BAI, PAUSOA BIZKORTZEA POSIBLE DA, ETA BEHARREZKOA

BAI, PAUSOA BIZKORTZEA POSIBLE DA, ETA BEHARREZKOA

ENPRESA KOMITEEN AGERRALDIA

Gaurko agerraldi honen bidez, Nafarroako KYB suspensiones, Graficas Estella SL, Sunsundegi, Aceros Moldeados, Xilema fundazio, Kasedako zaharren egoitza, Tasubinsa, Elkarkide, San Fermin Ikastola eta beste hainbeste enpresatako komiteek Sare Herritarrak aurkeztutak manifestuarekin bat egiten dugula aditzera eman nahi dugu. Zentzu horretan, hamaika dira manifestu hau babestu duten ordezkari eta langileak.

BAI, PAUSOA BIZKORTZEA POSIBLE DA, ETA BEHARREZKOA

Azken hilabeteotan aldaketak gertatzen ari dira espetxe politikan. Euskal presoen kopuru garrantzitsua mugitu dute beren familien bizilekuetatik hurbilago dauden kartzeletara. Zalantzarik gabe, hurbilketa horrek arintzen du familia askoren egoera, errepidean izandako 400 istripu baino gehiagotan 16 hildako izan ondoren. Itxaropena dakarren aldaketa hau zor zaio, batez ere, Nafarroako gehiengo politiko, sozial eta sindikalaren bultzada antolatuari. Egokia da erabakiaren balioa aitortzea eta aintzat hartzea, iraganeko inertziak hautsi eta konponbideak helburu dituen noranzkoa hartzen saiatzeagatik. Eta beharrezkoa da, aldi berean, aldaketa honetan lagundu duten gehiengo sozial eta politikoak proaktiboak izatea bide hau urratzen segitzeko, orain tinkoago, ausartago eta bizkorrago aurrera egiteko, posible eta beharrezkoa de- lako. Izan ere, horretarako baldintzak badaude, eta eraiki nahi dugun etorkizun hori, konponbidean eta elkarbizitzan oinarritua, gero eta argiago eta eskurago dago… Konponbideak ekarriko duen prozesu hori beharrik gabe luzatzea sufrimendua areagotzea besterik ez da, eta onuragarria da, soilik, behin betiko konponbide orokor batera daraman aurrerapauso orori trabak eta oztopoak jartzen tematuta daudenentzat.

Horrenbestez, manifestu hau sinatzen dugunok eskatzen diegu espetxe politikaren arloko eskumenak dituzten agintariei:
1. Euskal presoen hurbilketa prozesua burutzea, guztiak ingurune sozial eta familiarretik hurbilen dauden espetxeetan egon daitezen.
2. Euskal preso guztiei irmotasunez ezartzea salbuespenean oinarrituta ez dagoen espetxe politika, graduen progresiorako aukera emanez, zentzuzko epe batean egin dezaten espetxetik ateratzeko ibilbidea.
3. Adin nagusiko presoak eta eritasun larriak dituztenak lehenbailehen ateratzea kartzelatik.
4. Kartzeletan Covid-19ak eragindako pandemia dela-eta hartu diren salbuespeneko neurriak moldatzea, nazioarteko erakundeen gomendioak betez, hau da, espetxetik modu kontrolatuan ateratzeko politikak baliatzea, espetxeetan dauden presoen kopurua ahal den gehien gutxitzeko.

Azkenik SARE Herritarrak uztailaren 3an, arratsaldeko 18:00tan, Iruñeko Ziudadelako Harresian “Ibilian-ibilian, etxerako bidean” leloarekin deitu duen herrialdeko mobilizazioarekin bat egiten dugula adierazten dugu eta langile orori bertan parte hartzeko deia luzatu nahi diogu. Eskerrik asko!