Béatrice Molle-Haran eta Txetx Etcheverry bake artisauen absoluzioa eskatu dugu gizarte eragilee eta sdindikatuekin batera
Prentsaurreko honetan, Foro Sozialaren kide izandako zenbait sindikatuetako eta jendarte zibileko hainbat ordezkari bildu gara. Zehazki, honako eragile hauek gaude gaur hemen:
◦ ELA, LAB, ESK, STEILAS, ETXALDE, HIRU
◦ Antxeta Irratia, Bilgune Feminista, Etxerat, Egiari Zor, Gernika Batzordea, Herri Eliza, Hitz & Hitz, Bakea eta Duintasuna, Sare Herritarra
Sarrera hau Agus Hernan giza eskubideen aldeko ekintzaileak eta Begoña Atxa Sare Herritarreko ordezkariak egingo dugu. Ondoren, ELAko idazkari nagusi Mitxel Lakuntzak eta LABeko koordinatzaile orokor Igor Arroyok hartuko dute hitza.
Apirilaren 2an eta 3an, “Bakearen Artisauak” izenez ezagutzen direnen aurkako epaiketa burutuko da Parisen. Béatrice Molle-Haran eta Txetx Etcheverry auziperatu gisa bertaratu beharko dira.
Hemen gaudenok, beste ekimen askorekin batera, armagabetzearen agenda partekatu dugu. Euskal gizartearen inplikazioa beharrezkoa izan da eta izango da, bai gai honetan, bai, oro har, gatazka armatuaren konponbiderako beharrezko diren eginbideetan. Hala nola biktima guztien aitortzan, memoria eta egiarako eskubidean, baita oraindik preso edo erbestean dauden pertsonen bergizarteratzean ere. Azken gai horri dagokionez, ezin dugu ahaztu euskal presoei oraindik ere aplikatzen zaien salbuespenezko espetxe-politika gainditzeke dugula oraindik.
Hori dela eta, Bakearen artisauen aurkako epaiketaren aurrean erantzuteko beharra
partekatzen dugu, eta Ipar Euskal Herrian auzi hori dela-eta garatzen ari den dinamika zabalarekin bat egiten dugu.
Joan den martxoaren 16an, Luhuson egindako prentsaurreko masiboan, Euskal Herri osoko zein frantziar estatuko hainbat erakunde eta norbanako ezagun (politika, gizarte zibil, arte eta bestelako eremuetakoak) jendaurrean azaldu ziren, auziperatutako bi lagunen absoluzioa eskatu eta mobilizaziorako deia egiteko.
Gaurko prentsaurreko honekin, gure asmoa bikoitza da: alde batetik, eskaera hori Hegoaldean ere ikusaraztea; eta, bestetik, gure oinarri sozialei eta herritar guztiei dei egitea datorren apirilaren 3an Euskal Herriko zazpi hiriburuetan egingo diren mobilizazioetara.