Amaitu da Bizikleta itzuliaren 2. etapa

Amaitu da Bizikleta itzuliaren 2. etapa

Amaitu da bigarren etapa. Azken txanpa baino ez zaigu geratzen jada Sareren bostgarren bizikleta itzuli honi amaiera emateko. Bizkaia eta Gipuzkoa zeharkatu ditugu eta kosta eta barnealdea batu gaurko etapa honetan. Eta iritsi gara Azpeitiara.

Pedalkadaz pedalkada, etapaz etapa, bidea egiten ari gara, Etxarrin abiatutako Donostian amaituz, hasitako bidea helmugara eramanaz. Eta horixe da gure aldarrien baitan zabaltzen ari garen mezua ere; hasitako bidea helmugara eraman nahi dugula, herritarron bultzadaz abiatutako espetxe politika honen aldaketa herritarron bultzadaz dagokion helmugara eramatera goazela! Legedi arruntaren aplikazioaz, preso guztien euskal herriratzeaz, giza eskubideen errespetuaz, gradu eta baimenen ahalbidetzeaz, larriki gaixo diren presoen eta adinez nagusi direnen etxeratzeaz, … finean, legearen arabera espetxe sistemaren funtsa den eta preso orori dagokion etxeratze prozesua gauzatzeaz hitz egiten ari gara, ez gehiago!

Ez du zentzurik bide hori luzatzeak, ganoragabeko geldialdirik egiteak, oztopoz jositako saihesbideak ezartzeak, ez eta aurrera egin nahi ez dutenen mehatxupean aritzeak. Salbuespeneko espetxe politikak behin betiko amaitu behar du, atzerapen gehiagorik gabe.

Horregatik gaude gaur ere hemen. Honaino ekarri gaituen kale aktibazio eta herritarren konpromisoa batuz bidea eginez, helmugara iritsi arte. Biharkoan, bizikleta itzuliaren azken etapa egitea izango da, abuztuaren 3an Gasteizko kaleak betetzea, abuztuaren 20an Donostiako Aste Nagusia festa aldarrikatzaile bilakatzea, abuztuaren 26an aldarri bera Bilbora eramatea eta urriaren 8an, Euskal Herri osoa batuz, Izan Bidea dinamikako azken kilometroak egin eta Ilunbe milaka pertsonaz betetzea. Badugu datozen asteetarako zeregina!

Goza dezagun gaurko atsedenaldiaz eta ekin diezaiogun gogoz bihar itzuli honetako azken etapari!
Etxera bidea gertu!