EAEko udalek egun hauetan, Euskalduna Jauregian 2020ko abenduaren 11n egindako adierazpenaren berrespena egiten ari dira
Gaur iragarri nahi dugu EAEko udalek egun hauetan, eta datorren apirilaren 21era arte, prozesu honi buruzko datu zehatzagoak emango ditugun egunera arte, Euskaldunan Jauregiak 2020ko abenduaren 11n egindako adierazpenaren berrespena egingo dutela.
Egun hartan, euskal gizartearen gehiengo handi bat ordezkatzen duten alderdi politikoek eta EAEko sindikatu guztiek euskal presoak hurbiltzeko plan bat egitea eta hauei legeria arrunta aplikatzea eskatu zuten. Aipatutako adierazpena udaletara bidaltzea akordioaren testuan bertan jasotzen da, berresteko; izan ere, sinatzaileek adierazi dute beharrezkoa dela konpromisoa sozializatzea eta ezagutaraztea.
Gainera, publiko egin eta berehala, testua Espainiako presidenteari eta EAEko lehendakariari bidali zitzaien, baita Espetxeetako Idazkaritzara, Nafarroako Gobernuko presidenteari eta Ipar Euskal Herriko Mankomunitateko presidenteari ere.
Gogorarazi nahi dugu adierazpenaren mezu nagusia, orain udalerrien babesa jasoko duena, Espainiako Gobernuari zuzenduta dagoela, eta hari helarazten zaiola EAEko gizartearen eta adierazpen hau sinatu dutenen babes osoa izango duela, euskal presoei legeria arrunta eta espetxe-politika normalizatua aplikatzeko beharrezko urratsak ematea erabakitzen bada.
Azpimarratu nahi dugu, beraz, adierazpen honek euskal gizarteak salbuespenezko espetxe-politika behin betiko gainditzeko egiten duen apustua osatzen duen adostasun politiko eta sindikala egiaztatzen duela.
Ongi baloratzen dugu Euskal Herritik gertuago dauden espetxeetara espainiar Estatuak mantentzen duen euskal presoen lekualdaketen dinamika, baina, ala ere, gogoratu nahi dugu ere euskal preso guztiak Euskal Herrira gerturatu arte ez dela urrunketa bukatuko.
Euskal presoen urruntzearen amaierarako urratsak begi-bistakoak diren honetan, oso positibotzat jotzen dugu bultzada berri hori, kasu honetan, udalerriek bultzatuko dutena, eta beste ekimen batzuk gehitzea espero dugu, hala nola, euskal gizartearen mobilizazioa, salbuespenezko espetxe-politikaren amaierari behin betiko bultzada ematen laguntzeko.