apirilaren 1ean etxera eguna eta manifestazioa arrotxapean
Idazki honen bidez, Jon Rubenach Roiz Arrotxapeako presoak bizi duen egoera salatzeko, abian jarriko dugun ekimenaren berri eman nahi dizuegu. “Bizi osorako zigorrik EZ! / ¡NO a la cadena perpetua! Jon Rubenach etxera” ekimenaren bidez, 7/2014 Legearekin aplikatzen zaion salbuespen-araubidea salatzen dugu. Lege honen aplikazioak askatasunik gabeko pertsonen giza eskubideak urratzen dituela uste dugu.
Jonek ia 16 urteko zigorra bete zuen Frantziako espetxeetan. Europar Batasunak arau bat eman zuen, eta arau horren bidez lortu nahi zen Europako zigor-arloko epai guztien eragina baliokidea izatea. Horrek esan nahi du EBko espetxeetan betetako zigorrak zenbatu egin behar direla. Jon Rubenachen eta beste 50 bat presoren kasuan hori ez da gertatu. Espainiako Estatuak 7/2014 Legea onartu zuen, Frantzian betetako 16 urteak Espainiako kondena betetzerakoan kontuan har ez zitezen. Hori gauzatzen bada, ez luke askatasuna lortuko 2048. urtera arte, espetxean 45 urte igaro ondoren. 45 urteko espetxealdi efektiboa estalitako biziarteko kondena baten baliokidea da.
Hori ezin dugu onartu. Jonek etxerako bidea egiteko duen eskubidearen urraketa salbuespenezko espetxe politika baten ondorio da.
Hau guztiagatik, gure ekimenarekin bat egiteko eta apirilaren 1ean “Bizi osorako zigorrik EZ! / ¡NO a la cadena perpetua! Jon Rubenach etxera” leloarekin burutuko dugun manifestazioarekin bat egiteko gonbidapena luzatzen dizuegu.