Abuztuaren 5ean “ETXERA” manifestazioa andra mari zuriaren jaietan
Gaur, Kaminanten bildu gara Sare eta Etxerateko ordezkariok, Gasteizko jaietan preso, iheslari eta deportatuen eskubideen alde agertu izan diren beste hainbat eragilerekin batera agertu nahi izan dugu: ostalaritza ekimena, Gasteizko txosnak, Gasteizko Blusak eta Neskak eta senideak besteak beste.
34 urte baino gehiago eman ditugu urruntze politikaren amaiera eskatzen, ankerra eta gizagabea zelako. Baina urruntze politika hori gainditzeak ez du berekin ekarri euskal presoen eskubideen urraketaren amaiera, etxerako bidea oztopatzen duten salbuespen neurriak eta eskubide urraketak arau direlako oraindik.
Etengabeak dira fiskaltzaren eta Auzitegi Nazionalaren erasoak, mendekuan oinarritutako jarrerak, konponbidea zapuztu eta herri hau iraganean iltzatu nahi dutenak. Horren adibide dira gure herrialdean azken hilabetetan eman diren gradu erregresioak.
Askotan esan dugu ez dugula inongo pribilegiorik eskatzen: Salbuespena indargabetu eta lege arrunta aplikatuz, euskal preso guztiak etxera bidean jartzeko unea da.
Etxean nahi ditugu. ETXERA. Bai, etxera. Horregatik da hain garrantzitsua ETXERA aldarrikapena kalean ikusaraztea eta ozen aldarrikatzea, elkarbizitzan aurrera urratsak emateko, konponbidean jarri behar dugula preso, iheslari eta deportatuen auzia.
ETXERA Bai, etxean nahi ditugu. Eta helburu hori errealitatea izan dadin, den-denok behar zaituztegu. Zentzu honetan datorren abuztuaren 5ean, arratsaldeko 20:00etan Andra Mari Zuriaren Plazatik abiatuko den ETXERA manifestazioan parte hartzeko deialdia luzatu nahi diogu Arabako jendarteari. Guztion artean lortuko dugu!
Etxera, etxera eta etxera! Eskerrik asko!