Uztailaren 3an, Iruñeko Ziudadelako Harresia inguratuko duen “Ibilian-ibilian, etxerako bidean” manifestazioa burutuko dugu
1987an eta 1988an hasi zen euskal presoak haien jatorritik urruntzeko eta sakabanatzeko politika. 1989tik aurrera, Estatuaren luze-zabalean sakabanatutako 50 espetxe baino gehiago (Kanariak, Balearrak, Ceuta eta Melilla barne) preso dagoen edozein pertsonari dagozkion eskubideak urratzeko leku bihurtu ziren eta hala izan dira ia 35 urtez. Eskubide horietako bat da zigorra presoaren ohiko bizilekutik bete ahal izatea, hala ezartzen baitu espetxeen arloko araudiak, bereziki Espetxeen Lege Organiko Orokorraren 12. artikuluak (1979).
Sakabanaketak zigor erantsia ezarri zien presoen senideei, asterik aste urrunera bidaiatu behar izan dutelarik. Bidean geratu dira bidaia luzeen ondorioz larritutako adinekoen eta ume txikien neke fisiko eta mentala; trafiko istripuak –16 pertsona hil dira halakoetan–; pertsona horiek izan duten kostu ekonomiko handia…..Azken finean, zigor krudela izan da delitu bat dela-eta inoiz epaituak izan ez direnentzat; baina, hala ere, errepresalia gisa diseinatutako espetxe-politika gizagabe baten ondorioak jasan dituzte.
Hiru hamarkada baino gehiago pasatu behar izan dira gaur beste egoera batez hitz egiten hasi ahal izateko. Penintsularen hegoaldeko (Andaluzia) kartzela baino ez da falta euskal presorik izateari uzteko. Espero dugu egoera hori amaitutzat jo ahal izatea datozen asteetan. Baina urruntze egoerari buruzko aipamen berezi bat egin nahi dugu, egoera hori orokorrean hartuta. Gaur egun, preso asko daude oraindik penintsularen iparraldean sakabanatuta, Euskal Herriko espetxeetan kokatzearen zain. Orduan izango da, euskal presoak lehen aipatutako espetxeetatik ateratzen direnean eta guztiak hemen daudenean, orduan hitz egin ahal izango dugu gure Herrian bizikidetza normalizatzeaz. Horregatik, presoak Euskal Herrian kokatzea helburu utziezina da oraindik euskal gizartearen zati handi batentzat.
Horregatik ezinbestekoa da, askatasunaz gabetzeko arrazoia edozein dela ere, euskal preso guztiak EHko espetxeetara aldatzea, non dagozkien espetxe-neurriak aplikatu beharko zaizkien.
Aipatu dugun egoera berri hori pertsona askoren esfortzuei esker lortu da. Euskal gizartearen zati handi batek euskal presoen giza eskubideen urraketa bertan behera uztearen alde egin du, bakoitzaren ideologia edo alderdia alde batera utzita. Besteak beste, horren alde egin dute SARE Herritarraren eta antzeko erakundeen bitartez artikulatutako emakumeek eta gizonek, eta alderdi politikoek, sindikatuek eta erakundeek. Guztien artean adostasun garrantzitsuak eratzea ahalbidetu dute. Guztien ekarpenarekin lortu da Espainiako Gobernuak jarreraz aldatzea. Gizartearen mobilizazio horrek, ETAk emandako urratsekin eta Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPK) hartutako konpromisoekin batera, oraindik helmugara arte guztiz egin ez den bidea lautu dute.
Argi izanda oraindik bide luzea dugula egiteko. Jakin badakigu eginahala zaila dena, baina beste urrats bat egiteko asmo irmoa dugu. Behin betiko urratsa: etxera ekartzeko bidea hastea. Orain ETXERAKO BIDEAN jartzeko unea da.
