Uztailaren 22, 23 eta 24ean bizikleta itzulia antolatu du SAREk ibilian-Ibilian Etxerako bidean udako kanpainaren baitan

Uztailaren 22, 23 eta 24ean bizikleta itzulia antolatu du SAREk ibilian-Ibilian Etxerako bidean udako kanpainaren baitan

Ikusten duzuen moduan bizikleta itzulirako prest gaude! Dakizuenez, azken hiru-lau urteetan uztailean, Euskal Herriko txoko ezberdinak zeharkatzen dituen bizikleta itzulia antolatu ohi dugu, ehunka pertsona bi gurpilen gainean aldarri baten baitan batuz. Aurten ere antolaketa lanetan murgilduta gaude.

Uztailaren 22, 23 eta 24ean izango da aurtengo bizikleta itzulia. Nafarroa, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa zeharkatuko ditugu aurten, iaz egin genuen moduan, segurtasun eta osasun neurriak bermatu ahal izateko, goizetik eguerdira bitarte izango diren hiru etapa independente proposatuz.

– Lehena, uztailaren 22an, Garesen hasiko da, Nafarroan, Oionen, Araban, amaituko delarik. 82km
– Bigarrena, uztailaren 23an, Bizkaian hasiko da, Sopelatik Mundakara ibilbidea eginez. 43km
– Hirugarrena, eta azkena, uztailaren 24ean Zumaian hasi, Gipuzkoan, eta Donostian amaituko da, hiria goitik behera zeharkatuz. 69km

Aurtengo bizikleta itzulia, Ibilian-Ibilian Etxerako bidean udako kanpainaren baitan kokatu dugu. Duela gutxi aurkeztutako kanpaina honekin, Sarek, aurtengo urtean eman diren aldaketa esanguratsuak oinarri hartuta, bere estrategia “etxerako bidea” gauzatzean kokatuko duela azaldu genuen;

Positiboki baloratzen ditugu emandako urratsak, baina urruntze politika euskal preso guztiak Euskal Herrian izatean soilik amaituko da.
Bi arrazoi nagusigatik:
1. Espetxe legediak hala adierazten duelako.
2. Eusko Jaurlaritzak, espetxe eskumenak eskuratu ostean iragarritako espetxe politika berria, euskal preso guztiei ezarri behar zaielako, inolako eszepziorik egin gabe.

Estrategia honen helburua, urruntze politikarekin guztiz amaitu, gradu progresioa era normalizatuan gauzatzea ahalbidetu eta legedia arrunta aplikatuz, euskal presoak dagokien etxerako bidea hartu dezaten urratsak ematean, hain zuzen ere. Etapa berri bat, elkarbizitza erdigunean ezarriko duen etapa berri bat hasteko unea iritsi delako. Horretarako baldintzak daude eta guztion ahaleginez, inor atzean utzi gabe, baldintza horiek baliatu behar ditugu, etapa luze-zahar hau atzean utzi eta berri bati bide emateko.

Horregatik, aurtengo bizikleta itzulian horixe izango da gure aldarri nagusia; etxerako bide horretan pedalkadaz-pedalkada kilometroak batzera goaz!

Aipatutako hiru etapa hauetan izena emateko aukera gaurdanik zabalik izango duzue, uztailaren 16a bitarte, https://sare.eus/bizikleta-itzulia/ web orrialdean. Bertan etapa bat, bi edo hiruretara izena emateko aukera zabaldu dugu, etapa hasiera eta amaierarako autobusa ere jarriko dugularik.

Garesetik Donostiara, batu diezazkiogun guztion artean kilometroak etxerako bideari.