Ohi baino apur bat beranduago bada ere, Bilboko Aste Nagusia ate joka daukagu beste behin eta gure Bilbo zaharra, berriz ere, 9 eguneko festan murgilduko da. Esan genuen aurreko urtean ere: parranda, musika eta dantza egiteko egunak izango dira, lagunekin topa egitekoak eta, baita, milaka une edo momentu berezi bizitzekoak ere. Elkartzeko eta elkar besarkatzekoak. Eta Bilbo eta Euskal Herria mundura zabaltzekoak ere, dudarik gabe. Baina festaren magian murgiltzeko gogo izugarria badugu ere, ezin dugu ahaztu urteetako gatazkak ondorio larriak utzi dituela gure Herrian eta oraindik ere, ondorio hoiek sufritzen ari diren herritarrak dauzkagula Bilbon zein Euskal Herrian.

Larunbatetik aurrera Mari Jaia Bilboko txoko ezberdinak jaiez, alaitasunez eta berdintasunez beteko ditu eta guk ere, Mari Jaiarekin batera, jaian murgilduko gara. Baina gure poza ez da osoa izango. Mari Jaia Bilboko kaleetara atera zen lehen alditik hona, gure hiri zaharrak ez duelako, behin ere, preso, iheslari edo deportaturik gabeko Bilbo ezagutu. Eta zentzu horretan, helmuga bat finkatu dugu: aurtengoa izan behar da azkena. 2027ko Aste Nagusia errepresaliaturik gabeko Aste Nagusia izan behar du. Nahikoa luzatu delako salbuespenean eta mendekuan oinarritua izan den espetxe politika bidegabea. Nahikoa luzatu delako sufrimendua.

Horregaitik esan nahi dugu ozen: 2027ko Aste Nagusian, denak etxean!! Eta denak etxean diogu, guk ez dugulako horrelako Bilbo edo Euskal Herririk nahi. Ez dugu euskal gizartea gainditua egon beharko liratezkeen eszenatokietan betikotu nahi. Bilbo eta Euskal Herria, preso iheslari eta deportaturik gabeko agertoki batean nahi ditugu, eta horregaitik, beste behin ere, salbuespen legeen kontra eta gatazkak utzitako ondorioak gainditzearen alde oihu egiteko bildu gara gaur hemen.

Hamarkadak daramatzagu presoen etxeratzea aldarrikatzen eta benetan uste dugu badela garaia “Etxera” aldarria erreibindikazio izatetik guztion lorpen izatera pasatzeko. Eta egia da, aurreko urtetik hona aurrerapausoak nabarmenak izan direla. Hori onartu beharra dago. Baina soluzioa azken preso, iheslari eta deportatua bere herrira itzultzean emango da, eta errealitate hori gauzatzen ez den bitartean, lanean eta bidegabeko egoera hau salatzen jarraituko dugu.

Horregaitik deitzen ditugu Bilbotar, bizkaitar zein euskal herritar guztiak, abuztuaren 28an, “Bizkaiko Etxera Egunean” parte hartzera. Preso, iheslari eta deportatuen etxeratzearen aldeko aldarria lau haizeetara ozen oihukatzera.

– Lehenengo hitzordua 13:00etan daukagu, Eliptika plazan hasi eta udaletxean amaituko den MANIFESTAZIO girotsuarekin.
– 15:00etan, Herri Bazkari bat egingo da txosnagunean.
– Eta egunarekin amaitzeko 17:30tan, ekitaldi xume bat egingo dugu Atzekalden, ostean guztiok berriro ere jai giroan murgiltzeko.

Beraz, animatu eta parte hartu!