eta behin gure besarkada bidali nahi diegu gaurko ekitaldi honetan egoterik ezin izan

duten guzti horiei; batzuk, asko konfinatuta daudelako. Bestetik euskal preso, iheslari eta deportatuen senide eta lagunei ere gure besarkada, garai zailak direlako espetxean ama, aita, anaia, ahizpa, arreba, bikotea dutenentzat. Animo denei!

Gaurko ekitaldian zabaldu nahi dugun mezua argia da, “etxerako bidean”, hau da, euskal preso guztiak Euskal Herrira hurbiltzeko eta gradu-progresioa aplikatzeko aldarrikapena, hori baita preso oro bizitza sozialean berriro integratzeko funtsezko oinarria. Horiek direlako etxerako bidea egiteko eman beharreko urratsak. Eta horiek ere, elkarbizitzaren bidean aurrera egin nahi
badugu, ezinbestekoak diren aldaketak.

Bidea egiten jarraitu nahi dugu, etxerako bidea. Hala egiten ari gara gaur, eta hala egingo dugu ere Urtarrilaren 8an Nafarroako eta Euskal Herriko herri eta auzoetan egingo ditugun mobilizazio jendetsuetan. Bilbon ezin izango da, baina Bilboko kaleetan milaka eta milaka lagunek plazaratu nahi genuen aldarrikapena Euskal Herriko txoko guztietara eramango dugu.

– Batetik, data hau ikur bat delako euskal presoen eskubideen aldeko aldarrikapenaren barruan.

– Bestetik, nahiz eta azken urte hau garrantzitsua izan espetxe-politikan hainbeste espero genuen aldaketari dagokionez, euskal preso gehienak Euskal Herritik kanpoko espetxeetan daudelako oraindik, eta gradu-progresioa blokeatuta dagoelako, eta, ondorioz, presoek ezin dutelako egin etxera itzultzeko prozesua.

– Eta, azkenik, pandemia honek eragin zuzena duelako presoengan eta haien senideengan. Berriro ere zailtasunak daude zenbait espetxetan bisitak egiteko, bereziki aurrez aurrekoak.

Gauzak horrela, urtarrilaren 8 honetan inoiz baino beharrezkoago ikusten dugu aldarrikapena bizirik mantentzea eta Euskal Herriko herri guztietako kaleak betetzea, bidea egiten jarraitzeko: bizikidetzarako bidea, bakerako bidea, etxerako bidea.

Urtarrilaren 8an gure herrietan elkartuko gara, 17:00etan. Ordu horretan, ehunka mobilizazio egingo dira aldi berean, milaka pertsonaren parte-hartzearekin, betiere behar diren segurtasunneurri guztiak beteta.