Datorren urtarrilaren 11n Bilboko kaleak betetzeko deia egiten diogu euskal gizarteari
Prentsaurreko honetan agerraldia egingo dugu, euskal gizarteari, zuen bitartez, datorren urtarrilaren 11n Bilbo 17:00etan La Kasilatik eginen dugun manifestazioaren deialdia helarazteko. Beste behin ere, euskal gizartearen zati handi baten aldarrikapenek itxaropenez beteko ditu Bilboko kaleak.
Gaur, euskal gizarteari gogorarazi nahi diogu azken hamar urte hauetan, konponbidearen, elkarbizitzaren eta bakearen aldeko lana izan direla SAREren ezaugarri nagusiak, eta halaxe izango direla aurrerantzean ere, gure mugimendua sortzean jarri genituen helburuak lortu arte: konponbide integral bat erdiestea gure herrian indarkeria eta sufrimendu urteek utzitako ondorio guztietarako.
Prozesu honetan, premiazkoa da orain behin betiko irtenbide justua ematea euskal preso, erbesteratu eta deportatuen gaiari, bai eta tratamendu justua ere indarkerien biktima guztiei.
BEHIN BETIKO KONPONBIDEA. Arazoak, handiak nahiz txikiak, lotuta egoten dira eguneroko gorabeherekin, eta batzuetan hutsalak dira eta beste batzuetan historiaren norabidea alda dezakete. Arazo horietan guztietan ziklo bat betetzen da: sortu, garatu eta konpontzea. Edo ezer ez egitea. Konpontzen ez diren arazoak, ordea, gaiztotu egiten dira, eta gizartean sakondu egiten da arrakala, sufrimendu handia pasatu ondoren elkarbizitzan aurrera egin behar duen gure jendartean. Arazoetako batzuetarako soluzioak aurkitu dira. Gatazka luze honen beste ondorio batzuek, aldiz, oinazea eta bidegabekeria eragiten dituzte oraindik. Ondorio horien artean nagusietako bat euskal presoei ezartzen zaizkien salbuespenak dira, haien eskubideak urratzen segitzen dutenak, ETA desagertu zenetik sei urte baino gehiago iragan badira ere. Behin betiko konponbide bat behar da, beraz, gai horretan ere.
BEHIN BETIKO ELKARBIZITZA. Espetxeen, erbesteratuen eta deportatuen auzirako konponbide justua lortzeak lagunduko digu denoi elkarbizitza sendoa eraikitzen. Eta horretan lagungarria izango zaigu, halaber, gure herrian sufritu ditugun indarkeria guztien biktimei aitortza eta babesa ematea. Biak ala biak gure herrian betiko elkarbizitza lortzeko gako nagusiak dira.
BEHIN BETIKO BAKEA. Indarkeriarik ez egotea ez da nahikoa gure herrian konfrontazioak utzi dituen bidegabekeriak bukatutzat emateko. Euskal gizarteak gainditu ditu sufritutako bortxazko egoerak, eta garaia da bizitako konfrontazioaren emaitza diren bidegaberiazko egoerak ere gainditzeko. Euskal gizarteak, eskuzabaltasunez, zintzotasunez eta erantzukizunez, azken hamarkada honetan erakutsi du posible dela askatasunean bizitzea eta aurrera egitea, ahaztu gabe baina gorrotoan tematu gabe. SAREn lanean segituko dugu agertoki hori lortzeko, eta bake justuaz hitz egiten oraindik uzten ez diguten korapiloak askatzen lagunduko dugu hemendik aurrera ere. Askatasunean eta bestearekiko begirunez bizi eta jarduteak ekartzen dituzte elkarbizitza eta behin betiko bakea. Helburu hori amets bat baino zerbait gehiago da. Euskal gizartean lortu behar dugun gutxienekoa da, eskubidea dugulako hurrengo belaunaldiei guk gure aurrekoengandik jaso genuena baino gizarte hobea uzteko.
Horregatik guztiagatik, helburu hori lortzea gu guztion kontua da. ESKUBIDEEZ ari gara. GIZA ESKUBIDEEZ ari gara eta hori da hain zuzen ere euskal gizartearen gehiengo zabala batzen duena.
Datorren urtarrilaren 11n, Bilboko kaleak, euskal gizarteak guztioi eskatzen digunaren adierazpen argia izango dira. Ordua da. Behin betiko: KONPONBIDEAREN, BAKEAREN ETA ELKARBIZITZAREN UNEA DA.