Prentsa-ohar honen bitartez, urtarrilaren 8an Bilbon egingo den manifestazioaren aurretik Euskalduna Jauregian goizean egingo dugun ekitaldiari buruzko informazioa aurreratu nahi dugu.

Prentsa-ohar honen bitartez, urtarrilaren 8an Bilbon egingo den manifestazioaren aurretik Euskalduna Jauregian goizean egingo dugun ekitaldiari buruzko informazioa aurreratu nahi dugu.

Urtero urtarrilean Bilbon egiten dugun manifestazio jendetsuaren aurkezpenean aurreratu genuen moduan, manifestazioa baino ordu batzuk lehenago, goizean zehar, ekitaldi bat egingo dugu Euskalduna Jauregian, hainbat pertsonalitate eta ordezkaritza politiko, sindikal eta sozialarekin.

Ohar honen bidez, goizeko 10.30etan hasiko den ekitaldiari hasiera indarkeria anitzeko hainbat bikitimak osatutako mahai-inguru batekin emango diogula iragarri nahi dugu, moderatzaile lanetan Pili Kaltzada kazetaria izango delarik.

– Robert Manrique, ETAren biktima (Hipercor)
– Naiara Zamarreño, ETAren biktima (Manuel Zamarreñoren alaba)
– Rosa Lluch, ETAren biktima (Ernest Lluchen alaba)
– Maider García, GALen biktima (Juan Carlos Garcíaren alaba)
– Idoia Zabalza, polizia- eta estatu-indarkeriaren biktima (Mikel Zabalzaren arreba)

Mahai-inguru hau streaming bidez ikusi ahal izango da. Mahai-inguruaren ondoren, Sareko bozeramaileek elkarbizitzarako bidean aurrera egiteko beharrari buruzko hausnarketa labur bat partekatuko dute, enpatian, erantzukizunean eta sufrimendu guztien aitortzan eta errespetuan oinarrituta. Halaber, elkarbizitzarako eta bakerako bidean aurrera egiten jarraitzeko, euskal presoak etxera itzultzeko prozesuan aurrera egitearen beharrezkotasuna ere azpimarratuko dugu.

Saretik uste dugu jendarteak, Euskal Herrian suntsitu eta eraitsi diren hainbat eta hainbat zubi berreraiki behar dituela eta elkarbizitzaren alde borondateak batu behar dituela.

Horregatik, gure herrian izandako indarkeria desberdinen biktima izan diren pertsonei ahotsa eman nahi diegu. Biktimei buruz asko hitz egiten da, bada baita haien izenean hitz egiten dutela dioenik ere, baina garrantzitsuena haiekin hitz egitea da, entzutea eta babesa ematea.

Horixe da Sareren nahia: elkar enpatizatzea, bestearen sufrimendura hurbiltzea, aurrera egitea, elkar ezagutzea eta politikoki inoren mina inoren aurka ez erabiltzea.

Hori izango da Sarek elkarbizitzaren alde jarraituko duen bidea.

Ekitaldi honen ondoren, Sarek bizi dugun uneari buruzko barne-hausnarketa baten ondorioak argitaratuko ditu, baita konponbidearen, bizikidetzaren eta bakearen bidean erabilgarri izateko beharra ere.

Dokumentu luze bat izango da, baina espetxe-politikaren elementu distortsionatzaile guztiak ez ezik, indarkeriaren biktimei eman beharreko tratamenduaren inguruan, memoriaren kontakizunaren inguruan, egungo egoeraren datuen inguruan… hausnartu eta elementu desitxuratzaile guztiak aztertzen dituena. (ekitaldian, ildo orokorrak baino ez ditugu adieraziko).