Preso, iheslari eta deportatuak etxean izan behar direla aldarrikatu dugu Bilboko Aste Nagusian
Aste nagusian jai giroa nagusitu bada ere, beste behin, argi erakutsi dugu aldarrikapenerako tartea hartzen ere badakigula. Aste nagusian zehar hamaika izan dira etxera ikurrarekin apaindu ditugun Bilboko txokoak. Hamaika izan dira etxeratze prozesuaren aldeko aldarrikapenak egin ditugun momentuak. Hamaika gara beste behin, gatazkaren konponbideari ateak irekitzeko unea dela eskatzeko elkartu garenak.
Pixkanaka bada ere, ari gara etxeratze prozesuan aurrera egiten, nabarmenak dira azken urtean emandako aurrerapausoak. Handiak dira hala ere falta ditugun pausoak, euskal preso, iheslari eta deportatuen auziari aterabide osoa ematea da eskatzen duguna. Behar bat delako, behar bat delako gatazkaren konponbidea gehiago ez luzatzea, behar bat delako hainbeste urteren ondoren ateak irekitzea. Behar bat da konponbidearen auzia urte gehiagotan, belaunaldi gehiagotan ez luzatzea.
Euskal gizarteak aurrerapauso hori emateko prest dagoela erakutsi du, prest gaudela erakutsi dugu. Euskal presoek espetxeetako ateak gainditzeko unea da, iheslari eta deportatuak etxera itzultzeko askatasuna izateko unea da, biolentzia ezberdinen biktimek errekonozimendu osoa izateko unea da. Koponbideari ateak irekitzeko prest gaude, elkarbizitzaren bitartez, eraikitzeko unea da.
Bilbotarrok eta Bizkaitarrok mezu argi bat zabaldu dugu udan zehar, oporraldietan, hondartzetako mobilizazioetan, jaietan zehar. ETXERA. Azken urtean zehar konponbiderako giltza izan garela esan dugu, eta bai, sarrailari buelta bat eman diogu, eta bigarren buelta bat ere emango diogu. ETXERA aldarrikapen izatetik, errealitate izatera pasako dugu, ateak ireki eta ETXERA esango dugu ozen.
Euskal Preso, Iheslari eta Deportatuak ETXERA!