SARE HERRITARRA – 2021eko uztailaren 1etik 2022ko abuztuaren 1era bitarteko balantzea

SARE HERRITARRA – 2021eko uztailaren 1etik 2022ko abuztuaren 1era bitarteko balantzea

Aurreko urteetan egin dugun bezala, agerraldi honen bidez euskal presoen egungo egoerari buruzko balorazioa egingo dugu.

Duela urtebete, garai honetan, baikorrak izatera gonbidatzen gintuen egoera batean geunden. Izan ere, euskal preso guztien hurbilketa ematen ari baitzen eta horrek nolabaiteko urruntze politikaren lehen atal baten amaiera adierazten zuelako.

Egiari zor, joan den urteko uztailaren 1etik, hau da, Andaluzia, Galizia, País Valencià eta Murtziako kartzelen erabilerari amaiera eman zitzaionetik, alegia, urrunen dauden kartzelei, bilakaera motela izan dela, baina positiboa adierazi behar dugu. Bitarte honetan geldiune luzeak eman dira, baina baita arestian ere mugimendu berriak eta hori dela eta, 0 Kilometrora hurrengo hilabeteetan iritsiko garelakoan gaude eta ordurako ere preso horien zati handi bat Euskal Herriko espetxeetan egotea espero dugu.

Esperientziak erakusten digu Espainiako Espetxe Administrazioaren mende dauden mugimendu hauek trabatu egiten direla, eta beraz, temati indar egiten jarraitu behar dugula erabat eta lehenbailehen errespeta dadin dagoeneko gehiengo politiko zabalak inolako zalantzarik gabe eskubidetzat jotzen duena: zigorrak norberaren bizilekutik hurbilen dagoen espetxean bete behar direla.

Izan ere, Gobernuko presidenteak espetxe-politikaren aldaketa eta urruntzearen amaiera iragarri eta lau urtera, oraindik ere preso horien % 28, 47 pertsona, etxetik urrun daude.

Hona egungo egoera:

Gasteiz jatorrizko erreferentziatzat hartuta,

. 2 Villabonan (350 kilometrotara)
. 1 Burgosen(115 kilometrotara)
. 2 Darocan (350 kilometrotara)
. 8 Dueson (130 kilometrotara)
. 8 Dueñasen (210 kilometrotara)
. Leonen (295 kilometrotara)

  • 2 Estremeran (380 kilometrotara)
  • 2 Sorian (195 kilometrotara)
  • 3 Topasen (355 kilometrotara)
  • 4 Zueran (290 kilometrotara)

Kilometro guzti hauek 40 minutuko bisita egiteko soilik.

Beraz, tamalez, ezin dugu oraindik esan urruntze-politika amaitu denik.

Hala eta guztiz ere, aurten espero dugu presoen eta senideen eskubideen urraketaren kapitulu negargarri hau ixtea eta gure ahaleginak aurrerago aipatuko ditugun beste helburu batzuetara bideratzea.

Balantze honetan ezin dugu ahaztu euskal presoek Frantziako espetxeetan pairatzen duten egoera. Hogei preso hauen egoera (hauetako batzuk betiko espetxe-zigorra dute) salagarria da, eta halaxe egiten ari dira Bake Bidean elkarteko gure kideak, Bakearen Artisauekin batera.

Ondo dakizuenez, eskubideen urraketez edo salbuespenezko espetxe-politikez ari garenean, ez gara soilik urruntzeaz ari. Badira eskubideak urratzeko eta Espetxeen Lege Orokorra eta haren arauak eta erregelamenduak ez betetzeko beste modu batzuk. Azken finean, gaur egun ere salbuespena da espetxeetako administrazioaren jarduera-araua.

Izan ere, urte hau bere aurpegirik txarrena erakusten ari zaigu gure lanaren beste alor batean: legeria arruntari jarraiki, euskal presoak gizartera itzultzea edo, zehatzago, etxera itzultzea lortzea, salbuespenezko legeria den armiarma-sare horretan harrapatuta geratu gabe.

Urte etsigarria izan da, baina urrats txikiak eman dira. Pertsona horietako batzuek baimenen erregimenean sartzea lortu dute, eta beste batzuek hirugarren gradura progresatu dute edo erdi-askatasunezko erregimen batera, eta hori, ezinbestean, positiboki baloratu behar dugu.

Arazoa sortzen da etxera itzultzeko prozesu hori zenbait organo eta administrazioen ekintzek oztopatzen dutenean, eta hori gertatzen da, hain zuzen ere, salbuespenezko legeria hori indarrean dagoelako eta Auzitegi Nazionala da indarrean jarraitzearen erantzule. Izan ere, kasu guztiek hauetako instantziaren batean amaitzen dute: ANren fiskaltzan, Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralean edo ANren Zigor arloko Salan.

Hiru instantzia judizial hauek, ñabarduraren bat edo besterekin, normaltasuneranzko edozein aurrerapauso blokeatzeko jarreran ainguratuta daude. Auzitegiek herritarren eskubideak, baita espetxean dauden pertsonen eskubideak ere, bermatu beharko lituzkete baina ez dira eginkizun hori betetzen ari.

