Ari gara Donostiako Aste Nagusiaren amaierara heltzen eta burutu dugu, urtero egin ohi dugun moduan euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzearen aldeko manifestazioa. Aurten, lehenbizikoz gainera, Donostiako Piratek eta Sare Herritarrak elkarlanean antolatua. Bat egiten dugu pirata, xibaro, senide zein gipuzkoarrok, gehiegi luzatu den eta gehiago ezin luza daitekeen auzi baten konponbidearen alde. Urte luzez sufrimendu izugarria eragin duen eta eragiten jarraitzen duen euskal preso, iheslari eta deportatuen auzia helmugara eraman nahi eta behar dugu.

Iaz aipatu genuen 18 zirela beraien zigorrak erregimen itxian betetzen ari ziren preso gipuzkoarrak, aurtengoan zorionez diogu, nahiz eta legez guztiek egon beharko luketen kalean, 8 soilik direla egunerokoan kalea zapaltzen ez duten Euskal Preso Politikoen Kolektiboko gipuzkoarrak. Egia da badugula egitekorik oraindik, baina etxeratze prozesuan asko aurreratu duguna ukaezina da.

Are gehiago, datorren Urrian 15 urte beteko direnean ETAk bere jarduna eten zuenetik, auziaren anakronia eta sufrimendua luzatzearen mendeku gosea are ebidenteagoak dira egun. Berdina salbuespen politika este legeekin, Aznarrek 2003. urtean zigor betetze urteak 30 urtetik 40ra luzatu zituen 07/2003 legeak, orduan ere salbuespena erakusten bazuen, gaur egun are eta larriagoa da lege honen existentzia.

Iheslari eta deportatuei ere neurrirako aipamena zor diegu. 2026. urte honetan 2 iheslarik galdu dute bizia 4 hamarkada erbestean eman ondoren eta entzutegi nazionalak iheslari eta deportatuen egoeraren konponbideari eragiten dien blokeoa eta ankerkeria dira muturreko egoera hauen eragile eta arduradun. Konponbide integralaz ari garenotan, ezinbestekoa da muturrekoak diren egoera hauei ahalik eta lasterren konponbide bat eskaintzea.

Argi ditugu zein diren oztopoak, argi ditugu zein diren konponbide justu eta iraunkor batera bidean eman beharreko urratsak. Argi dugu zein den helmuga, euskal preso, iheslari eta deportaturik gabeko Euskal Herria, eta eszenatoki horretara ailegatu arte jarraituko dugu lanean.

Hilabete erabakiorrak izango dira datozen hauek, egunerokoan kalea zapaltzen jartzeko falta diren 8 gipuzkoarrak zein, osotara falta diren 28ak erregimen irekirako jauzia eman dezaten. Lanean jarraituko dugu helburua eskuratu arte, Helmuga eskuratu arte, euskal preso, iheslari eta deportaturik gabeko Euskal Herria eskuratu arte.

 

EUSKAL PRESO, IHESLARI ETA DEPORTATUAK ETXERA!