Sare Herritarrak IX. batzar orokorra egin du Araian
Sare Herritarraren IX. batzar honi indar berrituta ekingo diogu, joan den urtarrilaren 13an Bilbon izandako mobilizazioaren arrakastaren ondoren. Izan ere, aldarrikapen demokratikoz bete genituen Bilboko kaleak eta euskal presoei ezarritako salbuespeneko espetxe arauei bukaera emateko milaka herritarren ilusioa eta esperantza sentitu genituen.
Beste behin ere, euskal gizartearen zati handi batek duen elkarbizitzarako gogo eta konpromezua argi geratu zen. Indarkerien zikloa itxi nahi dugu eta egiazko baketzea lortu, elkarbizitza eta konponbidea ekar ditzan, giza eskubideen eta bakearen kultura ezar dezagun. Indarkerien zikloa ez errepikatzeko benetako bermea litzateke hori.
Baikorrak gara. Aurrera goaz. Nahiko genukeen baino mantsoago, baina aurrera goaz. Euskal Herriko erakunde politiko eta judizialek diseinatu eta erraztu behar dute euskal presoak etxera itzultzeko ibilbidea. Euskal gizarteak definitu behar du hauen etxerako bidea. Eta horrek erabaki politiko ausart eta zuzenak eskatzen ditu. Horregatik, espetxe politikan eta politika judizialean salbuespeneko arauak desagertzea exijitzen dugu. Ez dira pribilegioak. Legezkotasun arrunta aplikatzea eta askatasunik gabeko pertsonei dagozkien eskubideak errespetatzea eskatzen dugu, ez besterik.
Batzar honek hortaz, bi lelo nagusi abian mantentzeko bultzadaz, eztabaidatuko du: SALBUESPENEN AMAIERA eta ETXERA. Bi helburuak osagarriak dira. Salbuespenei amaiera emanez, hainbat hamarkada espetxean daramatzaten presoentzako etxera biderako ateak irekiko ditugu.
Norabide horretan helburu hori sendotuko duten hainbat dinamika onartuko ditugu gaur, 2024an garatuko ditugunak, SAREren jaiotzaren X. Urteurrenarekin batera. Euskal jendarteari dei egiten diogu gurekin bat egin dezan eta bere eskuetan har dezan preso, iheslari eta deportatuen afera konponbidean jartzeko giltza. Denon artean badugu nahikoa indar helburu hori lortzeko: salbuespenen amaiera, legedi arrunta aplikatuz etxera bidean aurrera egin ahal izateko. Pribilegiorik gabe, baina baita, salbuespenik gabe ere.
Sare Herritarrak IX. batzar orokorra egin du Araian
📝Oharra: https://t.co/pVwbslZmvr #etxera pic.twitter.com/xTkrqY196D
— SARE_Konponbiderako #Giltzak 🔑 (@sare_herritarra) March 9, 2024