Tipularen Sehaska Kanta, Lander Garrok espetxea eta gaixotasunaren inguruan eginiko filmaren Crowdfunding kanpaina
Sare Herritarra elkarteak, Gasteibeltza iparraldeko produktorarekin batera, Lander Garrok zuzendutako “Tipula sehaska kanta” film-Dokumentala ekoiztu du, espetxea eta eritasunaren gordina nola bizitzen den azaldu asmo duen lana. Iraila-azaroa bitartea estreinatu nahi den film-dokumental honek argia ikus dezan, Crowdfunding kanpaina abiatu genuen atzo, ekainak 13, igandea: https://vkm.is/tipularensehaska
Miguel Hernández idazle eta poetak bere semeari eskainitako poema batek eman dion izena dokumentalari; Miguel, 1936ko gerran preso hartua, 1942an hil zen espetxean tuberkulosiak jota, bertatik, poema hau (shorturl.at/djmGY) idatzi zion bere semari, emazteak jatekorik apenas tipula baino ez zutela adierazten zion gutunei erantzunez. Gertakari hau oinarri hartuta, galdera hori erantzuten saiatu da Lander Garro zuzendaria, berak adierazi moduan “politikotik baino, emozionaletik” landuaz; 1942an espetxeak hiltzea zentzurik ez bazuen jada, ba ote du zentzurik gaur?
Egun, oraindik, 18 larriki gaixo diren euskal preso daude Frantziako, Espainiako eta Euskal Herriko espetxeetan eta 36 bizia gaitzak jota (psikikoa edo fisikoa) galdu dutenak. Ahaztu gabe, espetxetik heriotza ate joka eta gaitzak atzera-bueltarik ez duenean kaleratu dituzten guzti horiek. 1942an bezalaxe, gaitza eta espetxearen arteko talkak heriotza zigorra izaten jarraitzen du oraindik ere.
Film-dokumental honen bitartez errealitate mingarri honek sortzen duena erakutsi nahi dugu. Horretarako Garrok espetxea eta gaitza ezagutu duten pertsonekin, senideekin, adituekin… elkartu da, euren bizipenak batuz kontakizuna eraiki asmoz.
SINOPSIA. Diagnostiko bat egiteko edo tratamendu bat izateko medikuarenera joatea gauza arrunta da kanpoko munduan. Baina preso den ororentzat bide oso zaila edo ezinezkoa da. Lander Garro, zuzendaria, kartzelan gaixo egotearen esperientzia bizi izan dutenengana joango da, zer ondorio duen hobeki ulertzeko. Diskurtso politikotik harago doan hizkuntza erabiltzen du, osasunerako eskubiderik ez duten presoen indefentsioa emozioen ikuspegitik esploratuz, artefakto zinematografikoaren baten bidez. Film politikoa baino gehiago film artistikoa da Tipularen sehaska kanta, lehen pertsonan eta hesteetatik kontatua.1942an kartzelan hil zen Miguel Hernandez poeta espainiarraren Nana de la cebolla olerkitik abiatuta, analogia historikoa egiten du filmak: 1936ko gerran preso hiltzeak zentzurik ez bazuen, zentzurik ba ote du gaur?