Alaitz Aramendi euskal preso eta Orozkoko bizilagunaren egoeraren berri emateko kanpaina bat jarri dugu martxan

Alaitz Aramendi euskal preso eta Orozkoko bizilagunaren egoeraren berri emateko kanpaina bat jarri dugu martxan

Agiri honen bitartez Alaitz Aramendi Orozkoko bizilagunak bizi duen egoera salatzeko abian jarriko dugun kanpainaren berri eman nahi dizuegu. “Bizi osorako zigorrik ez! Alaitz etxera” kanpainaren bitartez 7/2003 eta 7/2014 legeen aplikazioen ondorioz sortutako egoera salatu nahi dugu. Izan ere, lege hauek ezkutuko bizi osorako zigorra dakarte euren baitan, eta Sare Herritarraren aburuz, giza eskubideen aurkakoak dira.

7/2003 legearen aplikazioa dela eta, Alaitzi berrogei urteko espetxe zigorra ezarri diote, estalitako bizi osorako kondena. Salbuespenekoa den legedia baten baitan epaitu eta zigortu dute Alaitz, espetxealdi amaigabe batera kondenatuz, honek dakartzan kalte psikologiko eta fisikoekin.

Auzitegi Goreneko magistratu ohiak esan bezala: “lege hau krudela, gizagabea eta umiliagarria da”. Erabat bat gatoz hitz hauekin eta ez dator bat bere burua demokratikotzat eta zuzenbidekotzat duen Estatu batekin. Zigorrak ahalik eta gehien luzatzea baino ez du helburutzat, bizi osorako zigorrak ezarriz.

7/2003 legea ez ezik, Alaitzi 7/2014 legea ere ezarri diote, hau da, jada betea duen zigorra berriro osorik betetzera zigortu dute. Alaitzek 13 urte bete ditu Frantziako kartzeletan eta Europar Batasunak ezarritako arauen arabera Europako zigor epaitegi ezberdinetan ezarritako zigorrak baliokideak izan beharko lirateke, hau da, Alaitzek Frantzian betetako zigorra ezingo luke berriro ere Espainian bete. Lege honen ondorioz ordea, Alaitzek jada betetako zigorra ez da Espainian ezarritakora batu eta berriro ere betetzera behartua dago.

Garbiñe Biurrun, EAEAN-ko magistratuak, berriki esandakoa ere gogora ekarri nahi dugu: “Diputatuen Kongresuan gehiengo parlamentario nahikoa dago (gehiengo osoa) 7/2003 eta 7/2014 legeak indargabetzeko”. Honek argi uzten du, salbuespen legedia bertan behera utzi eta bizi osorako zigor estali hau indargabetzea borondate kontua dela, aukerak egon badaudelako. Beste behin ere, instituzioetan ordezkaritza duten alderdi politikoei salbuespeneko politika hauekin amaitu eta 7/2003 eta 7/2014 legeak bertan behera lagatzeko urratsa eman dezatela. Giza eskubideez eta pertsonen biziaz hitz egiten ari baikara.

Alaitzen kasua ez da bakarra. Lege hauek aplikatzen zaizkien beste 50 euskal preso baitaude. Azken urteetan pozgarriak eta esperantzagarriak diren hainbat urrats eta aldaketa ikusten ari bagara ere, oraindik salbuespenezko neurriak ezartzen zaizkie euskal presoei eta horixe da Saretik behin eta berriro salatzen ari garena. Alaitzen kasuan gainera, emakume izateagatik, zigorra are gogorragoa da, epai judizialaz gain, espetxe sistema patriarkalaren baitako epai morala eta gizonentzat soilik prestatuta dauden espetxe azpiegiturei aurre egin behar baitie.

Hau guztiagatik, aurten egingo diren mobilizazio ezberdinetan parte hartzera dei egin nahi zaituztegu, baita, agiri honi zuen atxikimendua emateko gonbita luzatu ere.