SARE HERRITAR SAREA, ETAPA BERRI BATEN AURREAN

SARE HERRITAR SAREA, ETAPA BERRI BATEN AURREAN

1. Euskal gizarteak 34 urte baino gehiago eman ditu urruntze politikaren amaiera eskatzen, ankerra eta gizagabea zelakoan, euskal presoak ohiko bizilekutik, familiengandik eta bizi-ingurunetik aparte egotera behartzen zituelako; halaber, oinarrizko eskubideen kontrako politika zela irizten zion, Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren arlo horretan duen jurisprudentzia finkatuaren arabera. Espetxe politika horrek min eta sufrimendu handia ekarri du, eta horrek denoi eskatzen digu haren biktima izandakoei erreparazioa ematea.

2. Baina urruntze politika hori gainditzeak ez du berekin ekarri euskal presoen eskubideen urraketaren amaiera. Ikusten dugunez, espetxe politikan arazo berriak daude, berezko botere politiko bilakatu diren fiskaltzak eta justizia auzitegiek sortutakoak. Horietako zenbaitek ezbaian jarri dute EAEko agintari eskudunek betetzen duten espetxe politika, eta, euskal presoen kalterako, zuzendu egiten dituzte espetxeetako tratamendu batzordeek hartzen dituzten erabakiak, gradu progresioen eta espetxe baimenei dagozkien erabakien aurka eginez.

3. Fiskaltza eta justizia auzitegiak, presoen alde jokatu beharrean irizpide juridikoetan oinarrituta, mendekuan, gorrotoan eta legezkotasunarekiko begirunerik ezean oinarritutako espetxe politika gogora ekartzen duten erabakietan oinarritzen dira.

4. Eusko Jaurlaritzak eskumena bere gain hartu zuenetik, hemezortzi hilabete daramatza bere espetxe politika garatzen. 42 presori onartu zaie hirugarren gradurako progresioa, baina 42 horietatik 28ren kasuan erabakiaren kontrako errekurtsoa jarri da eta hamabi espetxean sartu dituzte berriz, bigarren graduko erregimenean. Pertsona horietako batzuek hilabeteak zeramatzaten bizimodu normala egiten, lan merkatuan sartuta eta beren bizitza sozial eta familiarra zutela.

Justizia oztopatzen duen jarrera horren azken adibidea Ministerio Fiskalaren errekurtso berria da, Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak onartua, Joseba Arregi Erostarberen hirugarren graduaren aurka, eta berriz ere espetxean eta bigarren graduan sartzera behartzen du. 77 urteko eta 30 urtetik gorako presoa.

5. SARE herritarren sareak ez du inoiz eskatu inongo pribilegiorik preso hauentzat. Gure ustez hainbat urtez jasan dituzten eskubide urraketen bukaera ekarriko zuen espetxe politika aplikatzea besterik ez dugu eskatu. Eskakizun hori inpunitatearekin nahasten dutenei, nahita nahastu ere, gogorarazi ahal zaie batez beste 20 urte preso daramaten pertsonak direla, horietako batzuek 30 urte baino gehiago eman dutela espetxean.

6. Zigorra familiaren etxetik gertu betetzeko eskubidea onartu ondoren eta Euskal Herriko espetxeetan daudenez, gure ustez bukatu behar da politika hori, haien eskubideak errespetatuko lituzkeen espetxe jarduna eragozten duena, batez ere hamarkada batzuk preso eman ondoren baldintzapeko askatasuna edo erdiaskatasuna lortzeko eskubidea ukatzen zaien heinean.

7. Etxean nahi ditugu. ETXERA. Bai, etxera. Espetxe arloko legeek babesten duten eskakizuna da, ez baitute inola ere esaten zigorrak espetxeko hormen artean bete behar direnik azken egunera arte, araubide irekian betetzeko aukerarik izan gabe, gizartearekin harreman estuagoan bizitzeko aukera ukatuz. Eskakizun demokratiko bat da, eta salbuespeneko auzitegiek, Auzitegi Nagusiak berak, adibidez, ez lukete behin eta berriz boikotatu beharko.

Etxera bidea gertu, etxera itzultzeko bidea eta aukera izan behar da euskal presoentzat ez ezik erbesteratuentzat eta deportatuentzat ere.

8. Salatzen ditugu, beraz, beren togak mendekurako tresna bihurtu dituzten horiek, ederki asko dakitelako hartzen dituzten erabakiak legez kontrakoak direla, haiek diotenez defendatzen dituzten eta defendatu behar dituzten legeen kontrakoak.

Jarrera horren ifrentzua da Estatutik edo Estatuaren inguruetatik egin eta inoiz ikertu ez ziren hilketen, torturen eta agintekerien egileen inpunitatea; ikertu eta zigortu zirenean, gainera, zigorra hutsaren hurrengoa izan zen, eta berehala kitatua, isilean.

9. 12 urte baino gehiago igaro dira ETAk jardun armatua bukatzeko erabakia hartu zuenetik, eta lau urte baino gehiago desegitea erabaki zuenetik. Denbora nahikoa baino gehiago jarrerak eta legeak bakearen, bizikidetzaren eta konponbidearen zerbitzuan jar daitezen.

10. Oso urrutiko garaietara garamatzaten erabaki horien kontra eginez, salbuespeneko jarrera eta legeen amaiera eskatzen dugu, hala nola 5/2003, 7/2003 eta 7/2014 legeena, bai eta etxera itzultzeko bidea zabaltzea ere urte asko eta asko, legez eska daitekeena baino gehiago, askatasuna lortu ezinik daramatzaten pertsona horientzat.

11. Eskakizun honek ez ditu alde batera uzten, inola ere, gure herrian izan diren indarkeria guztien biktima guztiek sentitu behar duten elkartasuna eta begirunea, beharrezkoak baitira. Begirunea zor diegu denei, eta ez haien minaren erabilera alderdikoia, batzuek aurkariari jaurtitzen zaion arma gisa baliatzen baitute.

12.-Alde horretatik, SAREk lanean jarraituko du errelatoan jasota gera daitezen gure herrian gertatu diren eskubide urraketak. Eskubide urraketa guztiak aintzat hartuko dituen errelatoa izan dadin. Ezin da lehen edo bigarren mailako biktimarik egon. Guztien mina errekonozitu eta erreparatu behar da, hori baita modu bakarra gizartean bizikidetza eraikitzeko.

13. Horrexegatik, euskal gizarteari gure konpromisoa helarazi nahi diogu, bakearen, bizikidetzaren eta konponbidearen alde lan egitekoa; horretarako, bukatu behar dira salbuespeneko jokaerak, ETAren jarduna bukatu eta urte askotara, oraindik, euskal presoen eskubideak urratzeko baliatzen direnak.

Helburu horiek lortzeko, kontsentsuetan sakontzeko konpromisoa ere hartzen dugu, arlo politikoan, sindikalean nahiz sozialean.

Uste dugu hori bera dela gure herriaren irrika bizia: bidegabea izanik denontzat mingarria den egoerari amaiera ematea.