Konponbide Osoa Orain | Apirilaren 3ko kontzentrazioetan irakurri den testua

Konponbide Osoa Orain | Apirilaren 3ko kontzentrazioetan irakurri den testua

Atzo eta gaur, Béatrice Molle-Haran eta Txetx Etcheverry Parisko auzitegi korrekzionalean agertzen ari dira. 2016ko abenduaren 16an, Luhuson, biak saiatu ziren ETAren armategitik zetozen armak eta lehergailuak neutralizatzen. Ekintza hori euskal gizartearen gehiengoak eta joera politiko ia guztien ordezkariek babestu eta txalotu zuten.

Pertsona horiek, indarkeriarik gabeko konpromisoagatik aintzatetsitako aktibistak, hildako beste batzuekin batera, ETAren armagabetze seguru eta ordenatua ahalbidetzeko Paris eta Madrilen ekimenik eza konpentsatzera etorri ziren; ETAk bost urte lehenago borroka armatuari amaiera ematea erabaki baitzuen. Bi estatuek, aldiz, errepresioarekin, presoen sakabanaketarekin eta salbuespen-politikekin jarraitu zuten.
Luhusoko ekintzaren helburua agintarien bost urteko inmobilismo arriskutsuari amaiera ematea izan zen. Luhusoren ondoren, beste “Bakearen Artisauk” ekimen berri bat burutu zuten, eta 2017ko apirilaren 8an, hogei mila pertsona bildu ziren Baionan ehunka pertsonek egindako armategiaren neutralizazioa babesteko.

Ondoren, Frantziako Gobernuaren eta Bakearen Artisauen artean euskal presoen gaiari buruzko lan gune ofizial bat sortu zen lehen aldiz, eta horrek espetxeratze baldintzetan aurrerapausoak ematea ahalbidetu zuen. 2018ko maiatzaren 3an, ETAk bere disoluzioa iragarri zuen ofizialki.

Oraindik lan handia dago egiteko bake osoa eta iraunkorra lortzeko, mendeku gogorik gabekoa alegia. Horrek ekarriko du biktimak behar bezala aitortzea, oraindik kartzelan edo erbestean dauden pertsonen egoerari heltzea, eta memoria- eta egia-betebeharra betetzea. Hala ere, uste dugu Luhusok bost urteko immobilismoaren amaiera markatu zuela eta Euskal Herrian aukera berriak zabaldu zituela.

Horregatik, Beatrice Molle-Haran eta Txetx Etcheverry absolbitzea eskatzen dugu. Absoluzio hori Euskal Herriko gatazka armatuaren ondorioei heltzeko determinazioa eta gure historian kapitulu berri bat irekitzeko borondatearen zantzu argia izango litzateke.