EAEko Administrazioak bi urtez garatu du espetxe-eskumena, SAREren balorazioa
EAEko Administrazioak bi urtez garatu du espetxe-eskumena, eta uste dugu nahikoa denbora dela datuetan oinarritutako balorazioa egin ahal izateko, garapen horrek ekarri duenari buruz eta, batez ere, haren ondorioei buruz.
2021eko urria prozesu baten hasiera izan zen, eta ikusmin positiboak sortu zituen garai berri bati hasiera emango geniolakoan. Garai berri horretan, espetxe-politika normalizatu batek bidea ireki beharko luke, euskal presoen kasuan eskubideen urraketa argiak ekarri dituzten eta eragiten jarraitzen duten hainbat hamarkaden ondoren. Beraz, eta berriro ere argi utzi nahi dugu, inolako pribilegio-eskaerarekin zerikusirik ez duen aldarrikapena dela gurea. Ildo horretan, interesgarria iruditzen zaigu gogoraraztea Jaime Tapia Eusko Jaurlaritzako espetxe-gaietarako aholkulariak, duela gutxi, ETAko kide izateagatik edo erakunde horrekin kolaboratzeagatik zigortutako presoei buruz esandakoa. “Baimenak izateko eskubidea badute, izan behar dituzte, erdi-askatasunean irten behar badute, irten egin behar dute, eta lehen ez bazen egiten, beste ikuspegi bat zegoelako zen”
Espetxe-politika eta -justizia baten beharrarekin lotzen da gure aldarria, non etsaiaren Zuzenbide Penala, EZ eskubidea dena, jarduera-arau izateari utziko dion.
Oro har, espetxe-eskumenaren garapenari buruzko balorazio itxaropentsua helarazi nahi dugu euskal presoei dagokienez.
Ildo horretan, gogoraraziko dugu 2021eko urriaren 1etik, Eusko Jaurlaritzak espetxe-politikaren kudeaketa bere gain hartu zuenetik, 3 gradura 846 progresio onartu direla, eta horietatik 16 Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak baliogabetu dituela, hau da, % 1,89. ETArekin lotura duten presoen kasu espezifikoan, 55etik 13 baliogabetu dira, eta 7 Fiskaltzaren helegitearen zain geratu dira. Hau da, % 24 baliogabetu dira, eta horrek alde ikaragarria dakar beste delitu mota batzuetako baliabideekin alderatuta.
Egia da, aurreko egoera batetik etorrita, non salbuespenak baitziren jarduteko arau komuna, EAEko espetxe-administrazioak izandako bilakaera geldoak, baina, gutxienez, eboluzioak, balorazio horretara garamatzala, non itxaropena zabaltzen baita, hainbat hamarkadatan zehar esparru horretan jasan den bidegabekeriaren aurrean.
Bi urte hauetako datuek bi gauza adierazten dizkigute, argi eta garbi.
Salbuespenezko espetxe-politika aplikatzen jarraitzen da. Duela 20 urte baino gehiago sortu eta onartutako “terrorismoaren aurkako borrokan” pentsatutako legediak jasaten ari gara, egungo egoerarekin zerikusirik ez duen legedia alegia. Bitxia badirudi ere, gaur egun, 2023ko urrian, ETAk 2011n bere jarduerak bertan behera utzi zituela eta 2018an desegin zela esaten jarraitu behar dugu. Eta hori ez da batere logikoa. ETA JADA EZ DA EXISTITZEN.
Jarraian helarazten dizkizuegun datuek gure balorazioa berresten digute:
• Tratamendu Batzordeek proposatutako eta Eusko Jaurlaritzak onartutako hirugarren graduen kopurua: 55
• Fiskaltzak aurkeztutako errekurtsoak: 31
• Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak berretsitakoak: 14
• Bigarren gradura eta espetxera itzulitako presoak: 13
• Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak ebatzi gabe: 4
• Fiskaltzak Lehen Sekzioan aurkeztutako apelazio-errekurtsoak, Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak berretsi ondoren: 6
Kontuan izan behar da Euskal Espetxe Administrazioak onartutako 55 hirugarren graduen artean 46 preso izan dira gradutan aurrera egin dutela. Kontuan izan behar da horietako batzuk birritan jaso dutela graduan aurrerea egiteko proposamena, honela, kasu honetan, balorazio positiboa egin daiteke Euskal Espetxe Administrazioaren jarrerari buruz, berriro proposatu baitute 3 gradura igarotzea, behin Ministerio Fiskalak errekurtsoa jarri eta gero, eta Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak errekurtso hori onartu ondoren.
Datu horiek behin baino gehiagotan esan duguna isladatzen dute. Urrutitik, ehunka kilometroetatik, fiskaltzatik eta Auzitegi Nazionaletik presoei buruzko erabakiak hartzen dituzte. Ez dakite ezer presoen benetako bilakaeraz eta ez zaie ezer axola. Ez dute aitortzen haien jardunak zuzenean alderatzen dituztela espetxeetako tratamendu-batzordeetako kideek, profesionalek hartzen dituzten presoen aldeko erabakiekin, haiek baitira preso horien bilakaera hobekien ezagutzen dutenak. Eta Euskal Autonomia Erkidegoko Espetxe Administrazioaren erabakiekin ere alderatzen dute.
Araua zentzuz eta malgutasunez aplikatzea da eska daitekeen gutxienekoa.
Oker dabiltza, 3. gradua erabateko askatasuna den ideiari eusten saiatzen direnek, zigorra betetzeko modu desberdin baten ordez. Zigorra betetzeko beste modu batzuk daude, espetxeko harresien barruan betetzen denaz gain. Espetxealdia, erdi-askatasunean edo erregimen irekian bete daiteke, eta hori da “euskal espetxe-eredu” deritzonaren ardatz nagusietako bat. Hain zuzen ere, Espetxeen Lege Organiko Orokorrak eta espetxe-araudiak betetzearen alde egiten duten modalitatea da. Oro har, adierazten dute 3 gradura iritsiko dela Zuzenbide Penala errespetatuz gizartean bizitzeko gai dela frogatzen duen preso oro. Arazoa sortzen da jarrera oso kontserbadoreetatik “espetxe-zigorra” eta “espetxean egotearen zigorra” nahasteko joera dagoenean.
Estatuko organo juridikoen jarduera blokeatzaileak sortzen duen kezka handia izanik ere, oro har aurrera egiten ari gara. Aurrerapen hori azkarrago egin nahiko genuke; izan ere, askatasunik gabeko pertsonak dira, urte askoko zigorrak betetzen ari direnak, eta, neurri hori hartuta, hirugarren gradura igarotzeko proposamena egin beharko zuketenak, aspalditik.
SAREren ustez, ezinbestekoa da, auzardiaz eta atzerapenik gabe, egoera normalizatzeko prozesu bati ekitea, bizi dugun unean kokatuta, gertatutakoaz ezer ahaztu gabe, baina behar diren neurriak hartuta, gainditutako indarkeriaren faseari behingoz bukaera emateko, minik sor ez dadin.
Dinamika desberdinekin jarraituko dugu, euskal gizartearen zati gero eta garrantzitsuago batera iristea ahalbidetuko dutenak, eskubideen eremuari eragiten dion egoera honen amaierarako konpromisoaren beharra helarazteko. Giza Eskubideaaz ari gara.
Testuinguru honetan, azpimarratu nahi dugu ikasturte hasieratik mobilizatzen jarraituko dugula, orain arte bezala, eta laster, urrian bertan, pertsona guztientzako giza eskubide guztien defentsan oinarrituta egon behar den elkarbizitzaren aldeko ekimen bat iragarriko dugu.