Salbuespen legedia salatu eta bertan behera gera dadin eskatu dute Bilbon egin den manifestazioan

Salbuespen legedia salatu eta bertan behera gera dadin eskatu dute Bilbon egin den manifestazioan

BILBO MANIFESTAZIOA: IRAKURKETA KONPARTSAK

Aurtengoan ere, Covid-19a dela eta, bilbotarrok ezin izan dugu gure Aste Nagusia nahi moduan ospatu. Mari Jaiak dakarzkigun poza eta alaitasuna pandemia egoera honek ilundu ditu, baina ez ditu itzali. Egun hauetan hala ikusi ahal izan dugu eta gaurkoa ere horren adibidea da.

Konpartsetako kideok buru-belarri aritu gara egun hauek ekimen eta kolorez betetzen, bilbotarrok eta baita inguruko guztiek ere egun berezi hauek gozatu ahal izateko. Eta gaurkoan ere, urtero moduan, hemen egon ezin duten horien eskubideak ekarri nahi izan ditugu erdigunera.

Euskal preso, iheslari eta deportatuen egoera, oraindik ere, aurtengo Aste Nagusia moduan, ezohikoa izaten jarraitzen baitu, salbuespen legediaren ondorioz. Konpartsetako kideok egoera hau salatzeko tartea hartu nahi izan dugu, egoera honekin amaitzeko ordua dela uste baitugu. Horretarako, herritarron aktibazioa behar-beharrezkoa da, gutako bakoitzaren konpromisoa eta elkartasuna egoera aldatzeko bultzada baita.

Konpartsetako kideok gaur kalera irtetea erabaki dugu euskal presoei oraindik aplikatzen zaien salbuespen-legedia desagertu egin behar dela aldarrikatzeko. Salbuespen-legedi horrek presoen oinarrizko eskubideak urratzen jarraitzen du eta oztopo bat da euskal preso guztiek egin behar duten etxera itzultzeko prozesua gauzatzeko. Horregatik, herritarrak animatu nahi ditugu bidea egitera egoera honi amaiera emateko, gu, herritarrak garelako aldaketarako bultzada.

Milesker guztioi hemen gurekin bat egiteagatik. Jarrai dezagun bidea egiten!

BILBO MANIFESTAZIOA: IRAKURKETA SARE

Lehenik eta behin, eskerrik asko guztioi; batetik, gaurkoan ere gurekin bat eginez hemen elkartzeagatik. Bestetik, mila esker urte hauetan izan duzuen konpromisoagatik, zuen elkartasunagatik eta zuen aktibazioagatik. Hori gabe ez ginatekeen sekula honaino iritsiko. Ekimen eta ekintza txiki bakoitzarekin, kalera irten den pertsona bakoitzari esker, antolatu garen herri eta auzo bakoitzean sortutako dinamikei esker, aldaketaren motorra garela erakusten ari gara; elkarbizitzan aurrera egin, eta bakea ipar duen motorra.

Ikasturte berezia izaten ari da 2021. urtekoa. Iaz hasi zen mundu mailako pandemiak ekarritako egoera honek gure bizimoduetan aldaketa nabarmenak eragin ditu, bai, baina esan beharra dugu, euskal presoen auziari dagokionean, etorri diren aldaketek argi izpi bat ere ekarri dutela urte zail honetan.

Hamarkada luzeen ostean, urruntze politikarekin amaitzeko urrats esanguratsuak eman dira eta hori bereziki senide eta lagunen zama arintzeko ezinbestekoa izaten ari da. Horrez gain, lehen urrats garrantzitsua da euskal presoek garatu beharreko etxeratze bidea aurrera eraman ahal izateko ere. Baina ez da nahikoa. Batetik, oraindik ere Euskal Herritik kanpoko espetxeetan jarraitzen duelako presoen gehiengoak, eta, bestetik, graduen progresioa preso guztiei era normalizatuan ezartzea prozesu hori garatzeko behar-beharrezko tresna delako. Salbuespen legedia bere horretan bertan behera geratu ezean, ordea, normalizazio hori, legedi arruntaren ezarpena alegia, ez baita emango.

Horregatik, egoera berri honek zabaldutako bidean urratsak ematen jarraitzeko, salbuespen legedia atzean utzi eta graduen progresioa gauzatu dadin, mobilizatzen jarraitu behar dugu. Gaur Bilbon batu gara, lehenago, udan zehar, Iruñean, Gasteizen eta Donostian egin diren mobilizazioei testigua hartuz. Ibilian-Ibilian etxerako bidean lelopean mobilizazio ugari antolatu ditugu eta antolaketa lan horretan jarraituko dugu datozen bi hilabeteetan ere; batetik, herrialdez herrialde egingo diren martxa ibiltariekin eta bestetik, urriaren 23an Donostian egingo dugun Manifestazio Orokorrarekin.

Ibilian jarraituko dugu, preso guztiak etxera ekartzeko, bizikidetza eta bakerako bidea egiten.

Jarrai dezagun Ibilian-Ibilian, etxerako bidean.