Abuztuaren 26an Manifestazioa Bilbon

Abuztuaren 26an Manifestazioa Bilbon

Beste behin ere, hemen gaude, Bilboko Aste Nagusian, “etxera bidea gertu!” lelopean antolatu dugun manifestazioaren berri emateko. Beste urte batez, Bilboko konpartsak eta Sare Herritarra elkarlanean antolatu dugu. Tamalez, oraindik mobilizazio hau deitu beharrean gaude, oraindik presoen eta iheslarien egoera normalizatzeko pauso asko eman behar direlako.

Azken bi urteetan, batez ere, pauso garrantzitsuak eman dira salbuespenezko neurri guztiak amaitzeko bidean, baina ez guztiak. Atzean utzi ditugun arren lehen gradua, isolamendu eta urrutien dauden kartzelak, oraindik 58 preso daude Espainiako eta Frantziako kartzeletan, eta hori da azpimarratu nahi dugun lehen eskaera: denak EHan egon beharko lukete, hori baita senide eta lagunen sufrikarioarekin amaitzeko pausorik garrantzitsuena.

Bestetik, asko dira, baldintza guztiak bete arren, baimenak eta 3.graduak ukatzen zaizkienak. Bide horretan, dagokien ibilbidea oztoporik gabe eta eskaera gehiagoturik gabe emateko eskatu nahi dugu, egun indarrean den legedia betez. Legez kanpo dauden eskaerak alde batera utzi eta gainontzeko presoei ezartzen zaizkien baldintzak eskatzea aldarrikatu nahi dugu. Baita ere, pixkanaka, iheslari eta deportatuen kasuak konpontzeko.

Horregatik, datorren abuztuaren 26ean, 13.00etan Plaza Eliptikotik abiatuko dugu manifestazioa, eta bertaratzeko deia egiten dugu Bilboko konpartsek eta Sare herritarrak. Jaiak denon artean gozatu, baina eskubideak aldarrikatu!