Apirilak 7, Osasunaren nazioarteko eguna
Apirilaren 7a da gaur, Osasunaren Nazioarteko Eguna eta Sare Herritarrak espetxean larriki gaixo diren pertsonak gogora ekarri nahi ditu. Bere burua demokratikotzat duen edozein gizarteren helburua izan behar du, bere egoera ekonomiko, sozial edo beste edozein arrazoi dela eta inor atzean utziko ez duen osasun sistema unibertsal baten defentsa. Sare Herritarretik preso daudenen osasuna erdigunera ekarri nahi dugu.
Euskal presoei ezartzen zaien salbuespenezko espetxe-politikak, hau da, urruntzeak urtetan sortutako bakardadeak, zigorraren luzapena edota ia bizi osoko zigor luzeen ezarpenak eta hirugarren gradura igarotzeko edota baimenak lortzeko ezintasunak eragin zuzena dute preso dagoen pertsonaren osasunean, eta ezegonkortasuna, arazo psikologikoak, antsietatea, harremanak garatzeko arazoak… sortzen dituzte. Espetxe politikaren baitan egoera aldatzen hasi den arren, oraindik ere, preso askok egoera hauei aurre egin behar diete, ahaztu gabe, gehiengoak orain arte betetako zigorraren zatia lehen graduan edota isolamenduan igaro duela.
Gaixotasun larriak kartzelarekin bateraezinak dira eta baieztapen hori ez da gurea, osasun arloko zenbait profesionalek horrela adierazi dute behin baino gehiagotan. Ildo horretatik, duela gutxi, Luis Rojas Marcos psikiatrak hau esan zuen: “20 urtetik gora, edozein presori espetxealdiak, narriadura fisiko eta psikiko itzulezinak sortzen dizkio”.
Gutxi gorabehera 80 euskal presok 20 urte baino gehiago daramate espetxean, eta horietako seik 30 urte baino gehiago.
Lege arruntaren aplikazioak, larriki gaixo diren presoak etxean egotea ahalbidetuko luke, euren gaitza era ahalik eta egokienean artatuz, ahal dela, berau gainditzeko helburuarekin. Irizpide horrek ezin ditu euskal presoak salbuetsi. Ez dugu legedian eta nazioarteko estandarretan sartzen ez den ezer eskatzen. Legea betetzeko eskatzen ari gara, salbuespenik gabe eta gizatasunez. Hain zaila da legezkotasuna aplikatzea? hain zaila al da preso gaixo horietako bakoitzaren egoera aztertzea, legezkotasunaren eta giza eskubideen ikuspegitik?
Osasuna pertsona guztiei dagokien eskubidea da, baita preso diren pertsonena ere. Ezin dugu onartu segurtasun-politiken aitzakiaren pean presoen oinarrizko eskubideak zapaltzen dituen politikarik. Preso orok konfiantzazko mediku edo psikologo baten laguntza jasotzeko eskubidea du.
Nahiz eta azkenaldian, larriki gaixo dauden preso batzuekin pauso garrantzitsuak eman diren, politika honen ondorio larri eta dramatikoenaren lekukoak gara espetxean bizia galdu duten presoen zerrendak gora egiten baitu etengabe. Espetxe politikak eta espetxeak, bertan preso diren pertsonen biziaren ardura dute beregain. Eta arduraz jokatzea dagokie, heriotza ate joka izan aurretik.
Azkenik, eta zuzenean, horrekin lotuta, gogoratu behar dugu Fiskaltzak larriki gaixorik den Juan Carlos Subijana presoari hirugarrenez elegitea jarri eta espetxera itzularazi duela. Orain dela egun batzuk esan genuen, eta berriro diogu erabaki hori gaixotasun larriak dituen preso bati aplikatu zaiola, eta kartzelak ez diola duen egoera okertu besterik egingo.
Urte luzeetako aldarri den arren, gaur, Osasunaren Nazioarteko Eguna dela baliatuz, salbuespenezko espetxe politika guztiz amaitzearen garrantzia azpimarratzera gatoz eta larriki gaixo diren presoak etxean egon behar dutela errepikatzera. Denoi dagokigu egoera hau aldatzea eta arduraz jokatu dadin eskatzea; bai kalean, bai eta instituzioetan ere. Elkarbizitzarako, bakerako eta etxerako bidea elkarrekin egin dezagun.