Urtarrilaren 13an La Casillatik aterako den manifestazioa ordubete aurreratuko dugu, 16:00etan izango da
Prentsaurreko honetara deitu zaituztegu datorren urtarrilaren 13an Bilbon “Konponbiderako giltzak” lemapean egitera goazen manifestazioaren ordutegiari dagokionean aldaketa garrantzitsu bat iragarri asmoz. Astelehenean jakin genuen urtarrilaren 13an Bilbon, ordu beraren bueltan, bi ekimen jendetsu izango direla; urtero milaka herritar batzen dituen manifestazioa eta, aurtengoan baita ere, milaka zale bilduko dituen Athletik eta Errealaren arteko derbia. Joan-etorri askoren ostean, udaltzaingoarekin, futbol klubekin, zein bestelako eragileekin kontrasteak egin ondoren, eta orain azalduko ditugun hainbat arrazoi direla medio, guztion mesedetarako izango delakoan, manifestazioa ordubete aurreratzea erabaki dugu. Hori horrela, urtarrilaren 13an, arratsaldeko 16:00etan abiatuko gara Bilboko La Casillatik.
Ez da, inolaz ere, erabaki erraza izan. Antolatzen gabiltzanoi, hala nola, bertaratuko diren herritar guztiei esfortzu bat egiteko eskatzen baikabiltza. Baina, bi deialdien bateratasunak ekar zitzakeen arazo tekniko eta logistikoak batetik, eta ekimen batean zein bestean egon nahi duten milaka herritarrei aukera hori eskaintzeko gogoa bestetik, ahalegin txiki hori egitera eraman gaitu. Izan ere, halako egoeren aurrean flexible izatea eta guztiontzako aukerak eskaintzearen aldeko urratsak ematea, elkarbizitzaren baitan ulertzen dugu, herri beraren parte garen heinean, guztiontzako onuragarria izango den egoera bilatuz eta sortuz.
Bi ekitaldiak elkarren talka izatea baino, eta, ondorioz, batean zein bestean izateko grinaz diren herritarrak erabaki bat hartu beharrean ez izateko, bi ekitaldietan parte hartzeko aukera sortzearen alde egin nahi izan dugu. Kontziente gara, erabakiak harridura edota zalantza sor dezakeela urtez urte Bilbora gerturatu ohi diren herritarren artean, baina, erabaki hau hartzera eraman gaituzten arrazoiak ulerkorrak direlakoan gaude, eta hala izatea espero dugu.
Urtarrilaren 13an Bilbon elkartzean ezarritako helburuak berberak izaten jarraitzen dute: Bilboko kaleak aldarriz betetzea, ezberdinen arteko elkarretaratze erraldoi bat gauzatzea eta herri gisa partekatu nahi dugun mezua, inolako itzalik gabe, argi entzunaraztea. Ordutegi aldaketak helburu hauek betetzen lagunduko digulakoan gaude, Bilbon bi ekimenen talkan sor zitekeen kolapso eta iristeko arazoak ekidinez, bi ekimenetan parte hartu nahi duten guztiei aukera eskainiz, eta elkar oztopo izan baino, elkarreragile izateko apustua eginez.
Sarek, beraz, euskal gizarte osoari berriz ere dei egiten dio datorren urtarrilaren 13an elkarbizitzaren eta konponbidearen alde bidea egiten jarrai dezagun eta 16:00etan La Casillatik abiatuko den manifestazioan parte har dezan, bizikidetza eraikitzeko bidean, eta euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzea ahalbidetu dadin. Horretarako, legeria arrunta aplikatuz euskal preso, errefuxiatu eta iheslarien etxera itzultzeko bidea zabaldu eta ahalbideratu behar da, eta bide hori bateragarria da indarkerien biktima guztiak erabat errespetatzearekin, haien mina onartzearekin eta eragindako kaltea konpontzeko beharrarekin.
• Sare Herritarraren manifestazioa, beraz, 16:00etan abiatuko da La Casillatik, horren ostean Autonomia, Zabalburu, Hurtado de Amezaga, Plaza Biribila eta Buenos Airesetik igaro eta Bilboko udaletxean amaituko da.
• 15:30ean, manifestazio honetara gonbidatutako erakundeetako ordezkariek komunikabideei adierazpenak egingo dizkiete, La Casillako kioskoan.
• Mobilizazioaren leloa hauxe da; “Konponbiderako giltzak. Llaves para la resolución”.
• Manifestazioaren hasierako pankartan, Bego Atxa eta Joseba Azkarraga Sareko bozeramaileekin batera, ebazpenaren alde dagoen manifestuaren zenbait sinatzaile izango ditugu, bai eta euskal gizarteko hainbat arlotako pertsona ezagunak ere.
• Sareko bozeramaileek adierazpenak egingo dituzte manifestazioa Zabalburura iristen denean.
• Azken mezua Bilboko udaletxeko eskaileretan irakurriko da.
• Bukatzeko gehitu, 13an Bilboko kaleetan giro paregabea izanen dugula eta horregatik gure aldetik ere ekarpena eginen diogula giro horri gure egitarauarekin: zanpantzarrak, elektrotxaranga, trikitilariak,…
Mila esker, urtarrilaren 13an Bilbon, La Casillas arratsaldeko 16:00tan ikusiko dugu elkar.