Azken ostirala. 2023ko iraila

Azken ostirala. 2023ko iraila

Uda joan da. Preso eta iheslarien etxeratze prozesuaren alde eta oraindik orain mantentzen den salbuespenezko politika bertan bera uzteko helburuarekin, Euskal Herri osoan burututako hamaika mobilizazio burutu dira hilabete hauetan.

Orain, ikasturte berriaren hasierarekin batera, berriro diogu ez dugula inongo pribilegiorik eskatzen. Salbuespena indargabetu eta lege arrunta aplikatuz, euskal preso guztiak etxera bidean jartzea besterik ez. Nekez uler daiteke, ETAren jardueraren amaieratik 12 urteren ostean eta bere desagerpenetik bost urte baino gehiago pasatu direnean, espetxetik irteteko zigor krudela ezartzea oraindik orain pertsona horiei. Euskal presoek bataz beste 20 urteko zigorrak bete dituzte eta badira preso batzuk 30 urte baino gehiago daramatzatela espetxean.

Auzitegi Nazionalaren eta fiskaltzaren jarrerek argi adierazten dute mendekuan eta gorrotoan gotorturik jarraitzeko hautua egin dutela. Nola uler daiteke bestela Aitor Zelaia eta Galder Barbado gazteek jasotako epaia? Iraganari begira eraikitako epaia da, gizarte honek gainditu baino egin nahi ez duena.

Etorkizunari eta elkarbizitzari ateak irekitzeko unea da, gehiengo politiko, sindikal eta sozialak argi eta garbi esan du konponbide bat behar duela preso, iheslari eta deportatuen auziak. Baina, Auzitegi Nazionala eta politika eta komunikabideen hainbat sektoreek hemen ezer aldatu ez balitz bezala jokatzen jarraitzen dute. Jarrera horiek ez dute betetzen espetxe-politika humanistaren legezko helburua.

Gogoratu nahi dugu ere 22 urte bete direla Iñaki Saez eta Asier Heriz dispertsioaren eraginez auto istripuz hil zirenetik. Iñaki, Asier eta dispertsioak eragindako gainontzeko 14ak ez dute oraindik aitortza ofizialik izan.

Euskal gizarteari, baita Espainiakoari ere, gure helburuak zein diren argi eta garbi azaltzen jarraitu behar dugu. Etxera. Bai etxera. Euskal gizarteak berak, alderdi politikoek, sindikatuek, gizarte-erakundeek eta
herritarrek izan behar dute salbuespenari eta arbitrariotasunari amaiera emateko giltza. Gutako bakoitzak badu bere esku gauzak aldatzea.

Denak etxean izan arte!

Etxera!