Itziar Ituño eta Joxe Mari Agirretxeren kontrako kriminalizazio kanpainaren aurrean SAREren oharra
“Konponbiderako Giltzak” milaka herritarren atxikipena jasotzen ari da, baita euskal gizarteko zein kanpoko hainbat arlotako erreferenteen babesa ere. Baina, badirudi, gizarte hau anitza dela ulerzeko gai ez direnei ez zaiela gustatzen euskal gizarteak konponbidearen eta bizikidetzaren giltzak izan nahi izatea, sufrimendurako ateak itxi eta elkarbizitzan oinarritutako gizarte baten esperantza zabaltzeko balio duten giltzak izan nahi izatea. Bai, gustatu ala ez, guztiok dugu eskubidea egoera bat desegin eta berreraikitzeko, gertatutakoa ahaztu gabe, etorkizunari itxaropenez begiratu ahal izateko.
Bagenekien oztopoz beteriko bidea izango zela hau. Tartean badira demokraziaz, justiziaz edota askatasunaz hitz egiten duten arren, beren pentsamoldearekin bat ez datozenen iritziak onartzeko gai ez direnak. Eta hau ezin da onartu.
Gaur, SARE Herritarra elkarteak joan den larunbatean, urtarrilaren 13an, Bilbon, euskal presoek dituzten eskubideen alde eta indarkeriaren biktimei babesa eta elkartasuna helarazteko asmoz egin zuen manifestazioan parte hartu izanagatik, kriminalizazio kanpañaren jo puntu bihurtu da Itziar Ituño aktorea. Atzo, Joxe Mari Agirretxe “Porrotx” izan zen. Bihar, manifestazio, iritzi edo adierazpen eskubidea erabili nahi duen beste edozein pertsona izan daiteke.
Ezin gara isilik geratu, lintxamendu publiko honek dakarren bidegabekeriaren aurrean. Horregatik, ozen salatzen dugu egoera hau eta bidegabekeria hau jasaten ari direnekin bat egiten dugu. Honela, duela egun batzuk Bilbon 70.000 lagunek defendatu eta aldarrikatzen genituen helburuak lortzeko lanean jarraitzeko erabakia berresten dugu.
Egoera honek guztioi eragiten digu, euskal presoen egoerari buruz dugun jarrera eta ideologia edozein delarik ere. Eskubideei buruz ari gara. Adierazpen askatasunerako eskubideaz, eta eskubide hori baliatzeagatik jazartua eta kriminalizatua ez izatearen eskubideaz.
Horregatik, gure ustez, erakunde publikoek ere, oinarrizko eskubideei eragiten dieten egoeretan, hauek babesteko jarrera hartu beharko lukete. Eta guzti honi erantzun bat eman.
Behin eta berriz errepikatuko dugu, konfrontazioari ateak ixteko eta adiskidetutako gizarte baten itxaropenari ateak zabaltzen hasteko garaia dela eta konponbiderako urratsak emateko konponbiderako giltzak izaten jarraituko dugu.