Herri Lasterketa Iruñeko espetxetik Gazteluko plazara “etxera bidea gertu” lelopean
Lehenik eta behin eskerrak eman gaurko ekimen xume honetan parte hartu duzuen guztioi. Gaurkoan ere batu ditugu kilometroak, batu ditugu urratsak elkarbizitzaren, bakearen eta euskal presoak etxeratzearen alde! Eskerrik asko eta biba zuek!
Gaurkoan bi kontu nabarmendu nahi ditugu:
Batetik, salatzen jarraitzea. Ezin da normalizatu, normala ez dena. Oraindik, egun, urrunketa eta salbuespenezko neurriak dira euskal presoei aplikatzen zaizkien neurriak.. Behin eta berriz errepikatzen da. Aste honetan bertan ikusi dugu Xabier Atristainekin. Auzitegi Gorenak Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren epaiaren aurka hartutako erabakia sinesgaitza, ulertezina eta, batez ere, giza eskubideen errespetuaren guztiz kontrakoa da.
Eta bai, urrunketari dagokionean eman dira urratsak, ehuneko 62 Euskal Herriko espetxetan dago, baina ehuneko 38 oraindik EZ. Ez bakarrik hori, euskal presoei ezartzen zaien salbuespenezko espetxe-politikak, hau da, urrunketak, zigorren luzapena edota ia bizi osoko zigor luzeen ezarpenek eta hirugarren gradura igarotzeko edota baimenak lortzeko oztopoek, herri honetan elkarbizitzaren eta bakearen alde ematen ari diren aurrera urratsak oztopatzeko asmo garbia dute. Eta ez dugu onartuko!
Bigarrenik mobilizatzen jarraitzeko deia. Gizarte aktibo bat behar dugu presoen gaia erdigunean jarriko duena eta bultzada egingo duena behin betiko korapiloa askatu eta presoak etxerako bidean jartzeko.
Ekainaren 18an arratsaldeko 18:00 Iruñeko Itsumisioaren Parketik (Nahitaezko irteera aldaketa egin eta gero) abiatuko den manifestaziorako deia luzatu nahi dugu gaur hemen. Iruñeko erdigunea den Gaztelu Plaza honetatik beraz, Nafarroa osora luzatzen dugu deia, eskualde, herri zein auzoetako herritarrak bildu nahi ditugu Iruñeko kaleetan. Elkarbizitzaren, bakearen eta presoak etxeratzearen alde bazaude, gorde data eta zatoz gurekin.