Donostiako aste nagusian ere Manifestazioa “Etxera Bidea Gertu” lelopean

Donostiako aste nagusian ere Manifestazioa “Etxera Bidea Gertu” lelopean

Lehenik eta behin, eskerrik asko guztioi gaurkoan gerturatzeagatik eta festa giroan aldarriari leku egin izanagatik. Eskerrik asko ere, bereziki, Piratei, kofradiei eta jai batzordeetako kideei euren babes eta atxikimendua eman izanagatik. Guztion artean lortuko dugu!

Duela urtebete, etapa garrantzitsu bat bete genuen. Guztion ahaleginari esker, gizartearen etengabeko aktibazioari esker, Euskal Herritik urrunen dauden espetxeak uztea lortu zen: Andaluzia, Murtzia, Levante eta Galizia.

Aldaketa honek, lasaitasuna ekarri zuen, urte luzez kilometro gehiegi egitera behartuak zeuden senide eta lagunei. Lehen urrats garrantzitsua izan zen orain bizitzen ari garen euskal herriratze prozesua garatze bidean.

Gaur, irribarre egiten hasi gaitezke, aurrera egiten baikara. Baina geldialdirik egin gabe, bide luzea baitugu oraindik ere aurretik, euskal presoek eta haien senideek oraindik jasaten dituzten urraketa guztiak atzean geratzea nahi badugu.

Eta bide hau, gaur egin dugun moduan, elkarrekin egingo dugu. Hori izan da honaino ekarri gaituena, elkarrekin kalean, aktibo, lanean aritzea. Eta bide horretan jarraitu asmo dugu, euskal herriratzeak guztiz gauzatu bitartean.Gaur egun, 58 euskal preso Euskal Herritik urrun daude. Euskal herriratzea ordea ez da inolaz azken etapa, lehena baizik. Izan ere, oraindik euskal presoen gehiengoari ukatu egiten zaie espetxe-politika arruntaren aplikazioa. Espetxeak bere baitan biltzen duen etxeratze prozesua gauzatzeko ordua da. Eta horretarako salbuespenak araua izateari utzi behar dio; graduen progresioa, irteera baimenak, larriki gaixo diren presoen etxeratzeak, gurasotasun eta familia eskubideak… bide horretan aurrera eginez jarraitu beharra dugu.

Zentzu honetan, berriro ere Auzitegi Nazionaleko fiskaltza salatu behar dugu, eskuin-mutur politikoaren beso juridikoa baita, eta etengabe errekurritzen baititu espetxeetako tratamendu-batzordeen erabakiak, espetxeko hirugarren gradua eta baimenak onartu nahi direnean.

Etengabeko konfrontazioaren alde egin dute. Bake justurantz eta, horren bidez, bizikidetzarantz igarotzeko aukera galarazteagatik.
Gure herriak akordioak behar ditu. Konponbide justuak behar ditu. Konfrontazioaren eta mendekuaren alde egiten dutenek ez dute lekurik.

Ez dezagun normalizatu normala ez dena. Ez ditzagun besoak jaitsi urruntzea desagertzen ari delako. Jarrai dezagun elkarrekin etxera bidea eginez, etapaz etapa, salbuespen ororekin amaitu artean.

Egin dezagun irribarre, baina lan egiten jarraitzeko, atzerapausorik eman gabe. Egin dezagun festa, aldarriak soinean, indarrak batzen jarraitzeko. Eta, horretarako, badaukagu data garrantzitsu bat jarrita: urriaren 8a. Donostia txiki geratu behar zaigu egun horretan; goiza, azken kilometroak eginez, etxera bidea gertu dela aldarrikatuz eta ondoren gaurkoan moduan, jai giroan elkarrekin etapa berriei ekinez.

Segi dezagun lanean elkarrekin, orain arte bezala. Lortuko dugu!