OHARRA: Aitor Zelaia eta Galder Barbadoren aurkako azken epaia dela eta
Joan den astean jakin genuen Aitor eta Galder Arabako gazteen aurkako azken sententzia.
Auzitegi gorenak berretsi egin du Auzitegi Nazionalak egotzi zizkien 4 urteko gartzela zigorra,
Sarek, bost urte iraun dituen ibilbide juridiko hau hasierako unetik salatu zuen bezala, azken epai hau salatu nahi du; atzera garaman sententzia da Galder eta Aitorri ezarritakoa, salbuespeneko politika atzean uzten ari garen garaiotan guztiz zentzugabea.
ETAk jarduera armatuari amaiera emateko erabakia hartu zuenetik 12 urte igaro diren arren, eta desegin zenetik bost urte igaro diren arren, badira etengabeko gatazkari eusten saiatzen direnak. Espainiar justiziak oraindik ere lekuz kanpo dauden zigorrak ezarten darrai “terrorismoaren” aitzakiapean.
Galder eta Aitorrek epailearen aurrean indarkeriarik gabeko estrategiarekin bat egiten dutela argi adierazi arren, eta froga irmorik gabeko epaiketa baten ostean, mendeku tresna gisa erabilitako justiziaren praktika salatzen dugu, duela 12 urte ireki zen itxaropen aroa kontutan hartzen ez duena. Urte luzez luzatu den indarkeriaren mamua betikotzeko jarrera nabaria da.
Espetxeen problematikari aterabidea eman eta sufrimendu guztiekin amaitzearen alde urratsak ematen ari garen honetan, honelako epaiek ez dute lekurik. Presondegiak betetzeak ez du inolako kabidarik elkarbizitzarako eta bakerako bidean.
Hala eta guztiz ere, edo, hain zuzen ere, horregatik, Sare Herritarra elkartetik adierazten dugu bakearen, bizikidetzaren eta konponbidearen alde lanean jarraitzeko borondatea dugula eta horretan jarraituko dugula burubelarri. Hori baita euskal gizartearen gehiengo zabalak guztioi eskatzen diguna.
Sarek bat egiten du epai hau salatzeko hurrengo egunetan deituko diren mobilizazioekin.