Bilboko konpartsek eta Sare Herritarrak manifestazioa antolatu dute abuztuaren 25ean Bilboko Jaietan
Beste behin ere, hemen gaude, Bilboko Aste Nagusian, “Etxera” lelopean antolatu dugun manifestazioaren berri emateko. Beste urte batez, Bilboko konpartsek eta Sare Herritarrak elkarlanean antolatu dugu. Tamalez, oraindik mobilizazio hau deitu beharrean gaude, oraindik presoen eta iheslarien egoera normalizatzeko pauso asko eman behar direlako.
34 urte baino gehiago eman ditugu urruntze politikaren amaiera eskatzen, ankerra eta gizagabea zelako. Baina urruntze politika hori gainditzeak ez du berekin ekarri euskal presoen eskubideen urraketaren amaiera, etxerako bidea oztopatzen duten salbuespen neurriak eta eskubide urraketak arau direlako oraindik.
Etengabeak dira fiskaltzaren eta Auzitegi Nazionalaren erasoak, mendekuan oinarritutako jarrerak, konponbidea zapuztu eta herri hau iraganean iltzatu nahi dutenak. Horren adibide dira gure herrialdean azken hilabetetan eman diren gradu erregresioak.
Askotan esan dugu ez dugula inongo pribilegiorik eskatzen: Salbuespena indargabetu eta lege arrunta aplikatuz, euskal preso guztiak etxera bidean jartzeko unea da.
Etxean nahi ditugu. Bai, ETXERA. Elkarbizitzan aurrera urratsak emateko, konponbidean jarri behar dugu preso, iheslari eta deportatuen auzia. Eta helburu hori errealitatea izan dadin, den-denok behar zaituztegu.
Zentzu honetan datorren abuztuaren 25ean, eguerdiko 13:00etan Plaza Eliptikotik abiatuko den manifestazioan parte hartzeko deialdia egiten dugu Bilboko Konpartsek eta Sare Herritarrak. Jaiak denok batera gozatu eta eskubideak aldarrikatu!
Guztion artean lortuko dugu!
Eskerrik asko