Laburbilduz, itxi egiten dira presoek baimenak izateko aukeraren aurrean, itxi egiten dira pertsona horiek erdiaskatasuneko erregimenera aurrera egiteko aukeraren aurrean eta itxi egiten dira preso orok dituen espetxe-onuren ondorioz zigorrak murrizteko aukeraren aurrean.

Datu objektibo gisa, eta espetxean emandako denbora kontuan hartuta, euskal presoen %90 espetxe-baimenak jasotzeko baldintzak betetzen ditu, baina 30 edo gutxiagok lortzen dituzte.

Gauza bera gertatzen da hirugarren gradura eta erdi-askatasunera egindako progresioekin: espetxean emandako denbora kontuan hartuta, 80 preso inguru leudeke egoera horretan, baina ez daude 20 baino gehiago.

Inozokeria litzateke egoera hori arrazoi juridikoen ondorioz gertatzen dela interpretatzea.

Hori bultzada politikotik egiten ari da organo judizialetan, eta duela egun batzuk esan genuen bezala, Audientzia Nazionala. eskuin mutur politikoaren organo juridiko bihurtu delako.

Eta justiziaren itxikeria eta politizazio hau Euskal Herritik 400 kilometrora eta salbuespeneko organo judizial bateko epaile eta fiskalen esku dauden instantzia judizialen errua da. Epaile eta fiskal horiek ez dute herri hau ezagutzen, ez dute euskal gizartearen sentimendua ezagutzen, eta ez diete jaramonik egiten Tratamendu Batzordeek, espetxeetako zuzendaritzek, teknikariek eta euskal presoen bilakaera ezagutzen duten pertsonek egiten dizkieten gomendio eta proposamenei. Are gehiago, Espetxe Administrazioak aitortutako askatasuna bertan behera uztera ere ausartu dira, Fiskaltzaren errekurtsoa onartu edo ez erabaki aurretik.

Botere publikoen esku hartzeko modu hori inolako zalantzarik gabe krudela eta legez kanpokoa dela esan beharra dugu.

Herrialde baten kalitate demokratikoa neurtzen duen ezaugarrietako bat espetxean dauden pertsonak tratatzeko modua da, hain zuzen ere. Eta Espainia ez da alor honetan kalitate demokratikoari buruzko irakaspenak eman ditzakeen estatua.

Ildo horretan, SARE Herritak positibotzat jo behar du presoengandik gertuen dauden beste erakunde batzuk salbuespenezko legeriaren ondorio kaltegarriak saihesteko egiten dituzten ahaleginak. Legeria hori era desberdin batean inerpretatua izan ezean, indargabetu egin behar da, bestela pertsona horietako batzuk ezingo dute aske atera bizirik.

Mendekuaren eta irizpide politikoen aurrean, justizia zorrotzeko irizpideak aplikatu behar dira, gizartera itzultzeko erabateko gaitasuna duten pertsonak espetxeetan zentzurik gabe ez daitezen usteldu.

Espetxe-legeria arruntaren oinarrizko irizpidea da hau, eta euskal presoentzat indarrean dagoen irizpidea ere izan behar du.

Ez dugu inolako pribilegiorik eskatzen. Salbuespenaren amaiera eskatzen dugu. Terrorismoaren aurkako burrukan oinarritutako irizpideak erabiltzearen aurka gaude, bereziki ETAren jarduera desagertu zenetik hamaika urte eta desegin zenetik lau urte baino gehiago igaro direnean.

Ziur gaude euskal gizartearen gehiengoak, hau da, iraganeko koordenatuetan ainguratuta ez dauden pertsona guztiek, eskerrak ematen dizkietela normalizazioaren eta bizikidetzaren alde lan egiten duten administrazioei.

Pertsona horiek gizartera itzultzeko baldintza drakonianoak ezartzen dituen legeria baten aurrean pasibo egotea arduragabekeria da, batez ere kontuan hartzen badugu hamabost, hogei, hogeita bost eta 30 urte baino gehiagoko espetxe-zigorra bete duten eta urte luzez beren eskubideetako asko urratzen dituen espetxe-politikaren menpean egon diren pertsonez ari garela.

Horregatik guztiagatik, espetxean dauden pertsonei oinarrizko eskubide hauek aitortzea eskatzen dugu:

1.- Zigorra ohiko bizilekutik gertu betetzeko eskubidea.

2.- Familia-bizitzaz gozatzeko eskubidea, espetxean dauden pertsonei ere badagokiena.

3.- Bizitzeko eskubidea, osasunerako eskubidea bermatzen diena, bereziki beren bizitzarako arrisku nabarmena eragin dezaketen gaixotasunak dituzten pertsonei.

4.- Zigorra denboran ez luzatzeko eskubidea, bestela zigor horiek betiko kondena bihurtzen dira. Horretarako, ezinbestekoa da Europar Batasuneko beste estatu kide batzuetako espetxeetan betetako aldiak zigorretan zenbatuak ziren auzitegien jurisprudentziara itzultzea.

5.- Gure herriaren normalizazioa eragozten duen salbuespenezko legeria ororen amaiera.

Berandu gabiltza. Aspaldi gertatu behar zuen normalizazio honek. Bakoitzak bere erantzukizuna du, eta guk geure gain hartzen dugu gurea: salaketaren eta mobilizazioaren bidez gogoraraztea askatasunik gabeko ia 200 pertsona egoteak, egungo egoeran, ez duela inolako justifikaziorik.