Urtarrilaren 7an Gazteok Bilbora
Gaur hemen, Euskal Herrian arlo desberdinetan lanean gabiltzan gazteak bildu gara. Egunero gure gizartea eraldatzeko lanean gabiltzanak, mundu osoan zehar lanean dauden gazte belaunaldi ezberdinak bezala. Baina besteongandik desberdintzen gaituzten hainbat errealitate ere bizi ditugu, eta horiek ere aldatzen eta garatzen saiatzen gara. Horregatik bildu gara gaur hemen.
Euskal Herrian hamarkadak iraun duen gatazka bat bizi izan da, eta horrek agerian uzten ditu hamaika arlo oraindik lantzeke daudela. Gainera sufrikario handia eragin izan du bide desberdinetatik gatazka honek, nahiz eta azken hamarkadan elkarbizitza eta bakerako bidean pauso desberdinak eman. Lehen ikusi ezin zirenak elkarrekin aritzeko ekimenak ezagutu ditugu, errealitate ezberdinen ezagutzak ere, baina oraindik ere salbuespenezko espetxe politikaren gogortasuna ezagutzen dugu.
Urrunketa politikaren aldaketa ikusi dugun arren, oraindik badaude urrunduak dauden presoak, eta honekin amaitu behar da berehalakoan. Eta aldaketa honek itxaropena sortu badigu ere, oraindik salbuespenezkoak diren beste neurri asko indarrean daude.
Aurrera urratsak diren gradu progresioetan, audientzia nazionaleko fiskaltzatik errekurrituta ematen ari diren erregresioek bereziki kezkatzen gaituzte. Lege arrunta eskuan hartuta, bide hori egiten ez uzteak, mendeku hitza soilik dakarkigu burura. Estatuaren zein eskuin muturraren esku-hartzeak, gatazkaren ondorioen konponbiderako daukagun oztoparik nagusiena dira gaur egun. Interes hauenpean herri oso bat iraganean eta gatazkara kateatzea bilatzen dute. Horren aurrean guztiok pausu bat emateko deia luzatu nahi dugu.
Oztopo guztien aurrean, gazteok konponbiderako hautua egiten dugu. Belaunaldi bezala, momentu historiko honek eskatzen duen erantzukizuna gure gain hartzen dugu, nahiz eta gatazkaren gordintasuna gure azalean bizi ez dugun lehen belaunaldia garen. Horregatik, gatazkaren ondorioak bizi dituen azken belaunaldia izan nahi eta behar dugu. Eta hau, urrunketa eta salbuespen politikarne bukaeratik pasatzen da.
Imanak bezala, elementuak hurbiltzeko gaitasuna eta indarra izanik, gaitasun hori erakutsi nahi dugu gazteontzako, euskal preso eta iheslariak etxerantz ekarriz, gertuago ekarriz. Berdintasunean oinarrituta egongo den bakea eta elkarbizitza ditugu helburu, eta bide horretan dauden egitekoetan ere eragin nahi dugu, Gatazkaren muinetara begiratu eta konponbideak erdietsi. Bide horretan, urtarrilaren 7an Bilboko kaleak beteko ditugu.
Horregatik, gazteriari, gure belaunaldi osoari, gurekin batera Bilbon egoteko deia
luzatzen diogu.
Urtarrilaren 7an gazteok Bilbora! Etxera bidea gertu!