35 urte eta gero esan dezakegu urruntze politikaren amaiera iritsi dela, azkenean lortu dugula

35 urte eta gero esan dezakegu urruntze politikaren amaiera iritsi dela, azkenean lortu dugula
Bideoa: Berria egunkaria

 

AZKENEAN. Azkenean iritsi da aspaldi egin nahi genuen agerraldia. Ia 35 urte eta gero esan dezakegu urruntze politikaren amaiera iritsi dela, azkenean lortu dugula, behingoz iritsi dela Euskal Presoak Euskal Herrira ekartzeko egin den lan nekaezinaren emaitza.

Amaitu egin da izugarrizko sufrimendua eragin duen aro latz hau.

Ehunka mobilizazio, ekimen, kontzertu, bilera, argazki eta irteera antolatu dira urte guzti hauetan. Kaleak bete ditugu hamaika bider aldarrikapen horren atzean. Ezberdinekin egon gara, adostasun zabalak erdiesteko hamaika ahalegin eginez, eta azkenean gehiengo sozial, politiko eta sindikal bat ere egon da lan horren atzean.

Beraz, ZORIONAK modu batean edo bestean beren ekarpen handia nahiz xumea egin duten guztiei, denon artean lortu baitugu aspalditik eta biziki espero genuen helburua: urrunketaren behin betiko amaiera.

Milaka kilometro egin ditugu, dozenaka istripu gertatu dira, milatik gora zauritu egon dira, eta ezin dugu ahaztu 16 pertsona gelditu direla bidean. Gaur, doakiela haien senideei gure besarkadarik estuena.

Une honetan oso gogoan ditugu bai errepidean hil direnen senideak eta bai presoen senide eta gertukoei motxila astunaren zama arintzen lagundu dieten guzti-guztiak: autobus gidariak, Mirentxineko boluntarioak, Frantzian eta Espainian bidaietan eta bisitetan laguntzeko prest egon diren lagunak eta elkartasunez jokatu duten herritar guztiak.

Eta orain zer? Guk argi daukagu: orain, legeak zehazten duen ibilbidearen baitan, presoen etxeratze prozesuan eragin behar dugu. Presoek dituzten oztopoak bidetik kentzeko eta lege arrunta aplikatzeko eskatu behar dugu.

Beraz, orain ere lanera. ETXERA lelopean, azken urteetan egin dugun bidetik lanean jarraitu behar dugu:

7/2003 legea indarrean dagoelako eta bizi osoko zigorrak ahalbidetzen dituelako.

14/2003 legea ere indarrean dagoelako eta Frantzian betetako zigorrak kontuan ez hartzea ahalbidetzen duelako.

Izan ere, 5/2003 Legeak gradu-progresioen eta/edo zigor-baimenen eskumenari eusten dio salbuespen-organo batean, Auzitegi Nazionalean, hurbileko epaitegien kaltetan.

Bigarren graduan dauden presoei legez dagozkien baimenak ukatzen dizkietelako.

33 preso soilik daudelako hirugarren graduan, berez 110 egon beharko liratekeen arren.

Gradu erregresioak gertatzen ari direlako.

Iheslari eta deportatuek itzuli ezinik jarraitzen dutelako.

Salbuespen legedia indarrean dagoelako.

Horregatik guztiagatik, lanean jarraituko dugu, harremanak sustatuz eta aktibazioa bilatuz, plazak betez eta gure aldarrikapenak lau haizeetara zabalduz. Soilik horrela lortuko dugulako euskal presoei lege arrunta aplikatzea eta salbuespenezko legedia desagerraraztea.

Eta hori guztia, bizikidetzaren mesedetan, bateragarria izan behar da indarkeria guztien biktimen babesa eta erreparazioa eskatzearekin.

Berriro ere, ZORIONAK ETA ESKERRIK ASKO!