Durangon amaitu zen aurtengo 5. bizikleta itzuli honen lehenengo etapa

Durangon amaitu zen aurtengo 5. bizikleta itzuli honen lehenengo etapa

Iritsi gara eta eman diogu amaiera aurtengo 5. bizikleta itzuli honen lehenengo etapari. Bejondeizuela!

Goizean goiz Etxarrin abiatu dugun martxa Arabatik igaro eta Durangora iritsi da. 100 km egin ditugu bidean, guztira 4.000km batuz kontagailura.

Etxera bidea gertu! aldarrikatzen gabiltza; herri gisa euskal preso eta iheslarien etxeratze prozesua egiteko prest gaudelako eta azken urteetan abiatutako espetxe politikaren aldaketek sortutako aukerek etxera bide hori gero eta gertuago egotea ekarri dutelako. Ez gara aspertuko ordea, herritarren bultzada bide hori muturreraino eramateko ezinbestekoa dela esateaz. Kale aktibazioaren bitartez, adostasunak lortuz, ezberdinak elkartuz, … iritsi gara honaino. Jarrai dezagun bada bide berean.

Gaurkoan, pedalkadaz-pedalkada ekin diogu bide horri; salbuespen legediarekin amaitu, presoen euskal herriratzea guztiz eman dadin eskatuz, gradu progresioen aurkako oztopo eta jarrerak baztertzeko exijituz eta preso orori dagokion etxeratze prozesua eman dadin kilometroak batuz. Horixe da bizikleta itzuli honekin aldarrikatzen gabiltzana eta horixe baita ere datorren Urriaren 8an Donostiako kaleetan egingo den mobilizazio koloretsu erraldoiaren bitartez eta Ilunben antolatutako jaialdiaren baitan aldarrikatuko duguna. Beraz, animatu! Animatu bihar gurekin bigarren etapari hasiera ematera eta animatu datorren urriaren 8an Donostian azken kilometroak egin eta ospatzera!

Urkiolako portua igota, merezitako dutxa eta afariaz gozatzeko tartea izango dugu orain, biharko indar berritu eta bigarren etapari gogoz ekiteko! Aupa zuek!