Sarek eta Etxeratek espetxeetako arduradunei eskatzen diegu ez jarraitzeko arriskuan jartzen gaixotasun lariak dituzten pertsona presoen bizitza

Sarek eta Etxeratek espetxeetako arduradunei eskatzen diegu ez jarraitzeko arriskuan jartzen gaixotasun lariak dituzten pertsona presoen bizitza

Gregorio Vicario berehala 3. gradura aldatzeko eskatzen dugu, eta baldintzapeko askatasuna onartzeko, duen gaitza duintasunez eta bermez tratatu ahal izateko eta bere senideengandik hurbil

Sarek eta Etxeratek urteak daramatzagu gaixorik dauden presoen egoerak eragiten digun kezka plazaratzen. Era askotako gaitzak dira, baina, zehazki, bihotzarekin lotutakoak dira hildako gehien eragin dituztenak euskal presoei dagokienez.

1988tik gaur arte, guztira sei euskal peso hil dira espetxean bihotzeko arazoen ondorioz.

Gaur, Gregorio Vicario Setién euskal presoa bizitzen ari den egoera gogorra plazaratu nahi dugu. Egun hauetan jakinarazi dugun moduan, urgentziazko ebakuntza kirurgikoa egin diote Leongo ospitalean. Burgosko espetxetik eraman dute bertara.

Lau bypass jarri dizkiote, haren bizitza arriskuan baitzegoen. Daukagun informazioaren arabera, ebakuntza ongi atera da eta orain errekuperazioari ekiten dio.

Gregorio Vicarioren kasuan, egoera ez da bat-batekoa. Denbora luze darama minekin. Duela urte eta erdi ospitaleratu behar izan zuten lehen aldiz, eta, pasa den urrian, oso zabalduta zegoen iskemia larria detektatu zioten eta kateterismo bat egin eta stent bat jarri zioten.

Lehenago esan dugu, eta orain ere esaten dugu: espetxea ez da leku egokia halako gaixotasunak tratatzeko. Espetxe-araudian araututa dago pertsona hauek espetxetik kanpoko jaso ahal dutela tratamendua, eta, zoritxarrez, euskal presoen kasuan ez da arau hori aplikatzen. Ez da datu hutsala preso honen adina, 64 urte, ezta askatasunik gabe daraman denbora ere, 20 urte.

Gaur Gregorio Vicario izan da, baina duela gutxi, 2018ko ekainean, Josetxo Arizkuren presoa Murtzian ospitaleratu zuten, bihotzeko krisi akutu bat dela eta. Gero, 2020ko azaroan, urgentziaz eraman behar izan zuten ospitalera, miokardio-infartu bat izan ondoren. Preso honek 60 urte baino gehiago ditu ere, eta 20 urte baino gehiago daramatza askatasunik gabe.

Sarek eta Etxeratek espetxeetako arduradunei eskatzen diegu ez jarraitzeko arriskuan jartzen pertsona hauen bizitza. Etengabeko osasun desasistentziari amaiera eman behar diote, eta gaixotasunak berandu detektatzea zuzentzeko bitartekoak jarri. Era berean, Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari eskatzen diegu aurrerapauso bat eman dezatela, beren osasun-zerbitzuen bidez, presoei osasun-arreta emateko.

Gradu-progresioak blokeatzeari uzteko eta baldintzapeko askatasunean egoteko aukera ez eragozteko eskatzen diegu espetxeetako arduradunei. Gregorio Vicario berehala 3. gradura aldatzeko eskatzen dugu, eta baldintzapeko askatasuna onartzeko, dituen gaitzen tratamendua espetxetik kanpo jasotzeko aukera izan dezan. Bere hurkoengandik hurbil.

Neurri bera aplikatu behar zaie gaixotasun larriak dituzten beste 19 euskal presoei.

Etxean nahi ditugu eta bizirik nahi ditugu.

Bihotzeko gaixotasunek hildako euskal presoak

– Juan Carlos Alberdi (Urnieta) Herreran hil zen 1988an, bihotzekoak jota
– Mikel Zalakain Odriozola (Billabona) Martutenen hil zen 1990ean, bihotzekoak jota
– Roberto Sainz Olmos (Portugalete) Aranjuezen hil zen 2006an, bihotzekoak jota
– Xabier López Peña (Galdakao) urgentziaz ospitaleratu zuten bihotz-hodietako arazoengatik, eta 2013an ebakuntza egin zioten garuneko isuriaren ondorioz, Fleury Merogisen (Paris).
– Arkaitz Bellon Blanco (Elorrio) Puerto I herrian hil zen 2014an, bihotzekoak jota
– Kepa del Hoyo Hernández (Galdakao) Badajozen hil zen 2017an bihotzekoak jota