Urriaren 8a, SAREk aurtengo urtean egingo duen mobilizazio eta jaialdi handiena izango da

Urriaren 8a, SAREk aurtengo urtean egingo duen mobilizazio eta jaialdi handiena izango da

Dakizuen moduan, hemendik aste gutxitara, urriaren 8an hain zuzen, Sarek aurtengo urtean egingo duen mobilizazio eta jaialdi handiena antolatu du, hemen Donostian. “Etxera bidea gertu!” lelopean egun osoko egitaraua izango dugu, adin tarte guztientzat aproposa.

Egun berezi honen bitartez bi mezu nagusi helarazi nahi ditugu; batetik, leloak dioen moduan, euskal presoak etxetik gero eta gertuago daudela eta herritarrok ere etxeratze prozesu hori gauza dadin gertu = prest gaudela. Gertutasun hori aurrerapauso garrantzitsua dela adierazi nahi dugu eta eskerrak eman bide horretan aktibo izan diren pertsona guztiei, guztion artean aurrerako urrats hori ospatuz. Bestetik, lortutakoari garrantzia kendu gabe, oraindik ere salbuespenarekin guztiz amaitzeko bidea egiteke dugula gogorarazi nahi dugu eta herritarrok bide hori egiten jarraituko dugula erakutsi. Horretarako, Izan Bidea dinamikaren baitan gure buruei 3.127. 326km egiteko ezarritako erronkari amaiera emango diogu, azken kilometroak Donostiako kaleetan eginaz eta, ondoren, Ilunbera eramango gaituen manifestazio koloretsu bati ekingo diogu, azkenik jaialdiari paso emateko.

Aldarrikapena eta festa batu nahi ditugu, beraz, urrunketaren aurka urte luzeetan elkartzen joan garen herritar oro Donostian batuz.

Baina, gaurko agerraldi honekin, bereziki egunaren nondik norakoak azaldu eta azken deialdia egin nahi dugu. Horregatik elkartu gara hemen, Ilunben eta horregatik daude gaur hemen gurekin urriaren 8ko jaialdian parte hartuko duten hainbat artista.

Esan bezala, goizeko 11.00etan emango diogu hasiera egunari, eta Donostia inguruetako herrietako kideekin egingo ditugu azken kilometroak, Bulebarretik Pio XIIra. Kolorezko lau zutabe osatuko ditugu Bulebarrean batzen garen kideen artean, azken kilometro hori batera egin asmoz. 12:00etan Pio XIIra iristean gainontzeko herritarrekin batu eta manifestazio musikatuari hasiera emango diogu, Ilunbera bitarte. Ilunben, irakurketa nagusia egin eta jaialdiari hasiera emango diogu, goizalderarte luzatuko dena.

Txosnen gunea, bazkaltzeko zerbitzua, haurrentzako gunea eta kontzertu eskaintza anitza izango ditugu Ilunben arratsalde osoan zehar;
• Taloak, bokatak, paella, kale animazioa…
• Haurrentzako eskaintza Porrotx eta lagunen ikuskizunarekin, oreka jolasak, tirolina, aurpegi margoketa… eta gehiago izango dituen gune iraunkor batekin.
• Ilunbe barnealdean kontzertuen eskaintza 15:30etik aurrera hasiko da, Maddalen Lujanbio, Amets Arzalluz eta Eñaut Elorrieta izango direlarik jaialdiari hasiera emango diotenak.
• Beste hainbat artista eta talderen ikuskizunaz ere gozatu ahal izango dugu: Belako, Rotten XIII, Esne Beltza, Su Ta Gar, Zea Mays, Liher, Sua, Doctor Deseo, Josu eta Gari (Hertzainak), Dupla, Andoni Oilokiegi, Trikidantz…

Jaialdirako sarrerak oraindik ere eskuragarri dituzue sare.eus web orrialdean (sare.eus/urriak-8) eta, bertaratzeko eta itzultzeko, autobusak izango dira: Araban (Aiaraldea, Errioxa, Gasteiz, Gorbeialdea), Bizkaian (Bilbo, Busturialdea, Durango, Ezkerraldea, Hego Uribe, Lea Artibai, Uribe Kosta), Gipuzkoan (Debagoiena, Debabarrena, Urola kosta, Tolosaldea, Goierri) eta Nafarroan (Agoitz, Baztan, Bortziriak, Malerreka, Iruñerria, Tafalla, Lizarra, Sakana, Mendialdea).

Aukera anitza eta eskaintza zabala dugu beraz urriaren 8an adin tarte guztientzat aproposa. Aldarrikapena eta ospakizuna bateratuz, elkar gaitezen Donostian Etxera bidea gertu dela eta Etxera bidea egiten jarraitzeko prest gaudela erakusteko. Erreserbatu eguna zuen agendetan, eskuratu zuen sarrera eta izena eman autobusetan. Batu gaitezen urriaren 8an den-denok Donostiako kaleetan. Bai ala Bai, urriaren 8an Donostiara!