Bilboko konpartsekin batera Manifestazioa egin du SAREk aste nagusian.
Berriro ere, eskerrik asko, gure helburuen lorpenean zenbat eta aurrerapauso gehiago eman, gero eta garrantzitsuagoa baita indartsu bultzatzea.
Benetako datua da pertsona askok, leku askotan, gauza txikiak egiten, hasiera batean zailak ziruditen egoerak aldatu ahal ditugula.
Gaur egun euskal presoak EHtik hurbilago badaude da euskal gizartearen gehiengoa ez dagoelako prest onartzeko bere izenean espetxeetan oinarrizko eskubideak urratzen jarrai dezaten.
Eta, honaino iristen jakin badugu eta horretarako gai izan bagara, argi dago gauza gehiago egin ditzakegula, eta, gaur, inoiz baino gehiago, politika, elkarrizketa eta akordioak bateratu egin behar direla gizartearen mobilizazioarekin, ideologia ezberdinak dituzten baina egoera aldatzeko gogoak elkartzen dituen pertsonekin partekatuz kalea.
SARE herritarrak lanean jarraituko du mobilizatzeko dugun gaitasuna konponbidearen alde jartzeko. Etxera Bidea Gertu.
Ezin dugu guardia jaitsi. Ez dugu erlaxatu behar. Gaur egun euskal presoen % 70 EHn egoteak argi erakusten du etapak betetzen ari garela, salaketak, mobilizazioak eta EHko gehiengo politiko eta sindikalaren akordioak baliagarriak direla gobernuak eta estatuak mugi daitezen. Mugi ditzagun.
Baina, duela egun batzuk esan genuen bezala, oraindik etapa asko geratzen zaizkigu.
Zeren ezkutuko zer arrazoi eragiten ari da, 30 urte baino gehiagoko urruntzea eta gero, oraindik ere euskal presoak izatea Daroca, Zuera, Madril, Villabona, Leon edo Palentziako espetxeetan eta haien senideek ehunka km egin behar izatea presoak bisitatzeko?
Espainiako gobernuko presidenteak egoera honi amaiera emateko konpromisoa adierazi zuenetik lau urte baino gehiago igaro ondoren, zergatik dago oraindik euskal presoen % 28 EHtik urrun?
Zergatik onartzen zaio justiziaren parte handi bati –Auzitegi Nazionalean sartuta– espetxe-politikaren normalizazioa eragoztea?
SAREk ez dio epaileek eta fiskalek ezin dutenik ideologiarik izan. Eskubidea dute ideologia politiko propioa izateko. Baina ez dute eskubiderik, eta horregatik salatzen dugu, beren ideologia euskal presoen oinarrizko eskubideei eragiten dieten beren erabaki judizialetan aplikatzeko. Hori da salatzen duguna eta salatzen jarraituko duguna.
Ez da onargarria EHtik 500 km-ra dauden eta salbuespen-organo judizialetako kide diren epaile eta fiskalen jarrera. Haien jarrerarekin, behin eta berriro mespretxatzen dute gure gizartea, zeinak urteak baitaramatza erakusten posible dela bizikidetzarantz aurrera egitea, ahaztu gabe, bai, baina gorrotorik gabe ere.
Eta mendekuan oinarritutako justizia hori da, hain zuzen ere, Auzitegi Nazionala egunero-egunero ezartzen ari dena, espetxeetako tratamendu-batzarrek gradu-progresioen inguruan edo espetxeko baimenen inguruan hartzen dituzten erabakien kontrako errekurtsoak jartzen dituenean. Jokaera horrekin inolako justifikaziorik gabe oztopatzen eta eragozten ari da espetxe-politika arrunta aplikatzea. Salbuespenik gabe.
Gatazkan eta mendekuan ainguratuta geratu dira, euskal gizarteak sentitzen duenaren kontra. Euskal gizarteak aurrera egin nahi du, apurtutako zubiak berreraiki nahi ditu, eta modu positiboan ari da bizikidetzaren alde lanean.
Aipatutako jarrera judizial horien aurrean, balioa eman nahi diogu, berriro ere, indarkeriaren gero eta biktima gehiago izaten ari diren jarrera, zeinek eskatzen baitute ez urratzeko, haien izenean edo haien isiltasunaz baliatuta, askatasunik gabe dauden pertsonen eskubideak.
Eta ez ditugu ahaztu nahi oraindik ere etxetik urrun dauden deportatuak eta errefuxiatuak. Konponbide justua eskatzen dugu haientzat ere.
Hori baino ez. Amai ditzagun ondo jai hauek; jarrai dezagun ondo pasatzen, baina, aldi berean, gizarte hobea, solidarioagoa, Euskal Herrian izan den edozein indarkeria jasan duen edozeinekiko enpatia gehiago duena aldarrikatzen. Eta, horretarako, konponbide justu bat behar dugu indarkeria guztien biktima guztientzat, eta lanean jarraitu behar dugu presoak eta erbesteratuak etxera itzul daitezen.
Eta aurrera egiten jarraitzeko, apuntatu data bat: urriaren 8a, Donostian. Han egongo gara.
Etxera bidea gertu. Lortuko dugu