Gure aldarrikapena da etsaiaren Zigor Zuzenbidean oinarritutako eta iraganeko garaietarako diseinatutako salbuespeneko espetxe-politika amortizatzea, eta lege arruntean oinarritutako beste bat aplikatzea. Hala, zigorra eta ordaintze hutsa arauen espiritua eta edukia urratzen dituzten printzipio izatera pasatuko dira, eta, haien ordez, gizatasuna, erreparazioa eta bizikidetza izango dira ardatz.
ETXERAKO BIDEAN jartzea da SARE herritarraren estrategia eta dinamika berria hemendik aurrera, orain arte bizikidetzaren, konponbidearen eta bakearen alde egindako lana ahaztu gabe, baina etxera itzultzeko bidea egin behar dela nabarmenduz, irmo.
ETXERAKO BIDEAN. Hasteko, kartzelatik atera beharko liratekeelako, berehala, gaixotasun larriak dituzten pertsonak, eta 70 urtetik gorakoak. Espetxean mantentzeak ez dauka inolako justifikaziorik.
ETXERAKO BIDEAN. Espetxeratutakoen %90 baino gehiago, irizpide politiko hutsetan oinarritutako sailkapen politika aplikatu izan ez balitzaie, bigarren graduan ematen diren baimenak izateko aukera izango zuketelako legeria arrunta aplikatuta. Ondorioz, aspaldi egongo ziratekeen hirugarren gradua lortzetik hurbil, kondena erdi-askatasunean betetzeko aukerarekin.
ETXERAKO BIDEAN. Presoen heren batek baino gehiagok beteta dituztelako –batzuek aspaldi– auzitegiek ezarritako kondenaren hiru laurdenak. Salbuespenezkoa ez den espetxe-politika bat aplikatuta, hirugarren graduan leudeke jada, eta baldintzapeko askatasuna izango lukete.
ETXERAKO BIDEAN. Zigorrak oso-osorik eta modu efektiboan betetzeko neurriei buruzko 7/2003 Lege Organikoa onartu eta gero epaitu eta zigortu zituzten 60 euskal preso inguru salbuespenezko araudi bat aplikatuta epaitu eta zigortu zituztelako. Lege horren ondorioz, 40 urteko askatasun-gabetzeak ezarri zitzaizkien, baita hirugarren gradua eta baldintzapeko askatasuna lortzeko muga gaindiezinak ere. Kasu horretan, araudi arrunta aplikatu behar da.
ETXERAKO BIDEAN. Frantziako espetxeetan kondena bete zuten 50 euskal presori ad hominen idatzitako lege bat, Europar Batasunean aurrekari penalen informazioa trukatzeari eta arlo penaleko ebazpen judizialak aintzat hartzeari buruzko 7/2014 Lege Organikoa, aplikatzen ari zaie. Euskal presoentzat beren-beregi egindako legea da, salbuespenezkoa, eta Europar Batasunean espetxean betetako urteak zenbatzea eragozten die. Lege hori idatzi zenean, klausula zehatzak sartu ziren euskal presoen kasuan zenbaketa hori eragozteko.
ETXERAKO BIDEAN. Gure herriak sufrimendu asko bizi izan duelako, bizitza asko galdu eta elkar ulertzeko zubi asko apurtu direlako, eta gizarte gisa berreraiki egin behar dugulako, bizikidetza oinarri hartuta.
Norabide horretan gizartearen aktibazio eta mobilizazioak oso garrantzitsuak izan behar dira hemendik aurrera ere eta horregatik gaur hemen beste mobilizazio baten berri eman nahi dugu. Datorren uztailaren 3an, arratsaldeko 18:00tan Iruñeko Ziudadelako Harresia inguratuko duen “Ibilian-ibilian, etxerako bidean” manifestazioan parte hartzeko deia luzatu nahi diogu Nafarroako jendarteari.
ORAIN DA UNEA. Orain egin behar dugu etxerako bidea. Guztion artean lortuko dugu!