GURE JARRERA SARE HERRITARRAK URTARRILAREN 7AN BILBON EGINGO DUEN MANIFESTAZIOAREN AURREAN
Gaur, prentsaurreko honetan gaudenak ez gara politikariak, ez dugu talde bat ordezkatzen; geure buruen eta izan ditugun bizipenen ordezkariak gara.
Batzuek lehendik ezagutzen dugu elkar; beste batzuk gaur elkartu gara lehen aldiz, hemen. Baliteke ideologikoki ezberdinak izatea, edo oso ezberdinak ere. Seguruenik ez ditugu ideologiak partekatzen, ezta gai askoren inguruko pentsaerak ere. Baina berdin zaigu. Hori ez da garrantzitsua.
Garrantzitsua dena da, modu batean edo bestean, guztiak garela gure herrian hamarkada luzez hainbeste min eta sufrimendu eragin duen indarkeriaren biktimak.
Batzuk eta besteak ETAren biktimak gara, edo GALenak, edo torturarenak, edo sakabanaketa- eta urruntze-politikaren ondorioenak. Guztiok jasan dugu indarkeria, bakoitzak bere erara, baina guztiok bortizki, eta, gaur, hemen gaude esateko ez dugula nahi gure isiltasuna inork erabil dezan beste inori mina eta sufrimendua eragiten jarraitzeko.
Hainbeste sufrimendu ekarri duen konfrontazioak apurtu dituen zubi guztiak berreraikitzen hasteko unea dela adierazi nahi dugu. Baita gure herrian bizikidetza berreraikitzen hasteko unea dela ere. Eta, horretarako, ezinbestekoa da aurrera egiteko borondatea, gutako bakoitzak sufritu duguna ahaztu gabe, baina gorrotorik gabe.
Enpatia gauza garrantzitsua da. Bestearen sufrimendua onartzea eta ulertzea, baina, batez ere, ahal dugun guztia egitea guztiontzako irtenbide duinak lortzeko.
Horregatik da nahitaezkoa hitz egitea, baina, are gehiago, elkarri entzutea, bestearena hobeto ulertzeko eta elkarbizitzarako aurrerapausoak emateko.
Horregatik, gaur, ekitaldi honetan egonda, gure babesa adierazi nahi diegu SARE sare herritarrak urtarrilaren 7rako Bilbon deitu dituen ekitaldi guztiei.
Goizean, Euskalduna Jauregian, elkarbizitzarako bidean aurrera egiteko premiak batuta, biktima batzuek aztertuko dugu nola egin dezakegun aurrera. Eta, arratsaldean, 17:00etatik aurrera Bilboko kaleak zeharkatuko duen manifestazioan parte hartuko dugu.
Mobilizazio soziala herrien beste tresna bat da beren aldarrikapena entzunarazteko. Eta, aldarrikapen horien artean, konfrontazioz betetako hamarkada asko eta gero, Euskal Herriak zauriak ixten hasi behar du.
Aldarrikapen horietako bi aipatuko ditugu:
1.- Aitortzeko eta laguntza emateko neurriak aplikatu behar zaizkie indarkeria guztien biktimei, salbuespenik egin gabe. Indarkeria jakin batek eragindako mina ez da beste zeinu bateko indarkeria batek eragindakoa baino handiagoa edo txikiagoa kasu batean ere ez. Hortaz, ezin da denbora gehiago pasatu guztioi neurri berdinak aplikatu gabe.
2.- Konponbide justua eta legala behar da euskal presoen egoera konpontzeko. Hamarkada luzez presoek, eta, batez ere, haien senideek jasan duten urruntze-politika atzean geratzeko bidean dago. Garaia da legea eta justizia salbuespenik gabe aplikatzeko eta, beraz, hamarkada luzez askatasunaz gabetuta egon ondoren, etxera itzultzeko bidea has dezaten, legeak hala ezartzen badu.
Gure nagusiek utzi ziguten gizartea baino hobea utzi nahi diegu gure seme-alabei eta gure ilobei. Gurari eta behar horrek mugiarazten gaitu.
Horregatik, gu ere Bilboko kaleetan izango gara urtarrilaren 7an.